Uda batez Galeuscan

Bestiarioa

Bartzelonan jaio zen Nuria Bendicho Giro, 1995ean, eta gaztaroa bidaiatzen eta liburutegietan irakurtzen igaro du. Filologia klasikoko ikasketak egin zituen arren, berehala ohartu zen nahiago zuela klasikoak irakurri itzuli baino. Filosofian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean. 2021ean lehenengo nobela argitaratu zuen: Terres mortes (Lur hilak). Lana urteko eleberri onenarentzako Omnium sariko finalista izan zen, besteak beste; eta La Vanguardia egunkariak katalanez idatzitako urteko nobela onena izendatu zuen.

TERE GUIX.
Nuria Bendicho.
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Margolariaren pintzel koipetsuak zalantza egin zuen azken ukaldia eman aurretik. Izugarrizko hotza zegoen, baina nanoari ez zioten utzi arropa egokia janzten. Hanka-lodi mamitsu hark egunero-egunero nozitua zuen gelako leiho-oholetatik sartzen zen antzigarra, txintik ere esan gabe, hildako baten aurpegiera gogortuaz. Gaueko tximiniaren beroan eta argitan, margolariak, aintzirako ur beltz bareetan igerian zebiltzan milaka izarrei begira barrena lasaitu eta gero, ateko leihoa ixten zuen, eta haizeak utzi egiten zion hara-hona ibili eta enbarazu egiteari; orduan, nanoaren beso gurintsuak pikorkatu egiten ziren itzal geldien orbanez, eta kraka itsasten zitzaion txitxietara. Orduan, ilaje zakar eta basati hartatik izerdi jario sasiko bat erortzen hasten zitzaion tantaka, bekainen gainera, eta dohakabeak mingaina ateratzen zuen kobazulotik, jario hura harrapatu eta gorputzera bidaltzeko atzera berriz. Margolariak, eszena horrek higuinduta, errieta egiten zion batere goxotasunik gabe, pintatze astoaren beste aldetik. Nanoak ez zion ulertzen, edo ez zion ulertu nahi. Geldi-geldi egoten zen, gorputzaren jarrera aldatu gabe, eta mingaina ateratzen zuen bekaina izerdiz blaitzen zitzaion bakoitzean. Horrek gogaitu egiten zuen margolaria. Ezin zen kontzentratu. Atera gerturatzen zen, nekez zabaldu, eta gelan bi zaindari sartzen ziren, leporaino armatuta, barrez, eta piztia eramaten zuten. Gaurkoz, nahikoa. Margolariak uko egiten zion banketean jauregiko gainerakoekin jateari, eta agindua ematen zuen logelara oilasko puska batzuk eta mahatsa eraman ziezazkiotela; bere behatz finekin jaten zuen, dena irentsi gabe. Margolanari begira egon, eta ohean sartzen zen gero. Biharamunean, nanoa hantxe egoten zen berriz, gelan.

Gaur zen azken eguna. Margolariak errezelei oraindik soka jarri gabea zielarik, zaindarietako batek atea jo zuen lantzaren puntarekin. Argi izpi zurixka batek ebakitzen zuen gela: hauts malutak zebiltzan airean igerian, aharrausi hotz nekatuekin batera. Azken errezela lotu baino lehenago, ateak, bat-batean irekita, nanoa jaurti zuen barrura. Lurrean etzanda geratu zen. Ez zen kexatu. Bi zaindarien artean altxatu, eta ostikada bat eman zioten sabelean. Orduan ere txintxik ez nanoak. Margolariak, hurbildu eta zeharo laztuta, agindu zien uzteko joko horretan aritzeari, nanoak apain egon behar zuela. Gaur zen azken saioa, eta ezin zioten aurpegia txikitu. Apain?, bota zuten deiadarka. Hau ez litzateke apaina izango ezta hontzen aldean ere! Nanoak, ordea, ez zien batere kasurik egin. Begirada iltzatuta zeukan gelaren beste muturrean, margolariak afaritan jandako oilaskoaren hezurren hondarrak zeuden tokian; txikiak eta zorrotzak ziren, eskorpioi eztena bezalakoak. Zaindaririk gazteena begiak adi-adi zegoen amorruari eutsi nahian, errieta egin berria baitzion errege santuaren erabakiz zabor hura pintatzeko aukeratutako agure madarikatu hark; zaindaria izkinara joan zen, erretilua hartu, nano gaixoari sudurrera hurbildu, eta, zoroen pare algara egin ondoren, korridorera bota zuen eskaileretan behera. Mahats aleak pirritan joan ziren kosken gaineko alfonbra gorri eta urrekaran, jauzi ikaratuak eginez.

Zaindariek alde egin zuten, eta atea itxi. Margolariak leihoak ireki zituen olioak eta berniz beroak eragindako itoaldia arintzeko, gauean kutsaturik utzi batzuten airea. Nanoa bere tokian eserita zegoen berriz, betiko jarreran. Baina margolariak tripako mina zuen. Gizon bat ezkuta daiteke bere artearen edertasunaren atzean, baina, lehenago edo geroago, errealitateak harrapatu egiten du. Adoreari eutsia zion nola edo hala, ezpainak estututa ere bai hala behar bazuen, baina oraingo honetan bazirudien batere laguntzarik gabe utziko zuela bere espirituaren indarrak. Minaren pozoiaren tanta batzuk irenstea eramangarria zen, baina deabruzko ur hartatik basokada oso bat hartzeak tranpa hilgarri bihurtzen zituen egarria eta beharra. Eta ezin zuen abandonatu margolan hori. Dirua irabazi behar zuen edaten eta mundu izugarri honetan bizitzen segitzeko. Ez zuen sekula pentsatu hain ahul egongo zenik, baina espero izatekoa zen, zeren, arima urratu haiek guztiak ilaran aurkeztu zizkiotenean bat aukeratu eta pintatu zezan, berehalaxe sentitu baitzuen bere kontzientziaren asaldura iluna. Erregearen gutuna eskuan iritsi zen jauregira, eta festen aretora eraman zuten. Mahai luze bat zegoen han, jan-edanez betea. Emakume batzuk ere bazeuden, bularraldea bistan, eta gizon batzuk ere bai, haiek ukitzen eta atximur egiten titiburuetan, eta bitartean emakumeak irriz eta kexuz ari ziren, eta gizonek sabela miazkatzen zieten haurdunei, eta ardo beltza botatzen hankartean. Ez zen orgia bat, gizonak baino ez baitziren ari jolasean. Ez zen inor isildu bera sartu zenean, baina erregeak, berehalaxe ikusi iritsia zela, eta piztiak ekartzeko agindu zien zaindariei. Orduan trumoi bat entzun zen jauregi barruan. Zarata basati eta soraio batek zeharkatu zituen gela guztiak, eta festen aretora iritsi. Dohakabe batzuk parean jarri zitzaizkion margolariari, denak ilaran, oinak katez lotuta, eta kateetan letoizko tresna hautsi batzuk apaingarri, lurrean herrestaka, haien soinu karrankariek abisu eman zezaten piztiak hurbil zeudela. Zaindari batzuk hamabi urte inguruko neskatxa gajo bat zirikatzen ari ziren; ilea porrokatua zuen, eta ahoa zabalik, aparrez betea. Manta baten gainean jarria zuten, eta tira egiten zioten altzari bat balitz bezala, lauzen gainean arrastaka, eta neska garrasika ari zen etengabe. Bere kreatura haietako bat aukeratzeko, hori esana zion erregeak. Hura pintatu eta betikotzeko. Margolariak ezin zuen gogora ekarri hura guztia. Aurpegi aho-handi horiek guztiak, egun hartan festen aretoan zorigaiztoko izaki haiei iseka egin eta egin ibili zirenak, urrutikoak iruditzen zitzaizkion, eta, hala ere, hor barruan zeuden, bere gelan, berari ere burlaka, margolana bukatu ezinik zegoelako. Nanoari begiratu zion. Hura ez zen mugitu. Ia aurpegi osoa bukatuta zeukan. Ahoa marraztea besterik ez zitzaion falta. Eskua altxatu eta pintzelak dar-dar egin zuen. Piztiak oraindik itxita zeuzkan ezpainak, goibel. Azken pintzelkada eman behar zuen, besterik ez. Lanabesaren ileek, oihala tindatu, eta irribarre bat marraztu zioten. Izan dezazula bakea betiereko bizitza honetan behintzat, esan zion. Eta margolanak jainkotu egin zuen nanoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.