Bete, luzitu eta txapeldun

Fredi Paiak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.Gaitasun harrigarria erakutsi du kartzelakoaren betelanean.Arkaitz Estiballes 2010 eta 2012ko garailearekin jokatu du buruz burukoa

Fredi Paia, pozik, publikoari begira, atzoko finala bukatu eta gero. Ondoan dauka Arkaitz Estiballes bigarren sailkatua. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Bilbo
2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Fredi Paiak Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurretik adierazia zuen bere burua txapela janzteko gai ikusten zuela, eta iragarritakoa bete zuen, atzo. Bizkaiko txapelduna da Paia atzoz geroztik. Arkaitz Estiballesekin buruz burukoa jokatuko zuela jakin zuenean, hunkitu egin zen, eta jertsea ere kendu zuen buruz burukoari heltzeko. Keinu bera egin zuen Estiballesek, eta lehiaren tonua hartu zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaren azken zatiak.

Betelanean egina zuen Algortako bertsolariak txapelketa honetarako ahalegina: bertsoen lehen puntuak artez bete nahi zituen. Buruz buruko kartzelakoan eraman zuen gorenera bere nahi hori Paiak. Goitik behera jantzi zituen hiru bertso horiek. «Eskua eman diozu», zioen buruz buruko kartzelako gaiak. Hala kantatu zuen lehen bertsoa: «Poteoan edan baitut / atlantiko ozeanoa / urdindu da zirrotiko / nire gibel tiranoa. / Gibel berri behar dut / organo gazte sanoa / pertsona lasai batena / kirolari abstemioa / belarjale yogalari / mistiko monogamoa / beti entzuten duena / musika gregorianoa. / Beldur bat badut nirekin / eta azaltzera noa: / lehenago heldu leikela / elizako organoa». Estilo beretik jarraitu zuen bigarren bertsoan. «Ta apurka itzaliz doa / nire gibel dinamoa / jada alokatu behar dut / hileta poligonoa / harrizko mauselo ta / denetzako solomoa. / Emailerik ez badator / ta ordaindu barik banoa / nire partez pagaizue nire hilkutxako ebanoa», bukatu zuen bigarrena. Azken bertsoan eskua heriotzari emango zion.

Horiek izan zituen azkeneko bertso puntuagarriak. Aurretik ofiziotan fresko ibilia zen, eta bakarkako gai ez erraz bati aurre egin zion. Entzuleak ere bereganaturik zituen gora egiten zuenetarako. Kartzelakoaren ondotik jakin zuen epaileen ebazpena. Kristina Mardaras bertsolariaren eskutik jaso zuen txapela. Besoak zabalik hartu zuen Paiak Mardaras, eta belauniko jarri zen txapela jantz ziezaion. Txapela buruan honela kantatu zuen aitari eskaini zion txapeldunaren agurra:

Txapeldunaren agurra:

Barkatu Txato, Ardatz ta Arkaitz

heriotzaren krudela;

barkatu, Manex, Orkatz, Lexuri

gaur ondo irten zait kartzela;

barkatu, ama, Xabier ta Itxaso

ta nire lagun tropela.

Kanposantuan zin egin nuen

aitarentzat da txapela

berarengandik asko ikasi

ta jarraitzen dut horrela.

Hiru urte joan zinela

ta hala ere hemen zaudela.

Eta euskeraz eskeintzen dizut

gure artean ez bezela

itsasgizonen zeruan ziur

ikasiko zenuela.

Estiballesek mailari eutsi zion saio guztian zehar, erabat goirik jo ez bazuen ere. Hamarreko txikian gai tragikoa egokitu zitzaien Xabat Galletebeitiari eta biei. Gai tragikoa egokitu zitzaien, baina asmatu zuten umoretik hartzen. Kotxe batean zeuden, euren buruaz beste egitera zihoazen autoaren kea arnastuta. Buruaz beste egin aurretik, ordea, Estiballesek bost minutu gehiago eskatuko zizkion. «Momentua heldu da / dena prest akabo; / zertarako diozu / 'itxaron gehiago?' / Ni neu bost minutuan / damututa nago», ekin zion Galletebeitiak. «Hiltzera goaz hemen / ketza haundian truke / lenengo zigarro bat / erre nahiko nuke», azalduko zion Estiballesek. «Bizkaiko txapelduna / jada ez zara zu; / bizitzeko arrazoirik / ba ote daukazu?», jarraitu zuen Galletebeitiak bere ariketa onenean eta leherkorrenean. «Plana aldatuko dut / ez bazaizu inporta: / kotxea martxan jarri / odola borborka / ta talka egingo dugu / Genovaren kontra», erantsiko zuen ariketan aurrera gorantz zihoan Galletebeitiak. «Jakin ekologista / sutsua naizela / hau zer da gasolina / edo biodiesela», bukatuko zuen Estiballesek.

Etxahun Lekue hirugarrenak bakarkakoan poto egin zuen, eta horrek narrastu zion hoberantz zeraman saioa. Txapelketenak albo batera utzi dituen Iratxe Ibarrarekin egindako hamarreko txikian goia joa zuen. Maitaleak ziren, eta Lekuek ohi bezala joan beharra zuen Maite Berriozabalek aurkeztutako gaiaren arabera. «Zugaz egon gura dot / neu be nago lasai / etxean dagoz Leire / Mikel eta Unai. / Andrea ez dot maite / baina umeak bai», botako zion bere aurrenekoan. «Egiak jakitera / nok nahi dau iritsi / hauxe da dagoana / hartu ala itxi», erantsiko zuen kontakizunera bigarrenean.

Oihana Bartra indartsu jardun zen saioan zehar. Oholtzan izan zuen jarrerak asko lagundu zion emaitzan. Puntuari erantzunetan eta bakarkakoan etorkinaren ahotik egindako lanean aritu zen distiratsuen. Jone Uriari ertzak erakustea falta izan zitzaion finalean. Onintza Enbeitak eutsi zion mailari saioan osoan zehar, nahiz eta ez zuen ertz finik erakusterik lortu.

Ibarrak eta Galletebeitiak lortu zuten eurenetik erakustea, saio apalagoa egin arren. Umorea zuen helburu Galletebeitiak eta publikora heltzea Ibarrak. Biek bete zuten helburua zenbait unetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.