Musikaria

Galder Izagirre: «Beste perspektiba batetik abiatu nahi nuen, beste ni bat azaleratzeko»

Barnerantz begiratu du lore berritan ernatzeko; ia 30 urtean taldeetan aritu ostean, bakarkako ibiliari ekin dio Galder Izagirrek, eta ‘Esc’ estreinako lana plazaratu du, Forbidden Colours zigiluarekin.

Galder Izagirre
Galder Izagirre. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gorka erostarbe leunda
Irun
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Hiru hamarkada dira Galder Izagirrek (Irun, 1974) Dutekin bidea hasi zuela; lau urte oraintxe Berri Txarrak-ek agur esan zuela. Geldialdia, hutsunea, noraeza. Zer egin hainbeste urteko eskarmentuarekin, bizibidearekin? Barneranzko bidea hartu, berriro kanporatzeko. Enter tekla sakatu gero Esc bat proposatzeko. Birjaiotze bat, bakarrik eta bakarka; soiltasunez, baina ez konplexutasunik eta kontrasterik gabe. Hamar kantu norbere egitura sendotzeko, eta ondoren kolektiboan partekatzeko. Izen artistikoa ere izen propiotik: Galder. Lokala badu, Irungo bere auzoan, «baina ez entseatzeko, ez baitago intsonorizatua, nire gauzak bertan gordetzeko baizik». Tartean bateria kuttuna, eta beste hainbat kontu.

Ordulari bat duzu horman itsatsia, handi samarra, eta ordu bakoitzean irakur liteke orain hitza. Lan berriko kantuetako hitzetan badago hortik zerbait.

Oraina bizitzearena beti dut buruan, bai, baina letretan errepikatu zaidan ideia da une jakin hori non erabakitzen duzun zerbait iraultzea zure bizitzan, eta hori bada oraina, ez hainbeste unea bizitzearen ikuspegitik baizik eta erabaki hori hartzen duzun pertzepziotik, ihes egiteko, aurrera egiteko, beldurrak borrokatzeko, zernahi dela ere. Justu une hori harrapatzea. Gainera, orain hitza segidan jartzen baduzu, bihurtzen da noraino bat; orain noraino? Orainaren aldarrikapena bai, baina noraino? Noraino luza liteke orain hau? Ilunabarrean singlean abesten dut lelo hori...

Zure musika ibilbidera ekarriz, noiz, zer une jakinetan erabaki zenuen bakarkako ibiliari ekitea?

Oso gertutik jarraitu nuen Joseba Ponce lagunaren (Dut, Kuraia, Lisabö) JP Lohian bakarkako proiektua, eta une batzuetan zein zaila egin zitzaion. Nire asmoa zen maketa bat osatzen hasi eta gero lagun musikariekin grabatzea. Nire izaera taldekakoa izan da, taldean lan egitekoa. Baina pandemia garaia zen, hasi nintzen saltseatzen, programazioekin jolasten, eta ikusten nuen inguruan jende guztia nahiko liatua zebilela eguneroko kontuekin; beraz, ez zen erraza biltzea, eta neure kabuz aurrera egitea erabaki nuen. Bidea egin ahala, gauza batzuk argiago ikusten nituen. Une batera ezkero, melodia batek letra eskatzen zuen, kantu batek beste kantu bat…

Noiz jabetu zinen diskoa zenuela?

Maketa izan behar zuen horrek diskoa izan behar zuela ikusi nuen. Ahalik eta modurik zintzoenean jaso nahi nuen neuk egindakoa, gainerakoan arriskua baitzegoen freskotasuna galtzeko, maketako ideiak beste batzuekin grabatuta eta abar. Teknikoki agian ez ziren hain ideia onak, baina nik adierazi nahi nuen hori adierazten zuten. Konturatu nintzen gehiena eginda zegoela, baina ahotsa landu behar zela gehiago, batez ere ahotsa.

Zergatik ahotsa?

Aspaldi kantatu gabea nintzen, Duten garaitik, eta ez dut asko kontrolatzen, batez ere parametro teknikoak, nahasketak, neurriak, ekualizazio eta gisakoak. Baina konturatzerako banuen lana, eta bakarrik ekitea pentsatu nuen.

Iheserako garai egokiak dira?

Niretzat, diskoa egitea ez da iheserako bidea izan; paradoxikoki, Esc ez da eskaporako bidea izan, kontrakoa baizik. Gustatuko litzaidake entzulearentzat, edo norbaitentzat bederen, iheserako bidea izatea garai ilunotan. Niretzat, Enter moduko bat izan da, barrenera jo dut, ez kanporantz. Barrenean zer zegoen ikusi nahi nuen, eta jarrera horri eskerrak egin ahal izan ditut diskoko hainbat kantu: Ephemeroptera, Zarataren artean edota Herrari. Kantu horiek sortzeko, hondora jo behar izan dut, eta han zegoena azaleratu.

Iluntasuna dago soinuetan, hitzetan, baina irudipena da bizitzaren alde egiten duzula.

Nire bizitza ez da drama bat; zorionez, horretatik oso urrun nago. Iluntasuna gustatzen zait modu artistiko batean, soinuaren aldetik, irudien aldetik, estetikarenetik… Paisaia horietan sentitzen naiz eroso modu artistikoan. Pribilegio bat da iluntasunaz hitz egitea argitasunetik, eta agian horregatik egiten dut funtsean bizitzaren alde...

«Iluntasuna gustatzen zait modu artistiko batean, soinuaren aldetik, irudien aldetik, estetikarenetik»

Hitz gehientsuenetan dago argi printzarako tartea…

Bai, hori beti gustatu izan zait. Erraza baita dena zer kaka den esatea, edo norantz goazen kexu agertzea, edo zer zoramena den mundua oihu egitea: zailena da horri ekarpen bat egitea. Beharbada horren bilaketa bat dago letretan. Egon dadila esperantzarako tartetxo bat, edo Ephemeroptera-n esaten den bezala, egun batez izango dituzu hegoak eskuetan, eta izan dadila egun hori eternala.

Bateria jotzailea izan zara oroz gain; erritmo perkutiboak gidatu du kantuaren sorrera?

Ez, eta hori izan da, beharbada, kontzienteki egin ditudan gauzetako bat. Nik beti sortu izan dut erritmotik, eta taldean ere ekarpenak egin izan ditudanean egituretan eta abar, erritmotik egin izan dut gehienetan. Lan honetan, aldiz, hortik aldentzen saiatu naiz; bestela, inertziek beti naramate antzeko lekuetara, rockaren egitura jakin samarretara, eta rocketik alde egin nahi nuen. Hastapenetik esan nion neure buruari marrazki hau ezkerreko eskuarekin egin behar zela. Beste perspektiba batetik abiatu nahi nuen, beste ni bat azaleratzeko.

Nondik hasi dituzu, hortaz, kantuak?

Beste instrumentuetatik; sintetizadoreek pisu handia izan dute, beharbada deskubrimendu itzela izan direlako. Jolas bezala hartu dut, eta oso esker oneko tramankuluak dira. Parametro artistiko asko ematen dizkizute, eta haiei segika ibili naiz. Gero, bide bat hautatu eta egituratu behar duzu, baina ardatza haiek ematen dizute. Bestalde, baxua izan da beste elementu oso garrantzitsu bat; aurrez ezagutzen nuen arren, deskubrimendu bat. Herrari, esaterako, baxuaren soinu lerro batean oinarriturik dago. Baxua eskuratu, jolasean hasi, eta segituan atera zitzaidan lerro hori; sakelakoarekin grabatu nuen, eta bere horretan geratu da diskorako, ez nuen aldatu nahi. Ikusi nuen ezingo nuela soinu hori berriz erreproduzitu. Gerora etorri zen alde erritmikoa agertzen eta desagertzen joate hori, ondulazio hori, txori herrarien formak irudikatuz.

«Gitarra hiru sokarekin bakarrik jotzen dut, Drop C delako afinazioan, eta baxua, berriz, bi sokarekin»

Gitarra eta baxua noiztik jotzen dituzu?

Hori Dut-en garaitik dator, orduan ikasi nuen. Gitarra hiru sokarekin bakarrik jotzen dut, Drop C delako afinazioan, eta baxua, berriz, bi sokarekin. Gaur egun nahikoa erraza da: denbora izanez gero, eta proba-errorearen bitartez, bada, egiten da, baita behatz bakarrarekin ere. Beste gauza bat da ni ez naizela zuzenekoetarako gitarra jotzailea edo baxu jotzailea. Asko landu beharko nuke. Asko-asko.

Ilunabarrean izenburukoa atera duzu aurrerapen moduan. Kuraiaren Egunsentian-i keinua? Post-Kuraia kantu bat?

Bai, erritmoa ere oso Egunsentian-ena du. Kantu hau nahikoa erraz atera zitzaidan, eta neure buruari esaten nion: «Arraioa, ni hemen ibilia naiz». Orduan, haren kontrako bidea hartu beharrean, pentsatu nuen azpimarratu egingo nuela, eta atera bada zerbaitegatik atera dela. Omenalditxo gisa hartu dut, beste hainbat kantu bezala, aurreko nire ibiliaren omenalditxo gisara. Egunsentian kantu maitatua da niretzat, oso berezia, eta asko disfrutatu dudana Kuraiarekin jotzen. Eta iruditzen zait zirkulua ixteko polita dela hari ere omenalditxoa egitea. Berez, Ilunabarrean kantuaren amaieran Egunsentian-eko oihuak sartzeko asmoa nuen, «ooo o o o…». Baina ez; gehiegi zelakoan, ez nituen grabatu ere egin [barreak].

Baina diskoaren ildo nagusia ez da hori. Ostertz zabalagorantz egin duzu. Badaude, adibidez, Duten azken diskoaren hondarrei segida eman diezaieketen kantuak (Beldurrekin batera, Izotz zuriaren azpian, Zarataren artean…).

Bai, dudarik gabe. Horretan eragin handia izan du nik Joseba [Ponce] eta Xabirekin [Strubell] ikasitako afinazioak, estandarra baino baxuagoa dena. Re-n soilik goiko soka afinatzen da. 1990eko urteetako hainbat rock taldetan hasi ziren horrela afinatzen: Helmet, The Beyond... Guk ikasi ahala, eta gustukoak zirenak identifikatu ahala, erabiltzen genituen. Ez ginen gu izan aurrenekoak, ezta gutxiago ere. Baina jotzeko modu horrek ezinbestean zaramatza unibertso sonoro batera, eta, gainera, gustatzen zait unibertso hori. Nire nahia ez da kopiatzea, baizik eta eragin horietaz zipriztintzea eta hortik abia daitezela gauza guztiak. Duten kutsuak daude, eta Kuraiarenak eta Berri Txarrak-enak… Azkenean, ni naiz: nire background-a edo zutabeak hor daude.

Hirugarren abestiak Bilaketan du izenburu, eta Martxel Mariskalen hitzak ditu. Hortik abiatuta, badago lau kantuko segida bat diskoaren ugaritasuna adierazten duena, eta bilaketaren ideia hori azpimarratzen duena: dub elektronikotik, gitarra lodiak ditu abesti horrek berak; garage-punk elektronikoa da diskoari izenburua ematen dion Esc, post-punk eta pop dotore iluna Danse macabre, eta dub beltza, arabiar ukituak Herrari.

Hogei bat kantu banituen. Iritsi zen aukeratzeko momentua, eta oso zaila egin zitzaidan hogeitik hamar kantura pasatzea. Behin hamar kantuak aukeratuta, segun eta nola kokatzen nituen kantu horiek, diskoak ildo bat edo beste bat hartzen zuen. Apurtu nahi nuen disko bat entzuten hasi eta izan ditzakezun aurretiazko ideia horiek; uste horiek eraldatu nahi nituen: horregatik, lehen bost kantuak elkarren oso desberdinak dira, nahiz eta denak lotzen dituen hari bat egon. Ilunabarrean entzunda, baten batek pentsa lezake hortik doala, baina ez da horrela. Batzuentzat kaka zaharra izango da hori, eta beste batzuei gustatuko zaie. Enter egiteak esan nahi zuen: «Bilaketa batean nago, nire esentziaren bila». Bizitza guztian taldeetan egonda, ez dakizu zuk ere zer duzun barrenean, eta zer aterako duzun. Zeure buruarekiko daukazun galdera bat ere bada hori. Inertziak apurtu nahi nituen, estimulu asko daude, paisaia asko daude…

Amaiera dakar Ephemeroptera kantuak; mantra izpiritual moduko batekin hasten da, eta diskoa borobiltzen duen lelo bat dauka: «…bizitzeko egun bakar bat eternala balitz bezala».

Energia handia jarri dut egituren lanketan: abesti honek bi zati dauzka. Inertziak rock egituretara eramaten ninduen: estrofa-leloa, estrofa-leloa. Hori puskatu nahi izan dut, eta saiatu naiz kantuak entzuten zintzoki, ea zer egitura eskatzen zidaten. Kantu honen lehen zatiak eskatzen zidan halako une zerutiar atmosferiko instrumental bat, eta hori bukatzen ari denean zintzilik bezala geratzen da bihotz baten taupada litzatekeena, eta hor berriro egituratzen da kantuaren bigarren bizitza litzatekeena. Ideia polita iruditu zitzaidan ephemeropterarena, zeina den egun bakar bat bizi den intsektua, eta irudikatzen dut eternala balitz bezala biziko duela egun hori. Horrela, diskoa hasten da Beldurrekin batera kantuarekin, ezezaguna den bide bati ekitean izaten dugun beldurrarekin eta dudekin, askotan dudak beldurrak baitira, eta amaitzen da bizitzari egindako aldarrikapen horrekin, zeinetan egun bakar batez bada ere oraina gailentzen den.

Birsortze bat izan daiteke?

Nik uste dut baietz, eta espresuki izan dut buruan ideia hori: hemen hasten da dena berriro. Duten hastapenak askotan etorri zaizkit burura alde horretatik: ilusio hori, ordu guztiak horretara emate hori. Eta neure buruari jarri nion premisa zen: bai, diberti zaitez, baina ez errepikatu betikoa. Saiatu ikasten, saiatu harritzen, saiatu ezkerrarekin marrazten.

Zuzenekoak nola planteatzen dituzu?

2024ko udaberritik aurrera planteatzen ditut, eta neure buruari egindako opari modura ere bai. 50 urte egingo ditut, ez naiz ospakizun horien zalea izan, baina agertokian jotzea gustatzen zait gehien, eta hori egin nahi dut. Neure buruaren kontra aritu naiz nolabait, ez baitut diskoa egin zuzenekoetan pentsatuz, eta horrek beharbada arazoak emango dizkit. Beste taldeetan, kontuan izaten genuen zuzenekoa, eta saiatzen ginen gero zaila izango ez zitzaigun hura ez sartzen. Hemen ez diot erreparatu horri, eta kantuak eskatzen zidana sartzen saiatu naiz. Taldearekin nahiko nuke aritu, eta musikari multi-instrumentistak nahiko nituzke batu. Eta ez nuke nahi zuzenekoa diskoaren erreprodukzio fidelera lotua egoterik. Diskotik abiatuta zuzenekoa beste gauza bat izatea nahi nuke.

Zer musikari izango dituzu alboan?

Ezin dut aurreratu oraindik. Horretan ari gara.

Eta non kokatzen duzu zeure burua zuzenekoetan, berez bateria jotzailea izanik?

Ez daukat erabakia oraindik, eta aspalditxoan buruan bueltaka dabilkidan kontua da. Nire leku naturala eta agertoki batean egoten dakidan leku bakarra bateriaren babesaren atzean da. Ez dut irudikatzen neure burua bateriaren atzean ez den beste leku batean, baina era berean, zaila egiten zait bateria jo eta abestea aldi berean, nahiz eta egin izan nuen Duten. Lantzea da, ariketa kontua da. Baina beste instrumentu batzuk ere nahi nituzke disfrutatu zuzenean, lehen aipaturiko baxu lerro hori adibidez… Ikusiko dugu, baina lehenik entseatzeko lekua topatu beharko dugu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.