Bestela pentsatzeko heldulekuak dakartza Joseba Zulaikak 'Aberriaren inpaseak' saiakeran

Puri-purian dauden gaiak eta itxi gabeko eztabaidak hizpide hartuta, euskal subjektu berriaren peskizan ibili da Joseba Zulaika. Euskal kulturaren blokeoak eta anakroniak aztertuz, mezu baikorra dakar euskararen eta egoera politikoaren inguruan.

Joseba Zulaikak 'Aberriaren inpaseak' saiakera aurkeztu du gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Joseba Zulaikak 'Aberriaren inpaseak' saiakera aurkeztu du gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko azaroaren 20a
17:41
Entzun

Lehen tesi gisa, euskaldun jendea ez atzera ez aurrera dagoela dio Joseba Zulaika antropologian doktoreak (Itziar, Gipuzkoa, 1948) Aberriaren inpaseak saiakeran (Alberdania). Badu bigarrena ere: impasse-a beharrezkoa da, baldin eta euskal subjektu berriak sortuko badira.

Egileak bere esperientzia izan du abiapuntu —«40 urtez atzerrian bizi izan eta gero, berreuskalduntze baterako prozesuan aurkitutako erronka eta nahasmenen inbentarioa da hau»—; akuilua, berriz, Alberdania argitaletxea bera, eta, zehazki, Jorge Gimenez Bech zena, haren enkarguz heldu baitzion saiakera honen mamiari Zulaikak. Adiskidea ere bazuen haren faltan, Gorka Bereziartua idazle eta kazetariak egin dio editorearena.

Bereziartuak debaterako liburu gisa definitu du Zulaikaren lana. Haatik, ez dakar zeinahi debate molde, eta are gutxiago, «azken urteetako algoritmo polarizatzaileek bultzatzen duten klabeetan». Zulaikak pil-pilean dauden gai ugari dakusa ez atzera ez aurrera, hala nola euskararen egoera, naziogintza eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna. Bereziartuaren aburuz, impasse-a ez da utopiaren tokia: «Egonezina dakar, zirt edo zart egin beharra sortzen du, baina izan daiteke gure biharko kultura eta politika beste modu batera irudikatzen hasteko modu bat». Hortaz, gizartea eratzen duten osagaien artikulazio berriak proposatzen ditu, behin betiko erantzunik eman gabe, betiere. Bereziartua: «Geure burua impasse horretan pentsatzea da Zulaikaren ekarpena; orain arte era jakin batean ulertu ditugun gauzak beste toki batetik pentsatzeko ematen du bidea».

«'Impasse'-ak egonezina dakar, zirt edo zart egin beharra sortzen du, baina izan daiteke gure biharko kultura eta politika beste modu batera irudikatzen hasteko modu bat»

GORKA BEREZIARTUAEditorea

Bizitzaren erdia baino gehiago kanpoan eman eta gero, duela bost urte itzuli zen Zulaika Euskal Herrira. Horrek eman dio, hain zuen, lehen galderak pausatzeko motiboa—«Nola aldatu da Euskal Herria? Zer izan da gure belaunaldiaren jardunbidea?»—, bai eta impasse-aren diskurtsoa harilkatzeko funtsa ere: «Pausatutako galdera horiei emango zaien erantzuna, izan porrota, izan arrakasta, jarrera estrategiko bihurtzen da, portaera definitzen du».

Kontzeptua zabalago agertze aldera, politikari lotu zaio lehendabizi: «Gurea ETAren belaunaldia izan zen, eta, hura amaituta, euskal subjektu politikoak egokitu egin behar izan du». Subjektu horietarik batzuk «naufragoak» edo «erraktiboak» izango lirateke, egindako bidean dena okerra izan zela pentsatzeagatik, besteak beste. Zulaikak Antonio Gramsci pentsalari marxistaren esanarekin egin du bat: «Porrotetik ikasi egin behar da, ez du zertan negatiboa izan».

Euskararen gaia ere impasse-aren eremura eraman du: «Soziologiak emandako datuak hartuz gero, euskaldunak 900.000 lagun garela esango dute batzuek, eta beste batzuek, berriz, benetan 250.000 besterik ez garela, zenbaki berberak hartuta». Ildo berean, euskararen aferan ikuspegi baikorra azaltzea tabu bilakatu dela aipatu du: «Esan behar da larrialdi egoeran dagoela, ez besterik». Aurre egin dio horri: «Euskaran, minbiziaren metafora ere badarabilte batzuek, eta ez nator bat. Esandakoa profezia bihurtzeko aukera baitago».

«Euskaran, minbiziaren metafora ere badarabilte batzuek, eta ez nator bat. Esandakoa profezia bihurtzeko aukera baitago»

JOSEBA ZULAIKAIdazle eta antropologoa

Generoaren 'impasse'-a

Zulaikak azaldu duenez, gizartea harmonia orokorrean erakusteko joera du antropologoak; baita transmisioa altxor baten pare definitzekoa ere. Alta, horri ere arrakalak eta impasse-ak sortzen zaizkiola esan du, eta alardea jarri du horren adibide. Autorearen arabera, ez lirateke impasse-a eta antagonismoa nahasi beharko: «Impasse-an ez zaude borrokara behartuta, ezpada beste aldean dagoenari begiratzera». Haren irakurketaren arabera, «feminismoak, gizonezkoen antzerki horretan parte hartu nahi zuela erronka bota zuenean, antagonismoa eragin zuen gizonengan: 'Haiek irabaziz gero, guk galdu', ulertu zuten». Antagonismoak batez ere politikaren esparrukoak direla azaldu du: «Gure belaunaldian ez zegoen impasse-rik, borroka izan da dena».

Gramsciren lana «inbokatuz», zera argitu du Zulaikak: «Impasse garaian garela esatea hegemoniaren krisian bizi garela esatea da». Tradizioko subjektu irmoak —abertzale, sozialista, kristau...— ahuldu direlarik, subjektu berriak proiektu aurrerakoiagoetara molda litezkeela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.