Ezagutzen al duzue euskal izar berria?». «Euskal kantuaren ahots berria». «Atseginetan atseginena». Beskoitzeko urretxindorra. 1960ko hamarkadaren amaieran, berebiziko ikusnahia sortu zen, Bilbo inguruan batez ere. Estibalitz Robles-Arangiz Estitxu-ri buruz (Beskoitze, Lapurdi, 1944 - Bilbo, 1993) ari ziren denak. Gitarra eskuetan hartuta aritzen zen Estitxu kantuan, eta haren ahotsak eta haren jarrerak entzule asko liluratu zituen. AEB Ameriketako Estatu Batuetako herri kantuak euskaraz abestu zituen hasierako urteetan, eta euskal kantagintzaren sinbolo bilakatu zen urteen poderioz.
Estitxuk 1967ko Gabon egunean eman zuen lehen kontzertua, Bilboko Santiago Apostoluaren aretoan, Joxemari Iriondo kazetariak Bidegileak bildumako hari buruzko liburuxkan kontatu zuenez. Jaialdi horrek oihartzun handia izan zuen, eta han parte hartu zuten, besteak beste, Daikiris orkestrak, Natxo de Felipek eta Sara Sotok. Zeruko Argia-ko kronika irakurrita, ordea, garbi dago zeinek eman zion atentzioa Xabier Gereñori: «Nor da Estitxu hau? Entzun ote du inork abesten? Bere etxetik kanpora, inork ere ez. Eta orain, beste galdera bat: entzun duzue inork Santiago Apostoluaren teatroan Estitxuri egin zizkioten txaloen antzekorik inoiz? Estitxuren izena, laster, Euskal Herri guztian ezaguna izango da».
Txalo eta sari artean abiatu zen Estitxuren musika ibilbidea. Lehen saria irabazi zuen Eibarren (Gipuzkoa) eta Maulen egin zituzten kantu lehiaketa banatan, baita Bilboko Lions Club International taldeak eta Radio Bilbaok antolatuta Seis Estrellas dantzatokian egindako Musika Gaztearen Lehiaketan ere. Horrek bultzada handia eman zion jaialdietan parte hartzeko. Kontzertu asko eman zituen, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin, batez ere.
Hain justu, «Estitxuk lehen saria irabazi du Musika Gaztearen Lehiaketan» irakur daiteke abeslariaren lehen diskoaren atzealdean. Lau abestiko single bat da, Cinsa diskoetxeak argitaratua. Lehen kanta: Eskualdun makila. Saxofoiek sarrera alai bat egiten dute, eta han hasten da Estitxu kantuan, ye-ye erritmo baten gainean. Kanta laburra da, bizia, dantzagarria. AEBetako herri doinu bat hartu zuen, eta euskarazko hitzak jarri zizkion. Bertsoak Piarres Lafitteren Nere makila izeneko sorta batekoak dira, baina diskoan «Harlutxi eta Darrupe» ageri dira egile gisa. Laffitterena ez den bertso bat da errepika: «Orain nik ere badut/ eskualdun makila».
Estitxuk, abesteaz gain, gitarra jo zuen diskoan. Gainontzean, musikari hauek hartu zuten parte: Jerry Bilbaok flauta, organoa eta saxofoia jo zituen; Anton Garciak, baxua; Patxi Rodeñok, bateria; Txabi Villaverdek, hamabi sokako gitarra; eta Carlos Zubiagak, gitarra elektrikoa, harmonika eta organoa.
Abeslariak bi single atera zituen 1968an, biak Cinsa etxearekin: Eskualdun makila eta Estitxu ta Daikiris, lau kantu ezagunen euskarazko bertsioekin; besteak beste, Congratulations eta La, la, la. Xabier Gereñok berak zuzentzen zuen Cinsa. Bost lagun euskaltzalerekin batera sortu zuen, 1961ean, musika jaialdiak antolatzeko eta disko eta liburuak argitaratzeko asmoz. 1962tik 1971ra bitarte, 50 disko inguru kaleratu zituzten; euskarazko singleak gehienak: Argoitia neba-arrebak, Benito Lertxundi, Erlak, Maite Idirin, Urretxindorrak...
Eskualdun makila izan zen hasierako boladako Estitxuren kanturik ezagunena. Garai hartan, Euskal Herritik kanpo aritzeko aukera ere izan zuen: 1969. urtearen hasieran, Mexikora eta Venezuelara joan zen, Euskal Etxeek gonbidatuta. Hainbat emanaldi egin zituen, eta Caracasko Promus diskoetxeak Una voz increible izeneko disko bat argitaratu zion.
Senideak kantari
Estitxuk etxean jaso zuen kanturako grina, baita euskararekiko atxikimendua ere. Franck Dolosorren eta Iban Gonzalezen Estitxu dokumentalean (2017), zera esaten dute haren senideek: «Hiru amodio handi zituen: kantua, irria eta Euskal Herria». Haren lau ahizpek Ainarak taldea zuten, eta lau nebek, Soroa. Horiek disko bat atera zuten 1963an, «euskal kantagintza berriaren lehen urratsa», Iriondoren esanetan. Manu Robles-Arangiz zuten aita, ELA sindikatuaren sortzaileetako bat, politikarekin engaiatua.
Estitxuk atzerriko pop kantak euskaratu zituen bere bidearen hasieran, baina euskal kantutegiari erreparatu zion zabalago ondorengo lanetan. Horren erakusgarri dira Guraso'eri (Agorila, 1982) eta Zortzikoak (Xoxoa, 1986) azken diskoak.
Azken uda dantza (I)
Bestelako txori baten kantua
Estitxu abeslariak 'Eskualdun makila' kantari esker lortu zuen arrakasta hastapenetan. AEBetako herri doinu alai bat hartu, eta abesti dantzagarri bat sortu zuen, Lafitteren hitzetatik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu