Josean Bengoetxea. Aktorea

«Beti aldaketan bizi gara aktoreok, baina horixe da nik nahi dudana»

'Ander' filmeko protagonista izan zen 2009an, eta etzitik aurrera Telmo Esnalen 'Urteberrion, amona!' laneko Kintxo izaten hasiko da. Bolada gozoan harrapatu du krisialdiak Josean Bengoetxea.

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Aktoreentzat garai ona ez izan arren, azkeneko urteetan gelditu gabe ari da han eta hemen lanean Josean Bengoetxea (Donostia, 1964); gustuko proiektuetan, gainera. Inoiz egin den euskarazko filmik saritu eta laudatuenetako batean —Roberto Castonen Ander— protagonistaren rola jokatu zuen duela bi urte, eta etzi Telmo Esnalen Urteberri on, amona! filmeko Kintxoren larruan sartuko da. Bien bitartean, antzerkia egin du Madrilen; Maru Soloresen Camera Obscura eta Mariano Barrosoren Lo mejor de Eva film oraindik estreinatu gabeetan parte hartu du —Leire Berrocal eta Victor Clavijorekin batean, Leonor Watling eta Miguel Angel Silvestrerekin bestean—; rol txiki bat izan du Alex de la Iglesiaren Balada triste de trompeta-n… Eta udan berriro ere Roberto Castonen aginduetara egingo du lan, haren Los tontos y los estúpidos film luzean, Emma Suarezen ondoan.

«Zortea izatea eta erabaki egokiak hartzea» da aktore lanetan gustura aritu eta aurrera egiteko biderik zuzenena, Bengoetxearen iritziz. «Erabaki potoloak eta ausartak hartu izan ditut, eta zorteak ere lagundu dit». Ander filmatzean gertatu zitzaiona du bereziki gogoan, horretaz ari dela. «Baziren irudi gogorrak, biolentoak, niri barne gatazka bat sortzen zidatenak. Pertsonaiak fisikoki eta psikologikoki biluztea eskatzen zidan. Baina neure buruari esan nion: 'Hementxe daukak beste pausotxo bat emateko aukera ederra'. Aktoreok segurtasun gutxirekin bizi gara, beti aldaketan, baina horixe da nik nahi dudana: aldaketak. Zerbaitek beldurrik handiena eta segurtasun faltarik handiena sentiarazten didanean, hantxe egoten da ate bat, irekitzeko eta jakiteko zer dagoen horren atzean, aurrera egiteko».

«Gidoia irakurri nuenean, berehala jabetu nintzen hor kristoren pelikula zegoela», dio Ander gogoratzean. «Gidoia biribila da. Oso xume idatzia, lau hitzekin eta isiltasun askorekin… Telebistarekin ohituta gaude, eta segundo oro akzioa eskatzen dugu, edo agertzen denak hitz egitea… Baina kontatzeko beste modu batzuk ere badaude, eta Ander-en kasuan hasieratik ikusten zen adibide polita izango zela. Irudia hor dago, eta badu indarra. Ez da derrigorrezkoa testuak adieraztea dena. Aktoreek gauza asko esaten dituzte mugitzen direnean… Uste dut hori oso ondo islatuta dagoela pelikulan. Gidoi txar batekin ezin da pelikula onik egin. Gidoi on batekin ez da segurua, baina aukera badago behintzat. Eta apustua egitea erabaki nuen».

Euskal Herriko areto komertzialetan ez dute estreinatu Ander, eta ez da erraza izango inoiz horretara iristea. «Asko izan daitezke estreinaldirik ez izateko arrazoiak. Azpidatziekin eman beharko litzateke, hori argi zuen zuzendariak hasieratik, eta Euskal Herrian eta Espainian aurreiritzi handiak daude azpidatzien aurka. Gainera, filma artistikoki oso berezia da, krisialdiak ere ez du laguntzen… Baina, hori guztia esanda ere, argi dago bere publikoa badaukala. Alemanian, Belgikan, Taiwanen eta beste hainbat herrialdetan zabaldu da. Baita Italian ere, nahiz eta han, hemen bezala, bikoizteko joera duten, azpidatziak erabili beharrean… Sariak, berriz, non-nahi jaso ditu».

Udan lan egingo du berriro ere Roberto Castonekin, Los tontos y los estúpidos film luzean. «Film korala da, eta pertsonaia guztiak bi multzotan banatzen ditu: tentelak eta ergelak. Filma bukatu ahala, erabaki behar duzu pertsonaia bakoitza zein multzotakoa den. Komedia da, baina oso komedia berezia izango da; Robertoren ikuspegia kontuan hartuta, haren betiko gaiak agertuko baitira: bakardadea eta erruduntasun sentimendua. Nik gaiztoarena egingo dut: lege zaharreko euskaldun tradizional burgesarena». Euskal Herrian filmatuko da gehiena, bai Hego Euskal Herrian eta bai Ipar Euskal Herrian, abuztuan hasita, eta, hizkuntza nagusia gaztelania izango bada ere, euskara ere agertuko da.

Etzitik aurrera, Kintxo

Aurretik, Kintxoren rola jokatuko du Bengoetxeak Telmo Esnalen Urteberri on, amona! filmean. «Gainetik ezin kendu dugun amona gogorra dugu hor. Zahar etxera eraman eta ihes egingo du. Amonaren bilobaren senarra izango naiz ni. Komediatik asko du, baina erdi aldetik aurrera nik uste dut filmak komediarekin zerikusi handirik ez duela izango. Ondo egiten bada, arrakasta handia izango duelakoan nago».

Euskal Herritik irten beharrik gabe eta euskaraz horrelako proiektu batean parte hartzeak «sekulako ilusioa» sentiarazten dio Bengoetxeari. Baina badaki euskarazko zinemagintzaren zailtasunen berri. «Garai batean ematen zuen bultzada bat bazegoela, industriarekin lotutako ikuspegi batetik emana. Badirudi ikuspegi hori badagoela oraindik, baina… Krisialdia ez da bakarrik hemengoa, eta horrek ere izango zuen eraginik, bainauste dut gauzak politikoki ere ez direla ondo egiten ari. Aldaketa politiko hauekin guztiekin, beti gauzak berritzen ari dira. Orain, adibidez, Kulturaren Euskal Kontseilua ere dena berritu dute. Beti jende berria dago kultur politikan, eta ez da oinarri sendo bat jartzen, ez dago epe luzerako planifikaziorik».

Euskal Telebistak zinemagintzari behar adinako laguntzarik ez ematea da, Bengoetxearen ustez, horren guztiaren ondorio kaltegarrietako bat. «Uda osoan ez da fikzioko lanik egin ETBn, Miramon geldirik egon da. Hori larria da! ETBren kasua ez da bakarra. Gainerako telebista autonomikoek ere antzera jokatzen dute. Katalunia da salbuespena, eta igartzen da emaitzetan ere. Pa negre-ren eta beste hainbat lanen arrakastaez dainondik ere kasualitate hutsa, jakina».

Beranduko bokazioa

Fernando Bengoetxea Pernando Amezketarra-ren urruneko baina zuzeneko oinordekoa da Josean Bengoetxea, artxiboak arakatuta egiaztatu ahal izan duenez, eta ohore hori ez du saltzeko. Artista sena odoletik datorkiola dio, txantxetako harrotasunez. Baina ez da txikitandiko bokazioari jarraituz iritsi aktore izatera. Musikara bideratu zuen hasieran sen artistikoa. «Sanchis & Jocano eta Javier Sunen bandetan baxua jo nuen, eta baita Egiako punkiekin ere».

Andoaingo Zinema eta Bideo Eskolan ikasten hasi zenean, kamera atzean ikusten zuen bere burua, inondik ere ez kameren aurrean. «Baina hango talde batekin eskolarako lanak egiten hasi, eta jabetu nintzen kameraren aurrealderako ere behar zela norbait, inork ez zuelako nahi izaten. Horrela aritu nintzen lehenengoz aktore zereginetan». Zeregin horrek harrapatu egin zuen ordea.

Fregoli antzerki taldeko kideak ezagutu zituen gero, ikastaro batean, eta haiekin hasi zen lanean. Beste aktore asko bezala, Goenkale-n egin zen ezagun gero, telesaila artean ere hastapenetan zen garaian. «Goenkale-n ia denok egin dugu lan», dio irribarrez, garai hura gogora ekarriz. «Eta, gainera, pertsonaia bat baino gehiagorekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.