Txillida Lekuko zuzendaria

Mireia Massague: «Beste une batean gaude: oso une gozoan»

Eduardo Txillidaren mendeurrena ospatzeko, aldeko baldintzak baino ez ditu sumatzen Massaguek. Uste du oraindik asko dagoela ikertzeko.

Mireia Massaguer
Mireia Massague, Txillida Lekuko zuzendaria. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2024ko urtarrilaren 14a
05:15
Entzun

Goitik behera etortzen hasita zegoen Zabalaga baserria, Hernani kanpoaldean (Gipuzkoa), Eduardo Txillida eta Pilar Belzunze senar-emazteek erostea erabaki zutenean. 1983a zen, eta hurrengo urteetan buru-belarri jarriko ziren hura birgaitzen, harik eta artistaren proiekturik pertsonalenetako bat bilakatuko zen arte. Handik hamazazpi urtera, mende berrian sartu berritan, Txillida Leku izenpean zabaldu zuten jendartera museoa, ordurako artista gaixo zela —2002an hil zen—, eta hamarkada pasatxo iraun zuen museoaren lehen etapa hark; 2011n, proiektua «defizitarioa» zela-eta itxi zuten arte, oinordekoen eta instituzioen artean elkarrizketa gatazkatsuak izan ostean. Aldi berria duela bost urte hasi zen, museoaren gidaritza Suitzako galeria batek hartu zuenean —Hauser & Wirth—; ordutik dihardu hura zuzentzen Mireia Massaguek (Bartzelona, 1981).

Txillida Lekun non jarri nahi izan duzue azpimarra mendeurrenean? 

Azken bi urteak gogor aritu gara lanean gauza asko gerta daitezen 2024an baina hortik aurrera ere, eta ez bakarrik museoan —beste hainbat instituziok ere kolaboratuko dute mendeurrenarekin—. Museoan, batez ere, Txillidaren obraren eta ibilbidearen gaineko begirada berri bat eskaintzen saiatu gara. Abenduan inauguratu genuen lehen erakusketa, Maeght unibertsoa. Txillidak oso gazte Parisera ikastera joateko zortea izan zuen, beka batekin, eta 1950etik hasi zuen harremana Maeght galeriarekin —haiek sortu zuten Europako lehen arte fundazioa 1964an—. Hurrengo 30 urteetan bidelagun izango zuen, eta sorkuntza garai haietako izpiritua ekarri nahi izan dugu, giltzarria izan zena Eduardo Txillidaren formakuntzarako. Hurrengo etapari dagokionez, Telefonicarekin kolaborazio bat egingo dugu. Txillidaren bildumarik handiena duena da estatuan, eta 80ko eta 90eko hamarkadetan zentratuko gara, artistaren garapenaren azken urteetan, zeinak bat egiten duten, halaber, Txillida Lekuren sorrerarekin.

Argitalpenak sustatzen ere segitu nahi dugu, Arantxa Agirre dokumental bat egiten ari da museoaren historiaren inguruan —irailean aurkeztuko du—, eta, noski, gure ohiko kolaboratzaile sarearekin lanean segitzen dugu; tailerrak, ate irekiak eta beste antolatzen, museoa arrotza egin ahal zaion jendearengana gerturatzeko.

Zuk jakin duzu zerbait berria Txillidaren inguruan bi urte hauetako lanarekin?

Egia esan, bai. Ustez ondo ezagutzen duzun zerbait miatzen duzunean, beti deskubritzen dituzu gauza berriak. Bilboko Arte Ederretako museoarekin egin dugun kolaborazioan, adibidez, aldi baterako hartu dugu Topa-lekua IV obra, zintzilik jarri duguna, hamalau tonakoa, eta aukera eman digu artxiboetan gehiago begiratzeko, gutunak berreskuratzeko. Ezagutzen ez genituen plano eta argazkiak jaso ditugu. Uste dut edozein artistarekin ez dugula nahikoa denbora guztia jakitera iristeko. Baina hori ederra da: beti dago gehiago arakatzeko eta erakusteko. Etorkizuneko lan-ildoetako bat ikerlari gazteei horretarako espazioa ematea izan behar da horregatik, kapitulu berriak ezagutaraz ditzaten.

«Instituzio guztien babesa daukagu, Euskadikoena zein Estatukoena. Egia da beste une batzuetan zailtasunak egon zirela, eta hori ere bada museoaren parte».

Kargua hartu zenuenetik hona egindako bideari begiratuz gero, zer ikusten duzu?

Orduan ez genuela imajinatu ere egingo gero gertatu zaiguna. Pandemia bat, itxi beharra, gero berriz ireki... Gertatu den guztiak bertigoa ematen du. Baina orain ezin gara zoriontsuago egon. Jendearen babesa jaso dugu; berriz konektatu dugu lurraldearekin, kolaboratzaile handiak ditugu —instituzioak, elkarteak…—, konplizitate sare bat ehundu dugu, eta hasi da fruituak ematen. Uste dut azkenaldian jaso ditugun sariak ere —Europako Museoen Foroaren saria, gizarteratze kategorian; eta Espainiako Kultura Ministerioaren eskutik jaso berri dugun Arte Ederren Urrezko Domina— museotik egiten ari garen lanaren emaitza dela. Talde txiki bat gara, jende gaztez osatua; museo txiki garrantzitsu bat. 

Instituzioak aipatu dituzu, eta aurrez izan dira une garratzak haien eta artistaren ondorengoen artean. Babes falta salatu zuen orduan familiak. Zer sentsazio duzue egun?

Beste une batean gaude: oso une gozoan. Instituzio guztien babesa daukagu, Euskadikoak zein Estatukoak. Mendeurrenean aktiboki hartzen dute parte. Egia da beste une batzuetan zailtasunak egon zirela, eta hori ere bada museoaren parte. Museoaren ibilbidea luzea izan da, 80ko sorrera urteetan Txillidarentzat utopia bat izatetik ibilian ari garen azken hogei urte hauetaraino, museoaren izaera gertatu den guztiak eraikitzen du. Beti ikasten da, eta etorkizunari oso baikor begiratzen diogu.

Gustura zaudete atzerritik zein ingurutik heltzen den bisitari kopuruarekin?

Bai. 2020a eta 2021a oso urte zailak izan dira, baina kontziente izan behar dugu nazioarteko eta bertako bisitarien artean oreka bat topatzea oso inportantea dela. Atzerriko bisitariek ahalbidetzen digute publiko lokalari begirako hainbat jarduera egitea. Ditugun publiko guztien artean —eskolak, familiak, kanpokoak…— oreka bat topatzea da guretzat aberasgarria.

«Txillida espiritualtasun handiko pertsona bat izan zen. Ez dut [Zabalaga] baserria tenplu batekin alderatuko, baina uste dut energia diferenteak sentitzen dituzula han».

Txillidari buruzko zer irudirekin heltzen da jendea, zuen ustez? 

Nire ustez, oso gutxi ezagutzen da. Ikerketa gehiago egotea nahi genuke. XX. mendeko artista hauek oharkabean pasatzen dira belaunaldi berrien artean, eta gure lana da aldarrikatzea egin zuten lanak gaurkotasun handia duela. Txillidari dagokionez, abantaila haren obra publikoa da. Txillidaren obraren bat dagoen lekuetako jendeari gertukoagoa zaion artista bat da. Esango nuke horiek artistaren gaineko irudi batekin etortzen direla, baina beste zerbait deskubritzen dutela; landu zituela beste material batzuk, formatu txikiko lanak, eta, noski, Zabalaga baserria, oraindik ere museoko izarra dena. Uste dut askok oroitzen dutela museoak eragin zien lehen inpresioa, eta horrek asko esaten du.

Txillidak aparteko obratzat irudikatu zuen Txillida Leku, bere lanentzako «atsedenleku» gisa. Nola hautematen duzu zuk espazioa?

Txillida espiritualtasun handiko pertsona bat izan zen. Baserriak badu hori; igartzen da ez dela leku arrunt bat. Ez dut tenplu batekin alderatuko, baina uste dut energia diferenteak sentitzen dituzula han. Aurrekoan, Luisek [Txillida] esan zuen gauza bat gustatu zitzaidan: esan zuen bere aitari interesatzen zitzaiola obra bat harekin lanean ari zen bitartean. Gero uzten ziola bere bizitza izan zezan. Eta hemen antzeko zerbait gertatzen da: hamabost urte baino gehiago egon zen Txillida Lekuren proiektua lantzen, oso argi izan gabe gero museo bat izango zenik. Baina berdin egin zuen: leku bat sortu, hark gero bere bizitza izan zezan. Espiritu hori erabat dago hemen. 

Museoaren aldi berria ezaugarritzen du beste artista batzuen lanak gonbidatzeak, Txillidaren lanekin elkarrizketak sortzeko. Zer eman du bide horrek orain arte?

Batetik, berretsi da baserria agertoki ezin hobea dela edozein artistarentzat. Ikaragarria da nola balio dien palanka gisa obrei, berdin du artista garaikideenak izan, Phyllida Barlowekin gertatu zen bezala, edo Tapiesenak zein Mirorenak izan. Eta, bestetik, beste ideia bat ere berretsi da: ohartzen zara jendea, Miroren obra bat ikusi ostean, Txillidarengana beste modu batera hurbiltzen dela. Horrexen bila gabiltza, funtsean: jendeak esperientzia aberasgarri bat izan dezala artearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.