1997an egin zuen agerraldia -Gailu proiektuak, Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan izeneko bilduman. Esan Ozenki zigiluko hainbat taldek hartu zuten parte disko hartan, eta BAP nahiz Negu Gorriak-en aritutako Mikel Abrego (Andoain, Gipuzkoa 1970) gidari zuen proiektu hura ere bertan zen. «Eneko [Abrego] eta beste lagun batekin alokairuan bizi nintzen orduan. Hor hasi nintzen abestiak konposatzen, eta erosi berri nuen sampler batekin eta ordenagailuarekin aritzen nintzen nire gelan».2002. urtean argitaratu zuen -Gailuk, azkenik, lehen diskoa, Metak-en bitartez. Pil-Pil Sessions deituriko egitasmoaren lehen alea izan zen, eta kantu haiek girotzen zuten Luis Andreren 25 minutuko bideo bat ere bazekarren lan hark. Urteak igaro dira ordutik, baina Gailu itzuli egin da Begiak, egiak ba ote diskoarekin, Bidehutsen laguntzarekin eta doinu aski ezberdinak jorratuz. Ez da orduan zen hura, ezta guztiz bestelakoa ere.
Bilboko Udalak zirkulazioa kontrolatzeko dituen kamerekin Luis Andrek filmatutako irudi batzuei musika jartzeko eskatu zizunean izan zenuen aitzakia-Gailu proiektua garatzeko. Orain zerk bultzatu du itzulera?
Egia esango dizut: ez genekien zein izen jarri proiektuari. Abestiak egiten hasiak geundela konturatu ginen geu ginela oraindik ere. Okene kantuan, ni eta Drake, grabazioetan eta zuzenekoetan ere aritu baitzen baxuarekin bera ere. Gu ginen orduko bizkarrezurra. Berriro berberak ginen, eta, beraz, -Gailu izenarekin jarraitzea erabaki genuen. Aitzakia izan da, azken finean, berriz ere elkartzeko; lokalean entseatu eta gure saltsan denbora pasatzeko. Anarirekin izandako geldialdi bat, lana eta bestelako arrazoiak tarteko, joan den urtearen hasieran konturatu ginen ia ez ginela batu ere egiten, eta erabaki genuen elkarrekin egon nahi genuela. Lokalera joan, eta saio haiek sakelakoarekin grabatzen genituen Drakek eta biok, eta, pandemia iritsi zenean, material horrekin guztiarekin lan egiteko erabakia hartu nuen. Egunero hartzen nuen tarte bat, eta maketatzen hasi nintzen etxean, grabatutakotik oinarri instrumentalari forma ematen. Gero, Okeneri esan genion, bera pandemia garaiotan ere oso sortzaile aritu baita bere kanta eta hitzak egiten.
Luis Andrek zugana jo zuenean, bazekien etxean musika sortzen aritzen zinela. Gerora ere horretarako ohiturarik izan duzu?
Ez. Disko hori atera zen, eta zuzeneko batzuk egin genituen. Formatu ezberdina izan zuten: batzuetan Luis eta biok joaten ginen, Okene ere etortzen zen batzuetan... Formatu xumea izaten zuten: perkusioa eta sampler batzuk eramaten genituen, unearen arabera. Behin diskoa argitaratuta, talde egonkorrago bat osatu genuen, eta beste zenbait kontzertu ere egin genituen. Hori amaitutakoan, utzi egin nion musika horrela sortzeari.
Jende askok parte hartu zuen arren, zure proiektu pertsonala ere bazen -Gailu. Hala da orain ere?
Entseatzeko lokalean sortu da berriz -Gailu, eta gaur egun Drake, Okene eta hirurok osatzen dugu.
Hirurok aski ongi ezagutzen duzue elkar. Elkarrekin horrenbestetan lan egin ondoren zerbait berria sortzea erraza da, ala toki ezagunetara jotzeko arriskua dago?
Bai, badago arrisku hori, noski. Gu beste zerbait egiten saiatu gara. Saiatu, behintzat. Horregatik erabaki genuen gitarrak alboratzea; baxuarekin eta bateriarekin soilik zerbait ezberdina egitea, orain arte erabili ditugun formula batzuetan ez erortzeko. Gero, sampler-arekin gitarra batzuk ere txertatu ditugu, baina beste izaera bat dute, nolabait esateko. Baxuak eta bateriak pisu nabarmena dute disko osoan. Okeneren ahotsak, nahi gabe bada ere, BAP edo Inoren Ero Ni-ra zaramatza, berdin Drakeren baxuak edo nire bateriak... Bateriak kamuflatuagoak daude, dena dela, makinekin sortutako erritmo eta sekuentziekin uztartuak daude eta.
Horren apustu nolabait minimalista egiteak eman al dizue beldurrik?
Beti sinetsi izan dut elementu horiekin bakarrik zerbait txukuna lor genezakeela. Adibidez, ikusten nituen Niña Coyote eta Chico Tornado, eta sekulako inbidia ematen zidaten. Haiei ere esan izan diet. Bi pertsonak bakarrik halako astakeria egitea, guk ez dakit halakorik lortuko dugun. Guk, gainera, orain hasi behar dugu horretarako prestatzen, alderantzizko prozesua egingo baitugu: estudiotik lokalera.
Diskoan aniztasun handia dago genero eta erritmo aldetik: hardcore bortitza, hip-hop oinarriak, doinu dantzagarriak… Erronka bat izan da?
Erronka bat ez nuke esango. Kanta guztiak dira lokalean sortuak, etxean aurrez ezer prestatu edo gehiegi pentsatu gabe joan dira sortzen. Gero bai, aniztasun horretaz konturatu gara, nahiz eta antzeko estiloa duten kantuak ere badauden. Hori bai, teknologiari dagokionez, erronka bat izan da zentzu batean. Urte mordoxka egin ditut sampler-ak eta halakoak alboratuta, eta eguneratu eta berriz ikasi behar izan dut. Martxel Arkarazoren laguntza ere behar izan dut azken ukitua emateko.
-Gailu zahar hura iluna zen, iradokitzailea. Haragitze berri hau ludikoagoa da, dibertigarriagoa.
Bai, bai, erabat. Alde handia dago. Dena den, garai hartan beste bost bat kanta sortu genituen, argitsuagoak. Diskorako aukeratu genituenak bideoarekin hobeto zihoazenak izan ziren, bideoa bera ere iluna baitzen. Bilbo agertzen zen, baina garai hartako Bilbo gris hura, Guggenheimgo obrak agertzen ziren...
Askok beti lotzen zaituzte BAP, Negu Gorriak, Inoren Ero Ni eta Anarirekin soilik, baina Parafunk, Javi P3z Orquesta, Trio Kempes eta bestelako proiektu alaiagoetan ere aritu izan zara. Nahiz eta oraingoa ez den berdina, erritmo horietan arakatu nahi zenuen?
Gauzak sortzen hasten naizenean, horrantz jotzen dut, bai. Hor ikusten da agian nire erreferentziakzeintzuk diren: dantzarako musika, musika beltza, elektronika...
Ahotsarekin egindako lana ere agerikoa da, ezta? Vocoderra eta autotunea ere erabili dituzue.
Baxuaren eta bateriaren oinarri horrek ahotsak txertatu eta lantzeko sekulako espazioa eta aukerak ematen dizkizu. Ahotsarekin jolasteko aukera izan dugu, eta niri hori asko gustatzen zait.
Lehen ere aipatu duzu, baina musikak, ezinbestean, beste forma bat hartuko du zuzenekoetan, ezta?
Bai. Oraindik ezin dizut esan, baina azken entseguetan konturatzen ari gara zenbait kantak era biluzian ongi funtzionatzen dutela. Beste zenbait abesti aztertzen ez gara hasi oraindik, baina batzuetan ez dugu erabiliko ez sampler-ik, ez ezer: baxua eta bateria, gordin. Gu eroso egotea nahi dugu, baina, askotan, abestiek ez dute bestelakorik behar. Zuzenekoak prestatzen lana dugu oraindik egiteko, dena dela.
Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo helbide honetara: www.badok.eus
Mikel Abrego. Musikaria
«Beste zerbait egiten saiatu gara, saiatu behintzat»
Ia bi hamarkadaren ondoren, Mikel Abregok -Gailu proiektua berreskuratu du. Okene Abregorekin eta Xabier Olazabal 'Drake' aspaldiko lankideekin, 'Begiak, egiak ba ote' diskoa grabatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu