Besteren obrei ainguratuak betiere

Sormen lanetan adimen artifizialaren erabilera mugatzeko neurriak ari dira ontzen apurka. Ilustratzaileek eta gaian aditu diren askok iritzi diote arauok «berandu» datozela eta ez direla aski. AAk artearen «homogeneizazioa» dakarrela ere salatu dute.

Joan Fontcuberta argazkilariak adimen artifizialaren bitartez ondu obrak bistaratu zituen bere azken erakusketan, Nafarroako Unibertsitateko museoan: 'Florilegium'. JESUS DIGES / EFE
Joan Fontcuberta argazkilariak adimen artifizialaren bitartez ondu obrak bistaratu zituen bere azken erakusketan, Nafarroako Unibertsitateko museoan: 'Florilegium'. JESUS DIGES / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko maiatzaren 21a
06:00
Entzun

Obra bat plazaratutakoan, ohikoa du artistak esaldi hau: «Orain, hau zuena da». Eskaintza horrek sarri izaten du ikustekoa artistaren eta publikoaren arteko tartea estutu nahiarekin, edo publikoari baimena ematearekin libre interpretatzekoa artelanaren esanahia-eta. Alegia: eskaintza ez da izaten, normalean, obraren gaineko kontrola galdu nahiarekin lotua. Edonola ere, eta egile eskubideak ekuazioan sartu arren, artistak sarri gelditzen dira babesgabe obrak eman eta gero. Are gehiago sareratu ondotik, eta «lapurtzen» diete, eta bada lapur bat bereziki abila eta azeria: adimen artifiziala. Arte plastikoetako sortzaileak gero eta nabarmenago ari dira haren kontrako salaketa ozentzen. Diotenez, AAk lapurtzen dizkie edukiak, eta, apurka, baita lan enkarguak ere.

Azkenaldian errenkadan lehertu dira auziari buruzko polemikak. Askotarikoetan azaldu baitira AAren bidez eginiko ilustrazio eta irudiak argitaratuta: berdin liburuetako azaletan, ekitaldiak iragartzeko karteletan edo, are, arte erakusketetan.

Besteak beste, Espainiako Ediciones Destino argitaletxeak plazaratutako Juana de Arco liburuaren azalaren egiletzari buruzko eztabaida piztu zen udaberri hasieran sareetan, adimen artifizialak egina zelakoan. Hurbilago ere bada adibiderik, baina: AAk egina zen Irungo inauterietarako kartela ere —udalak erretiratu egin zuen azkenean—, eta, era berean, sektoreko profesionalen artean dudak piztu zituen Gasteizko EH Bilduk Martxoaren 3rako ekitaldia iragartzeko zabaldutakoak ere.

Horiek eta beste mordo bat salatu ditu Joseba Beramendi Exprai marrazkilariak, tinko. «Kezkatuta nago, haserre ere bai, baina kezkatuta, oso», aitortu du. Baina, penaz, dio neurri batean «ulertzen» duela joera zabaldu izana. «Oso erraza da, eta oso merkea. Bezeroaren aldetik, oso sinplea da: nik behar dut kartel baterako irudi bat, eska diezaioket norbaiti, harekin ideia findu, negoziatu, prozesu bat egin. Baina horrek dirua balio du, edo balio beharko luke. Baina askoz ere merkeagoa da makina bati eskatzea: emango dizkizu proba batzuk, zuk aukeratzen duzu horien artean nahiago duzuna, eta dohainik ateratzen zaizu».

Begirada nola zorroztu

Exprairen esanetan, gaur-gaurkoz, aditua izan gabe ere aise suma daiteke noiz den lan bat adimen artifizialarekin egina. «Badute aire estetiko oso uniforme bat, eta gehienak oso antzekoak dira». Homogeneizazioa aipatu du. Baina, gainera, erantsi du badirela zantzu askoz gehiago ere: «Kutsu sasi-naturalista baina aldi berean artifiziala» dute, edo estilo diferenteak nahasten dira oso modu «antinaturalean», adibidez. «Hori du erreferentziak batetik eta bestetik hartzeak; grafismoaren kroketa bat izan ohi da emaitza. Osagai pila hartu, pasatu irabiagailu batetik, masa egin, eta hara».
 

«[AA erabiltzean] Grafismoaren kroketa bat izan ohi da emaitza. Osagai pila hartu, pasatu irabiagailu batetik, masa egin, eta hara».

JOSEBA BERAMENDI 'EXPRAI' Marrazkilaria

Eta ezin «akatsak» aipatu gabe utzi, haren esanetan. Dioenez, batez ere pertsonak-eta ageri direnean marrazkietan, izaten dira akats anatomikoak —behar baino behatz gehiago, edo artikulazio zentzugabeak, adibidez— eta bestelako «aberrazio» mordoa. «Ileak leku estrainioetan, beso bat toki batean ezkutatzen dena eta beste puntan azaldu... denetarik dago», esplikatu du hasperenka Expraik. Kontua da, itxuraz, akats horiek ez direla problema, oro har. Ilustratzailearen iritziz, litekeena baita begi kolpe bakarrean ez sumatzea inkoherentziarik, ez segundo gutxian behintzat. Hori da arriskuetako bat: «Balekoak izan daitezke kontsumo azkarrerako». Horrek dakarrena dakarrela ere. «Geure buruak ikusten ditugu mehatxatuta».

Ezinbestean, adimen artifizialaren gaineko eztabaidan sartu-sartua da Ainara LeGardon ere. Musikaria eta jabetza intelektualean aditua da, eta aspaldi dabil AAri eta hark sorkuntzan eta hedapen kulturalean duen inpaktuari buruz ikertzen. Gainera, Euskal Irudigileak elkartearen aholkularia da egun. Exprairen gisa berean, bera ere kezkatzen du sormen lanen homogeneizazioak, besteak beste.

«Sorkuntza sintetikoa artelan lauak ari da bultzatzen, eta horrek hezur haragizko sortzaileen obran ere badu eragina, gainera». Haren esanetan, gero eta ekoizle gehiago ari zaizkie artistei eskatzen haien izaerak ez daitezela gehiegi antzeman lanetan, «beren estiloak ez dezan molestatu». Musika lanei buruz ari delarik bota du esaldia LeGardonek, baina argitu du edozein arte diziplinatan gertatzen dela antzera. Dioenez, enpresa handiek gero eta artelan «homogeneoagoak» nahiko dituztenez, «pertsonalitaterik gabeak», azkenerako lortuko dute herritarren gustuak «modelatzea», eta, hortaz, inolako trabarik gabe egiten ahalko dizkiete enkargu guztiak adimen artifizialari, artista premiarik eduki gabe batere.

Mugak erren

Espainiako Kultura Ministerioak Adimen artifizialaren praktika onen gida plazaratu du aurten, erabilerari buruzko aholkuak emateko. Eta, horretan, zehaztu du soilik «laguntza» bezala erabil daitekeela AA sorkuntzetan, eta ez «gizaki baten ahala eta lanaren ordezko bezala». Espainiako Gobernuak argitalpen hori egin bezain pronto, honakoa idatzi zuen Expraik sarean: «Alegia, lapurtzen ahal zaigu, baina gutxi?». Ez du posible ikusten AA erabiltzea tartean lapurretarik egin gabe, dioenez teknologiak beti baliatzen dituelako aurrez egindako lanak. «Erabilera hasieratik dago kutsatua».

Oraingoz onartutako neurriei dagokienez, Jon Juarez marrazkilaria ere oso mesfidati da. Espainiako Gobernuak argitaratua aipatu du aurrena, baina, Europako Batzordeak onartutakoa ere bai, segidan —2026an sartuko da indarrean—. Lege honekin, derrigorrezkoa izanen da AAren bidez sortutako edukietan argi adieraztea hala eginak direla, eta, gainera, jakinaraztea teknologiak zer datu base baliatu duen horretarako: zer eduki, eta zer autorerenak. Ordea, legea «oso berandu» iritsi dela uste du Juarezek. «Teknologiak dagoeneko entrenatuta daude, eta enpresek beren erremintak sortu dituzte dagoeneko delituak eginak zituztenak oinarri hartuta», ohartarazi du. «Gainera, AAk ez du copyrightik sortzen», adierazi du, auziaren gakoetako bat dela nabarmenduz.

«Oso berandu da: teknologiak dagoeneko entrenatuta daude, eta enpresek beren erremintak sortu dituzte dagoeneko delituak eginak zituztenak oinarri hartuta».

JON JUAREZMarrazkilaria

LeGardonek eman du esplikazioa. Dioenez, legeari begiratuta, autorea da obra artistikoa —berdin lan zientifikoa edo literarioa denean— egiten duen pertsona naturala. Eta lan bat «obra» gisara izendatu ahal izateko baldintza da sorkuntza originala izatea, euskarri batean egina. «Originala dela esan daiteke autoreak berez eta modu independente eta librean duenean erabakiak hartzeko gaitasuna, kontzientzia duenean», zehaztu du, eta argudiatu, hain zuzen horregatik, adimen artifizialak sortutako material bat ezin dela jabetza intelektual delakoarekin babestu. Copyrighten AEBetako Erregistroan etiketa berri bat sortu dute horrelako edukientzat: Material erreklamaezina.

Eta, horrela, osatua da sorgin gurpila, arantzaz betea. Eta berandu da, antza, inori konturik eskatzeko. Gainera, LeGardonek argudiatu du autore direnentzat oso zaila dela AAren irismenetik bazter gelditzea. «Zaila da opt-out egin eta AAri eragoztea gure obrak baliatzea haren edukietarako», nabarmendu du, eta erantsi gaur egun tresna eraginkor bakarra existitzen dela horretarako: Machine readable klausula. «Balio dute bot-ei eragozteko sarean gure materialak arakatzea, baina horrek zuzeneko ondorio bat lekarke berarekin: inork ez gintuzke aurkituko».

«Jendea sentiberagoa balitz artisten egoerekiko, jakitun zenbat obra baliatzen diren ez baimenik, ez krediturik eta ez konpentsaziorik eman gabe... orduan, igual, behintzat eginen lukete duda».

AINARA LEGARDONMusikaria eta jabetza intelektualean aditua

Zer ihesbide dago, hortaz, sorgin gurpilean? Expraik kontatu du zera aditu diola bati baino gehiagori: «Egokitu edo hil», baina marrazkilaria ez da ados, edo ez da, behintzat, horretarako prest. LeGardonek eta Juaristik ere, ezetz, garbi.

Eta sortzaile ez diren bestelako herritarrek, zer? LeGardonek aitortu duenez, adimen artifizialaz ematen dituen hitzaldien hondarretan bada galdera bat franko errepikatu ohi diotena. «Eta, orain hau guztia badakidala, zer egin dezaket?», galdetzen diote publikoan direnek. LeGardonek bi aholku aipatu ohi dizkie erantzunean. Bata: informatu daitezela. Bigarrena: jokatu dezatela beren balioekiko koherente. «Akaso, jendeak egiaz jakinen balu AAk zer gastu energetiko dakarren, edo halakoek zenbateraino urra dezaketen gure pribatutasuna, edo, besterik gabe, jendea sentiberagoa balitz artisten egoerekiko, jakitun zenbat obra baliatzen diren ez baimenik, ez krediturik eta ez konpentsaziorik eman gabe... orduan, igual, behintzat eginen lukete duda halakoen aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.