XX. mendeko pentsalari garrantzitsuenetako bat da Jean-Paul Sartre (Paris, 1905-1980). Filosofiaren alorrean egindako ekarpenengatik ez ezik, intelektual konprometitua izateagatik ere ezaguna da «II. Mundu Gerraren ondoko intelektual entzutetsuenetakoa» izandakoa, Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruaren hitzetan. Filosofiaren arloan, «fenomenologiatik existentzialismorako urratsa egin eta zabaldu zuen» L'Être et le Néant (1943, Izatea eta ezereza) bere obra klasikoan. Eta, hain zuzen, liburu horren kapitulu bat, Begirada izenekoa, euskaraz irakur daiteke orain, Jakin Irakurgaiak bilduman. Juanmari Agirreurretak egin du itzulpena, eta atzo aurkeztu zuten liburua, Donostian.
Euskal Filologiako lizentziaduna da Agirreurreta, eta Filosofiako doktorea. Azaldu zuenez, literatur lanen bidez ezagutu zuen berak Sartre, baina, lan hori ulertzeko haren filosofia ulertzea ezinbestekoa dela iritzita, horri heldu zion. «Azken batean, haren filosofiaren eszenan jartze bat da Sartreren literatura», haren hitzetan. Gaiari buruz doktoretza tesia egitea erabaki zuen, eta Donostiako Filosofia Fakultatean joan den hilean defendatu zuen ikerketa, Fikzioa Jean-Paul Sartreren diskurtso teorikoan. Fikzioaren antolamendua 'L'Être et le Néant' obra filosofikoaren 'Begirada' kapituluan izenburua daramana. «Bere filosofian erregistro teorikoa eta literarioa nola uztartzen dituen aztertu dut, L'Être et le Néant tratatu nagusiaren bidez; beraz, ikuspegi diskurtsibo batetik aztertu dut haren filosofia». Sartreri buruz euskaraz ondutako lehen tesia da, eta, jatorrizko testua frantsesez egonik, ikerketak berak eskatu zion euskaratzea.
Sartrek ez zuen inoiz Begirada testua liburu gisa argitaratu, bere tratatuaren atal gisa baizik. Baina argitara zitekeen liburu gisa, Agirreurretaren ustez: «Bere erronka teorikoa oso ondo delimitatua dago. Sartrek bestearen existentziari buruz hitz egiten du atal horretan, eta haren erronka da nik nola bizi dudan bestearen existentzia, nola gertatzen den bestetasuna nitasunean».
Askatasunaren filosofia
Hamarkada bat zeraman Sartrek filosofia testuak idazten 1943. urtean bere tratatu nagusia plazaratu zuenerako. «Bi urte lehenago, preso zegoen Alemanian; han, Martin Heideggerren testuak irakurri zituen, eta obra handi bat idatzi nahi zuen». L'Être et le Néant izan zen obra hori. «Tratatu horrek eraman zuen puntako filosofoen pare egotera, lehen lerrora». Berehalako arrakasta izan zuen lan horrek, Agirreurretaren hitzetan. «Sartre gerora izan zen guztiaren abiapuntua tratatu horretan dago. Azken batean, existentzialismoari oinarri teorikoa eman zion; askatasunaren filosofiatzat hartu zen, eta akademiatik kalera jaitsi zuen filosofia». Ikerlariaren esanetan, existentzialismoak dio ez dagoela gizaki izateko molde jakin bat. «Izaten ari gara etengabe, eta, beraz, ardura da hitz gakoa: nik daukat nire izatearen ardura, eta, horrenbestez, gizatasunaren ardura ere bai».
Obra mardula da L'Être et le Néant, 700 orri ingurukoa, eta Begirada atala bi blokeren arteko lotunea da, hain justu. «Lehen blokea izatearen teoria bat da, ezereza ardatz duena, eta beste blokea ekintzaren teoria bat da, faktikotasuna eta askatasuna uztartzen dituena. Begirada-k egiten duena da situazioan jarri izatearen teorian deskribatzen duen izatea». Testuaren mamia honela laburbildu zuen ikerlariak: «Nik neure existentziaren ikuspuntu bat dut, erdigune bat; besteak bere existentziaren erdigune bat du, eta begirada plataforma bat da, non bi erdigune horiek talka egiten duten. Hala, Sartrek gatazka baten gisan ikusten du begirada, nire existentziaren eta bestearen existentziaren arteko gatazka bat bezala. Eta bere erronka da deskribatzea nola gertatzen den bestetasuna neure existentzian».
Hala, norberak begiratu egiten du bestea, eta, era berean, besteen begiradapean dago. «Sartrek dio erronka ez dela bestea zure begiradaren objektu bihurtzea, baizik eta aske izatea, begiratua zaren mundu batean». Eguneroko adibide praktikoak baliatzen ditu pentsalariak bere teoria errazago ulertzeko.
Hitzaurrean, Begirada testuari buruzko hainbat azalpen ematen ditu Agirreurretak, hiru mailatan hurbiltzeko: Sartreren ibilbide bibliografiko luzean kokatzen du; haren tratatu «konplexu eta mardulean» garatzen duen teorian zein urratsetan dagoen azaltzen du; eta testua ikuspuntu filosofiko batetik esplikatzen du. Sakondu nahi duenarentzat, bibliografia bat jasotzen du liburuak, euskarara ekarritako lanak zehaztuta.
Filosofiaren dibulgazioa
Duela hogei urte inguru jarri zen martxan Jakin Irakurgaiak liburu bilduma, eta dagoeneko 48. liburua argitaratu du. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin jarri zen bilduma martxan, baina dagoeneko badira urte batzuk laguntza hori eten zela, eta Jakinek inolako laguntzarik gabe ateratzen du». Hasieran, urtero hiru liburu ateratzen zituzten, eta urtean bat plazaratzera mugatu behar izan dute ekoizpena, «pena handiz», Xabier Eizagirreren esanetan. «Baina gure helburua da gutxienez bildumari eustea, zalantzarik gabe interes handikoa dela uste dugulako».
Pentsamenduaren, filosofiaren dibulgazioa egitea da bildumaren helburua, «giza eta gizarte zientziekin lotutako diziplina guztien inguruan, ez filosofia hutsa soilik baizik eta baita literatura, politikaren pentsamendua, estetika, artea, erlijioa, etika ere... pentsamendua, zentzurik zabalenean». Klasikoen itzulpenak —hitzaurre batekin— nahiz gai edo autore baten inguruko ale monografikoak plazaratzen dituzte bildumaren barruan. Eta azalberrituta iritsi da 48. zenbakia, Ainara Lasak ondutako diseinuarekin. Eizagirreren hitzetan, «kanpotik eta barrutik, liburu mamitsua da».
Bestetasunari so, nitasunetik
Jean-Paul Sartreren 'Begirada' euskaratu du Juanmari Agirreurretak, eta Jakin Irakurgaiak bildumak plazaratu. Pentsalari frantsesaren 'L'Être et le Néant' tratatuaren atal bat da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu