Musika

Beth Gibbonsen egunerokoa

Portishead taldeko abeslariak bakarkako lehenengo diskoa kaleratu berri du: ‘Lives Outgrown’. Zahartzeak dakarren galerez mintzo da kantaria lan horretan.

Beth Gibbons, zuzenean.
Beth Gibbons, zuzenean.
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 26a
05:30
Entzun

Jakina zen Beth Gibbonsek (Exeter, Ingalaterra, 1965) tentuz hartzen dituela eman beharreko pausoak. Portisheaden estreinako lan dagoeneko mitikoa (Dummy) 1994an iritsi zen; hiru urte geroago taldearen bigarrena (Portishead, 1997), eta 11 urteko etenaren ondoren, Bristolgo taldearen hirugarren eta azkena (Third, 2008). Bitartean, Gibbonsek Out of Season (2002) lana kaleratu zuen Rustin Man-ekin —Talk Talk taldeko Paul Webb—, eta orain dela bost urte Henryk Gorecki konpositorearen hirugarren sinfonia zuzenean interpretatu zuenekoa disko batean bilduta jaso zuten.

Besterik ez hiru hamarkadatan. Orain arte. Joan den astean argitaratu baitzuen Gibbonsek bere kantuekin osatutako bakarkako lehenengo diskoa: Lives Outgrown. Eta bere aurreko guztiak bezala, hau ere tentuz hartutako pausoa izan dela esan beharra dago. 2013an iragarri zuen Domino zigiluak Gibbons bere lehenengo diskoa grabatzekoa zela, eta, orduz geroztik, hamarkada pasa igaro da, proiektua bera baldintzatu baino gehiago, hura edukiz betetzeko balio izan duten 11 urte.

Izan ere, Dominok zehaztu duenez —kantariak ez du elkarrizketarik eman—, urte hauetan guztietan osatu ditu Gibbonsek diskoa osatzen duten hamar kantuak, eta, horiek sortzeko, inguruari eta bere buruari begiratu besterik ez du behar izan. Hala, doluak, galerak, zalantzek, kezkek eta itxaropenak blaitutako egunerokoa da Lives Outgrown, kantariak urte hauetan egin duen bidearen testigantza pertsonala. Eta, batik bat, denboraren igarotzeari eta zahartzeak dakarrenari buruzko lana da.

Esperientzia eta berrikuntza

Gibbonsek orain arte grabatu duen guztiak bezala, diskoak giro barnerakoi eta iluna transmititzen du, baita edertasuna eta tentsioa ere. Eta horretan zerikusi handia izan dute kantariak grabazioan bildu dituen lagunek: Lee Harris Talk Talk taldeko bateria jotzailea —pieza batzuk elkarrekin sortu dituzte—, eta James Ford ekoizlea —besteak beste, azkenaldian Arctic Monkeys, Pet Shop Boys, Blur eta Depeche Moderen lanen atzean egon dena, eta diskoan hamaika tresna jo dituena (txirula, bibrafonoa, organoa)—. Guztien artean, folkaren eta esperimentazioaren artean mugitzen den disko organikoa osatu dute, Portisheaden elektronikatik aldenduta ere, talde haren aztarnak ere biltzen dituena nolabait. 

Eta, batez ere, bihurgune ugari hartzen dituen lana da Lives Outgrown. Hari konponketa dotoreek jantzitako piezak daude bertan (Lost Changes), baita kantaria azken urteetan PJ Harveyk landu dituen bide onirikoetara eramaten dutenak ere (Floating on a Moment), eta ez dira falta ertz zorrotzagoak dituzten kantuak. Azken horien artean daude, esaterako, Rewind, flamenko gitarra bat izan daitekeenarekin hasi eta giro itogarri bat proposatzen duen pieza, zeinetan klima aldaketaz kezka azaltzen duen; eta Beyond The Sun, erritmo markatu batekin Erdi Aroko melodia baten trazak eskaintzen dituena.  

Diskoa Whispering Love-rekin amaitzen da, aurreko kantuek duten giro ilunari nolabaiteko mezu itxaropentsu batekin erantzun nahiko balio bezala: «Maitasun xuxurlaria, zatoz ni ikustera ahal duzunean». 

Dummy-rekin mundu osoa harritu eta 30 urtera, Gibbons bueltan da minetik edertasuna ateratzen duen disko batekin. Orain ikusi egin beharko da bere hurrengo pausoak noiz iritsiko diren. Edo iritsi ere iritsiko diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.