Disko berria prestatua zuen Antton Valverdek, baita hura grabatzeko txanda hartua ere Elkarreko estudioetan, baina pandemiak oztopatu zizkion planak. 2007an kaleratutako Hamabi amodio kanta hartatik diskorik atera gabe zegoen musikaria, eta, horri erremedioa jartzera zihoala, koronabirusak grabaketa bertan behera utzi beharra eragin zuen. Itxialdiko hilabeteetan, ordea, proiektuak moldaketak izan ditu, hiru kanta berri gehitu baitzaizkio: hamarrekoa izatekoa zen diskoa hasieran, baina hamahiru ditu, azkenean, Elkarrekin kaleratu berri duen Gaua. Ausentziaren itzala lanak. Bakarkako seigarrena du, nahiz eta guztira hamalau diskotan parte hartu duen «gutxienez», musikariak berakgogoratu duenez.
Harkaitz Canoren poesia izan da aldaketaren erantzule. Idazleak eta Arkaitz Mendoza musikariak duela sei urte elkarlanean ondutako obra batek izan du eragin zuzena: Malgua da gaua disko-liburuak, hain zuzen ere. Canok Chopinen nokturno-en harira eginiko poesiak errezitatzen ditu lan horretan, eta Mendozak konposizioak interpretatuz laguntzen dio. Hogeita hamar olerki dira guztira, hamar euskaraz, hamar gaztelaniaz eta hamar ingelesez: ez dira itzulpen zuzenak, baina hiru hizkuntza horietako bertsioek lotura dute euren artean. Molde horri jarraitu dio Valverdek ere disko berriaren lehen hiru kantak egiteko: Canok eta Mendozak bezala, Valverdek ere nokturno-en irakurketa hirukoitz bat egin du Sei silabako gaua abestian, eta, haiek lez, gaztelaniazko zein ingelesezko aldaerak ere sortu ditu.
Hiru kanta berri horiek «dena aldrebestu» dutela azaldu du artistak: «Hasieran fundamentalak ziren kantak besteen menpe gelditu dira gero». Ez ditu kantak soilik baldintzatu, halere, diskoaren izenburua bestelakoa baitzen hasieran. Azken abestiak —hark ere Canoren poesia du iturri— Presentzia du izena, eta obra osoa izendatu behar zuen aurreneko bertsioan. Aldiz, absentziak kendu dio protagonismoa.
Oraingo honetan, Valverderen pianoak bat egin du Francisco Herreroren biolinarekin eta biolarekin, eta Ivan Carmonaren biolontxeloarekin. Ohi bezala, Karlos Gimenezekin egin du lan musikariak: «Urte asko daramatzagu elkarrekin lanean, diskoetan eta zuzenekoetan. Laguntza ia ezinbestekoa da. Ondo ulertzen du nire estiloa, eta ondo egokitzen da». Emaitza «txukuna» dela adierazi du Valverdek, eta «ederra» ere badela gaineratu du Elkarreko Andres Camio Jitu-k: «Presarik gabe gozatzeko lana da». Halaber, haren disko berria aurkeztea «plazer» bat dela gaineratu du: «Eskarmentu handiko musikaria da, beteranoa. 50 urteak gainditu ditu musika arloan».
Poesiaren presentzia
Harkaitz Canoren literaturaz gain, beste hainbat artistaren izenak ere lotu behar zaizkio Valverderen disko berriari. Joan zirenei eta In manus tuas, Domine abestien letrak Xabier Leterenak dira, esaterako. «Nire etxera etorri zen batean, buruan nuen melodia bat jo nuen pianoan. Letra egin zezakeen eskatu zidan». Hala biribildu zen Joan zirenei. Izenburuak argi uzten du kantaren edukia, musikariak azaldu duenez: «Joan zirenei dedikatuta dago. Bakoitzak badu nori dedikatu». Bestalde, In manus tuas, Domine-ren ildoa hasieratik zegoen argi: «Leteren hil aurretiko oroigarria da, otoitz bat. Gauza izugarria da, hunkigarria».
Vermeer kantak, izenburuak aditzera ematen duenez, artearekin du zerikusia. Imanol Irigoienen liburu batean oinarrituta dago, Valverdek azaldu duenez: «Liburua kuriosoa da. Bertan aipatzen du nola ikusten duen argia zenbait koadrotan, eta, konkretuki, Vermeerren batean». Beste abesti batean, Erantzuna-n, Lauaxeta du hizpide. Aurreko disko batean, Lauaxetaren Itauna olerkian oinarritutako izen bereko kanta egin zuen, eta oraingo honekin hari erantzuten dio. Horien lanez gain, Anjel Lertxundiren, Elisa Ruedaren eta Salbatore Mitxelenaren testuez ere baliatu da, besteak beste, diskoa osatzeko.
Besteen hitzetatik abiatuta itzultzea
Antton Valverdek disko berria atera du, azkenetik hamahiru urtera: 'Gaua. Ausentziaren itzala'. Hainbat idazleren lanak dituzte oinarri abestiek: Harkaitz Canorenak, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu