Literatura

Besterik ez

Maitasuna eta historia uztartzen ditu Jean-Luc Godardek 'Éloge de l'amour' poema liburuan, zeina izen bereko filmean oinarrituta baitago.

Jean-Luc Godard
Jean-Luc Godard zinemagile eta idazlea, 2002. urtean Zurichen emandako hitzaldi batean. CHRISTOF SCHUERPF / EFE
2024ko apirilaren 28a
05:15
Entzun

Jean-Luc Godard zinemagile frantsesak (1930-2022), 2001ean Éloge de l'amour filma zuzendu ondoren, izenburu bereko liburua argitaratu zuen urte hartan bertan. Poema liburu aparta da, eta filmean entzundako elkarrizketak poema gisa berrantolatzen ditu, pertsonaien izenak kenduta. Elkarrizketak, jarraian aurkeztuta, ahots kolektibo baten modukoak bilakatzen dira. Porrot egin zuten beste lau egitasmoren ondoren gauzatu zuen filma Godardek, eta, tarteka, aurretik filmatutako materiala berrerabiltzen du. Soinu banda iradokitzaileak eta irudiek malenkonia handiko artefaktua sortzen dute. Musikarik eta irudirik gabe, hitzak beste modu batera irakurtzen dira, eta, horren ondorioz, hitzek orri zurian arreta berezia eskatzen diete irakurleei, eta irekiera berriak eskaini. Matias Battiston adituak transbertsifikazioa deitzen dio genero berritzaile horri.

Filmean, hiru bikoteren bizipenak direla medio, maitasunaren hasiera, haren amaiera eta berriz elkartzea irudikatzen dira, ordena linealari jarraitu gabe. Puzzlea ikusleak berrantolatu behar duenez gero, hiru atalek sarri dirudite narrazio bera; azken finean, bizitza etengabeko errepikatze gisa ikus daiteke. Poema liburuan, efektu hori areagotu egiten da. Filmean, ordea, hiru aldi horiek azaldu ez ezik, bizitzaren hiru aro berezi horiek deskribatu ere egiten ditu Gordardek. Horietako bitan, gazteak eta zaharrak biluzik ageri dira gizartean, zera irudikatzeko: Gordarden aburuz, zaurgarritasuna handiagoa da aldi horietan, helduaroan baino. Eta etengabeko inkomunikazio komunikatuan bizi da pertsona gizarte garaikidean. Oso antzeko aroak eta bakartzeak ditugu Lizar Begoñaren azken nobelan, Mundu zitalaren kontra (Elkar, 2024) non neska gazte baten eta emakume zahar baten ahots narratiboek —bata bestearen alboan, harilkatu gabe— Godarden hastapeneko eta amaierako aroen biluztasuna irudikatzen duten.

Aipaturiko hiru aroen bidez, maitasuna eta historia uztartzen ditu Godardek. Bai gidoian eta bai poema liburuan, irudipena da historiarik txertatu ezean emaitza Julia Robertsen film baten gisakoa besterik ez litzatekeela izango. Bi artefaktuak amodioaren eta historiaren komodifikazioaren aurkakoak dira. Esate baterako, Steven Spielbergen Schindler´s List filmaren irakurketa kritiko bat dago bai filmean, bai poema liburuan, Hollywoodek gerra garaiko maitasun istorio bat egokitu nahi izatearen inguruko gogoetetan. Godarden errelatoan historiaren zamak maitasuna baldintzatu dezake; egoera berbera dugu No Time for Love kantan, gurean Gariren ahotsean entzun genuena.

Maitasunak egiten gaitu subjektu

Alain Badiou filosofoak (Rabat, 1937), Godarden filmari eta liburuari keinu eginez, izenburu bera erabili zuen Nicolas Truongek maitasunari buruz egin zion elkarrizketan. Badiouren lanaren harira, berri pozgarria da udazkenean Alberdania argitaletxeak Joseba Zulaikaren saiakera berria argitaratzea. Saiakeraren gaia impasse-a da —euskal testuinguruan—, eta, amodioan gizartea jasaten ari den impasse-az hausnartzeko, Zulaikak hala laburbiltzen du Alain Badiouren Éloge de l'amour: «Honen filosofian, amodioa da subjektuarentzat egiaren probaleku nagusi bat. Amodioak egiten gaitu subjektu; giza animaliak indibiduo egoista izaten utzi eta subjektu izatera bihurtzeko amodioa du egoera erabakior. Amodioak erakusten dio pertsonari ez dela bakarra, bere nortasuna osatzeko beste baten beharra duela. Bi maitaleen arteko arrakala eta ikuspegitik, ez norberaren identitate hutsetik, begiratzen dio maiteminduak munduari; eraikuntza bat, ekoizpen bat, bizitzako proiektu bat barnean beste gauza ugari izan ditzakeena da maitasuna. Ikuspegi honetan amodioak ez du harreman berezirik etikarekin. Ezta ere bestearekin komunio modu bat izatearekin. Ez da norbere burua ahaztu eta beste horren sakralizazio bat, ezta ere Goetheren femenino eternoa eta horrelakorik».

Alain Badiou filosofoak, Godarden film eta liburuari keinu eginez, izenburu bera erabili zuen Nicolas Truongek maitasunari buruz egin zion elkarrizketan.

Badiouk amodioaren egungo komodifikazioaren kontra dihardu liburuan. Meetic eta halako tresna antigoalekoetan adostutako ezkontzekin alderatuz, egungo kapitalismoak maitasuna supermerkatuan salerosten duela dio filosofoak. Haren ustez, kontrolpean eskainitako maitasuna ez da maitasun. Godarden moduan, maitasuna subertsibotzat jotzen du, baina harena ez bezala, Badiouren begirada ez da malenkoniatsua. Badiouk erromantizismoaren idealizazioari eta eszeptizismoaren begiradari alternatiba bat eskaini nahi die, Rimbaudek zioenari jarraituz: «Maitasuna berrasmatu behar da». Rimbaud poetaz gain, Fernando Pessoa poeta dakar Badiouk elkarrizketara. Hark zioen maitasuna ideia bat dela, eta, Badiouren Éloge de l'amour irakurriz, ulertzen dugu nola gorpuzten den ideia hori. Dena den, zailtasunak eta erronkak azpimarratzen ditu, zeinak amodioaren komodifikazioak ez dituen kontuan hartzen. Maiz, zailtasun horiek hizkuntzari dagozkio. Badiouk dioenaren adibide aproposa Gorka Urbizuren azken diskoan legoke (Hasiera bat, 2024). Besterik ez kantan zera dio: «Batzutan I love you/ Idazten diogu elkarri/ Maite zaitut batek/ Ikaratzen gaitu».

Godardek 71 urte zituen filma eta poema liburua egin zituenean; Badiouk, berriz, 72 urte elkarrizketa garaian. Zahartzaroak aukera ematen die bizitzan izandako maitasunak eta galerak eta horiek emandako orbanak berrikusteko. Bizitzak ematen die sakontasuna euren begiradei, eta, horregatik, maitasuna hasieretatik haratago ikusten dute. Bai Godard bai Badiou irakurtzean, gogora datozkigu hainbat liburu, artelan, film edota kanta maitasunaren ahalmen eta ezintasunei buruzkoak. Hala nola Paul Thomas Andersonen Licorice Pizza filmean (2021) ezohiko maitasun istorio bat dugu. Hitzontzi hutsa den Gary gazteak bere kuttunari telefonoz deitu eta txintik esaten ez duen dei isilean den-dena esaten du. Badaude hitzik gabeko isiluneak eta hitzez jositako isiluneak, oso bestelakoak bata eta bestea. Azkenengo formulazioan esaten ez dena edota zitroin urez idazten dena ezin ditu algoritmoak irakurri: (maitasuna) besterik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.