Tomas Zubizarreta, 'Zendoia'

Besteak poztuz pozten zen trikitilaria

Joan den ostiralean hil zen soinu jotzaile azkoitiarra. Haren eskuzabaltasuna eta plazara joaten zen bakoitzean dena ematen zuela nabarmendu dute urte luzez lagun izan zutenek. 84 urte zituen.

ANE OLAIZOLA / UROLA-KOSTAKO HITZA.
Igor Susaeta.
2015eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Tomas Zubizarreta Zendoia (Azkoitia, Gipuzkoa, 1930-2015) trikitilariari buruzko Pozaren mezularia liburua (Euskal Herriko Trikitixa Elkartea) kaleratu zuen iazko azaroan Laxaro Azkunek, eta, besteak beste, zera adierazi zuen Azkoitian bertan egindako aurkezpenean: «Zergatik pozaren mezularia? Baten batek baino gehiagok aipatu izan ditZendoiak soinu-jotzaile bizitzan egin duen ahalegin nagusia jendea pozik uztea izan dela, eta jendea pozik ikusita pozten zela bera». Joan den ostiralean hil zen Zendoia, 84 urte zituela.

Azkuneri hori aipatu ziotenetako bat izan zen, hain zuzen ere, Imanol Arregi Iturbide pandero jotzailea, Zendoiarekin batera plaza askotan aritutakoa: «Tomas Zendoiak asko estimatu izan du ondoan panderoa jotzen duena izatea. Behin baino gehiagotan esan izan dut Tomasen dohainik handiena besteak pozik ikusten gozatzea zela, eta zoragarria, horretan jartzen duen enpeinua ikustea».

Jendearen aurrean bere ahala urte luzez erakutsi izan duen arren —azken urteotan oraindik ere aritzen zen afalosteak girotzen—, ezkutuan ikasi zuen jotzen. Beste trikitilari asko bezala, Azkoitiko Martirieta edo Martitte auzoan jaio zen, eta osabak jotzen zuen soinua haren etxean. «Hura lanera joaten zenean, kaxa batean gordeta uzten zuen. Falta zenean hartzen nuen, eta halako batean antzeman egin zuen erabiltzen nuela», aitortu izan zuen Zendoiak. 10-11 urte zituen, eta bere kasara jardun zuen, harik eta 17 urterekin Martirietako plazan aurrenekoz jo zuen arte.

Arazoak apaizarekin

Halaxe hasi zen plazaz plaza. Urrategin, Madariagan, Aizpurutxon, Bedaion... Horietan denetan, dantza lotuan aritu zitekeen —Aizpurutxo izan zen bidea ireki zuena—; etxeko plazan, aldiz, ez. Horren harira, eskandalu mordoxka bat izan zituen apaizarekin. «Jende asko etortzen zen Martirietara, eta dantza lotuan aritzen zirenen izen-abizenak apuntatzen zituen apaizak. Elizan kongregazioa egiten zen, eta dantzan aritu ziren hiru neska kongregaziotik atera zituzten. Haietako batek erantzun zuen berak ez zuela bekaturik egin, eta hurrengoan ere dantza egingo zuela».

Momentu horien berri bazuen Azkunek: «Harrigarria dirudi gaur egungo begietatik poza besterik zabaldu ez duen gizon horren bizitzan dantza lotuak halako buruhausteak sortzea. Martirietan inon baino gogorragoa izan zen hori». Zendoiak inoiz ez zuen ezkutuan erromeriarik egin. «Apaizak, gainera, guztia jakiten zuen. Nahita ere ezingo genukeen egin».

Gauzak estu hartzen zituen; «maiz, estuegi», Azkuneren esanetan. Horri buruz, zera dio Iturbidek, Pozaren mezularia liburuan: «Oso eskuzabala zen. Plazara joandako bakoitzean, zuen guztia ematera joaten zen, gehiegitan estuegi, presa gehiegirekin bezala. Izan ere, iritsi orduko hasiko zen entxufe bila, hau edo hura, beti estu, lanean hasi arteko onik ez».

Joxe Mari Urbieta Egañazpi panderistarekin jo zuen askotan, eta baita Luis Alberdi Zabale-rekin ere; Euskadiko Trikiti Txapelketan aritu zen harekin batera, esaterako, 1979, 1980 eta 1982an. Joan den urteko martxoan omenaldia egin zioten Zendoiari, Azpeitiko San Jose trikiti jaialdian, eta antolatzaileek nabarmendu zuten soinua ondo jotzeaz gain«errepertorio handiko» jotzailea izan zela. Azkuneren esanetan, bere gizatasunaren arrastoak utzi zituen ibili zen leku gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.