Beste mundu ilun horietan

John Anduezak 'Danba!' nobela beltza plazaratu du. Bilboko abokatu bat du protagonista, eta droga trafikoarekin lotura duen kasu batean kokatu du. Elkar argitaletxearekin kaleratu du lana

John Andueza idazlea, Danba! izenburupean plazaratu duen nobela berria eskuetan duela, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoen arloan egin izan du lan batez ere John Anduezak (Oregon, AEBak, 1966), baina letren mundua ere ez zaio arrotza. Zuzendari eta aurkezle ez ezik, gidoigile ere aritu izan da telebistarako nahiz zinemarako hainbat proiektutan, eta gaztetatik idatzi izan du. Gazte literaturako hainbat lanez gain, helduentzako lehen nobela duela hiru urte eman zuen argitara: Prime-time (Elkar, 2014). Genero beltza jorratu zuen orduko hartan, baina are beltzagoa da bere lan berria: Danba! izenburupean plazaratu du eleberria, Elkar argitaletxearekin.

Paula Badiola da kontakizuneko protagonista. Abokatua da, eta Bilbon bizi da, alaba nerabearekin. Lana eta alaba dira bere mundua, eta soseguz bizi da, baina, halako batean, gogoz kontra, defendatu beharreko kasu bat etorriko zaio, eta, orduan, «bere hiri berean, paraleloan, berak ezagutzen ez duen mundu ilun bat badagoela deskubrituko du, non drogak, prostituzioa eta krimenak dauden», Xabier Mendiguren editoreak azaldu duenez. Horrek bere bizitza lasaia zipriztinduko du.

Nobela beltzetan, sarri polizia bat edo detektibe bat izaten dira protagonista. Abokatu bat jarri du, ordea, ikerketa gidatzen Anduezak. «Zigor arlokoa da, baina eguneroko delituekin ibiltzen da, eta sekula ez zaio halako kasu bat egokitu». Bizitzak jarriko du ataka horretan, arazo «potolo» batean sartuta dagoen gazte bat defendatu beharko duelako. «Gazte horrek azalduko dio Bilboko alde ilun horretan zer-nolako istorio gogorrak gerta daitezkeen». Nahiz eta gauzak oso muturrera eraman dituen, istorio sinesgarria sortzea izan da Anduezaren tema, eta abokatuaren lanak hori ahalbidetuko ziola pentsatu zuen.

Istorioa Paula Badiolarekin hasi eta bukatzen den arren, beste hiru pertsonaiaren bidez ere garatzen da mamia, idazleak zehaztu duenez: Luki, Talan eta Yul dira hirukote hori osatzen dutenak. «Bilbon gaztetan ezagutu, eta gutxika-gutxika oso putzu itsusietan sartzen hasiko dira, hasieran nahi gabe, eta, une jakin batetik aurrera, eskuetatik joango zaielako».

Droga trafikoa eta beste hainbat putzu ilun joango dira agertuz kontakizunean, istorio gogor bat osatzeraino. «Ahalegin bat dago istorio garaikide bat egiteko, gaur egungo errealitatean oso sustraituta dagoena, gogorra eta broma gutxikoa». Liburuaren hasieran kontatzen denez, emakume baten gorpua topatuko dute Bilbon. «Eta ez da bakarra izango», aurreratu du idazleak. Hala, putzu ilun horiez hitz egiteko, tonuak ere beltza izan behar zuela garbi izan zuen Anduezak. «Lehen momentutik oso argi izan dut nobela gogor bat idatzi nahi nuela. Aurreko lanetan, baita Prime-time-n ere nahiz eta nobela beltza izan, beti saiatu izan naiz umorea sartzen. Baina kasu honetan erabaki nuen ez zela umorerik batere egongo; liburu osoan ez da zipitzik ere agertzen. Alde horretatik gogorra da, beltza izan nahi du».

Film bat abiapuntu

Istorioaren abiapuntua «duela urte asko» sortu zitzaiola azaldu du Anduezak, film batetik sortu ere. Michael Cimino zinemagilearen The Deer Hunter ikusi zuen aspaldi, non, Vietnamgo gerraren testuinguruan, protagonista heroinaren bidetik mundu ilun batean hondoratuz joaten den. Eszena batzuk iltzatuta geratu zitzaizkion idazleari. «Eta ziur asko hainbeste markatu ninduten, urte batzuetara ipuin bat idatzi nuen, Belaunaldi kronikoa izeneko istorio laburra. Baina hantxe geratu zen ipuin hura, tiradera batean ezkutatuta, pentsatzen nuelako tiraka hasiz gero agian ipuin bat baino zerbait gehiago egiteko aukera banuela harekin».

Tarte bat igarota istorioari berriro helduko ziola pentsatu zuen orduan; azkenean, 28 urte pasatu direnean egin dio tira hariari, nobela bihurtzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.