Bete gabe geratu zen abangoardiaren ametsa

Nikolas Lekuona artistaren 69 lan bildu ditu Bilboko Michel Mejuto galeriak.Fotomuntaketak, margolanak eta marrazkiak batzen ditu bildumak, eta badira tartean inoiz erakutsi gabeko lanak ere

Inigo Astiz
Bilbo
2015eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Gerrak etendako euskal abangoardiaren ikur da Nikolas Lekuona artista (Ordizia, Gipuzkoa 1913- Fruiz, Bizkaia, 1937). Euskal Herriaren pizkunde kulturalerako ereduak bilatzeko plana egina zuen Jorge Oteiza eta Narziso Balentziagarekin batera, baina haiekin batera bidaian joaterik izan ez, eta pizkunderik ezagutu gabe hil zen, 1937an, Fruizko bonbardatzeetan (Bizkaia) altxatutakoen bandoan anda-eramaile lanetan zebilela. 23 urte baino ez zituen. Izan zen artistaren lekukotzaz gainera, izatera hel zitekeen artistaren fantasma ere gordetzen dute Bilboko Michel Mejuto galerian bildu dituzten haren 69 artelanek. Bere garaiko abangoardiei adi zegoen sortzaile argi bat erakusten dute bertan batutako margolan, argazki, fotomuntaketa eta marrazkiek, baina ez hori bakarrik. Zeharka, 36ko gerrak ekarritako eten kulturala ere igar daiteke galeriako hormetan. Ekainaren 13ra arte izango da ikusgai erakusketa.

Harridura aitortu du Ismael Manterolak, Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historiako irakasle eta BERRIA egunkariko zutabegileak. Harridura galerian ikus daitekeenagatik, eta harridura, halaber, ikusi ez arren igar daitekeenagatik. «Oso gazte hil zen Lekuona, eta horregatik ezin izan dugu jakin zer etorkizun izango zuen, baina harrigarria da zenbat pieza sortu ahal izan zituen eta zer kalitateko lanak egin zituen». Manterolak prestatu du erakusketarako katalogoko testua, eta borobila da haren baieztapena: «30eko hamarkadako euskal artistarik interesgarrienetariko bat da». Historialariaren hitzetan, oso adi zegoen artista munduko abangoardien kezka artistikoen inguruan. Igartzen dira surrealismo tantak haren fotomuntaketa eta irudietan, eta igartzen zaie haren koadroei errusiar abangoardien aire bat ere. «Aniztasun handiko artista izan zen. Lengoaia asko landu zituen, baina sakontzeko astirik ez zuen izan».

Memoria ezerosoa

Ordiziako albaitariaren semea zen Lekuona, eta ikasteko aukera izan zuen horregatik. Aita hil, ordea, eta Madrilera jo zuen aparejadore ikasketak egiteko, eta han ezagutu zituen Oteiza, Ramon Gomez de la Serna, Benjamin Palencia eta orduko beste hainbat sortzaile. Jarraitzen zuen sorterriari lotuta, ordea, eta 1933an Gipuzkoako Artista Gazteen Erakusketan bigarren saria jaso zuen, esaterako, eta 1934an heldu zen Oteizarekin eta Balentziagarekin egindako erakusketa.1935ean, Euskal Herrira itzuli, eta ordutik arkitekto lanetan aritu zen Gipuzkoan, eta sasoi hartan egindako diseinuak ere ikus daitezke erakusketan. Guztiak arkitektura arrazionalistaren ildokoak, eta aurrez sekula erakutsi gabeak dira haietariko asko.1936an gerra hasi, 1937an hil. Eta akabo. Funtsean, lau urtekoa izan zen Lekuonaren jarduna, eta horregatik Manterolaren izenburua katalogoan: Izar iheskorra 30eko hamarkadako abangoardian.

Bazterrean izan da luzezLekuonaren figura, Manterolak aitortu duenez, baina 1980ko hamarkadan hasi zen hori aldatzen.«Lan handia egin zen orduan artista hau berreskuratzeko. Nahiko ohikoa izan da hori. Espainian 80ko eta 90eko hamarkadan berreskuratu zen gerra garaiko jende asko. Baztertuta gelditu ziren haietariko asko, ezerosoa zelako haietaz hitz egitea, baita Lekuona nazionalen bandoan hil bazen ere, eta zain egon behar izan dugu, eta ezaguna egin da azken 20 edo 30 urteetan». Bada Lekuonaren kasuan bereziki lan handia egin zuen ikerlari bat: Adelina Moya. Hark egin zuen artistaren katalogo arrazoitua, eta lan haren bultzadaz aitorpena jaso zuen Lekuonak 80ko hamarkada inguruan.

Moztutako buruak

Izan da geroztik Lekuonaren lana ikusteko aukerarik Euskal Herrian. Erakusketa antologikoa eskaini zion Bilboko Arte Ederren Museoak 1982an eta 1983an, Artiumek ere eskaini zion beste bat 2003an, Madrilgo Reina Sofiara ere eraman zuten gero, eta Parisko Pompidou zentroan ere erakutsi dituzte haren piezak erakusketa kolektiboetan. Bildumagileentzako aukera ere heldu da orain. Duela gutxira arte erakunde publikoei soilik saldu dizkiete senideek artistaren lanak; iritziz aldatu, ordea, eta salgai jarri dituzte orain Lekuonaren lanak. Horregatik antolatu dute Michel Mejuto galeriako erakusketa. Galeria batean Lekuonari eskaini zaion lehen erakusketa da orain Bilbon ikusi daitekeena. Guillermo de Osma galerian izan da aurrez ikusgai, Madrilen, eta Bartzelonako Marc Domenec galeriak hartuko du Bilbon egon ostean.

Cabeza amputada fotomuntaketa nabarmendu du Michel Mejuto galeristak (Buru moztua). «Bizitzaren alde existentzialari buruzko kezka handia duen neo-erromantizismoa du lan horrek. Behetik gora ateratako autorretratu bat du irudiak aurrealdean, eta odoletan dagoen buru moztu bat ere ageri da. Haren lan askotako leitmotiva da odoletan dagoen buru hori». Lekuonak ezagututako garaiaren berri ematen duten argazkiak ere nabarmendu ditu Mejutok. Bukatu berri duen Sarriegiren omenezko busto baten ondoan ageri da Oteiza horietariko batean. Bi artisten arteko laguntasunaren isla da 30eko hamarkadako irudi hori, baina baita, zeharka, 36ko gerrak ekarri zuen etenarena ere. Argazkia atera, eta urte gutxiren buruan Hego Amerikara jo zuen Oteizak, eta lurpean zen Lekuona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.