«Fuck you». Ingelesezko irain ezagunaren euskarazko transkripzioa hautatu du Atx Teatroak bere azken antzezlanari izenburua jartzeko: Fakiu. Iñaki Ziarrusta zuzendariak azaldu du zergatik. «Azken bolada honetan ikusten gabiltza leku guztietan bizikidetzari buruzko diskurtso bat hedatzen ari dela, eta biolentzia ororen ukazioa aldarrikatzen dela. Eta, noski, jakina da biolentzia gauza txarra dela eta ezin onartu daitekeela, eta gu ere konforme gaude horrekin. Baina ikusten dugu, era berean, egunero sufritzen dugula biolentzia bat edo beste, modu subliminalago edo agerikoagoan. Eta Fakiu da biolentzia baten aurrean biolentziaz erantzuteko eskubidea erreibindikatzeko ikuskizun bat». Fredi Paia bertsolariak idatzi du testua, eta azaroan estreinatu zuten, Elorrion (Bizkaia). Otsailetik aurrera berriz abiatuko dute bira.
Mahai bat. Hori da antzezlanaren eszenografia bakarra, eta haren inguruan hiru pertsonaia: sistema (Belen Cruz), sistemaren biolentzia pairatzen duena (Sandra Fernandez) eta sistemaren biolentzia aplikatzen duena (Gabriel Ocina). «Mota guztietako biolentziak ikusiko dira antzezlanean», azaldu du Ziarrustak. Baina zehaztapen bat ere egin du: ez dago euskal gatazka deitutakoarekin zuzenki lotutako biolentziarik. «Badago horren inguruko nahikoa debate, eta uste dugu ez dagoela zertan erakutsi. Guk nahi dugu ohartarazi beste biolentzia asko badaudela, eta egunero jasaten ditugula». Bada non hautatu, halere, zuzendariak dioenez. Eta luzea da horregatik eszenaratuko dituzten bortizkerien zerrenda: hezkuntza sisteman ematen dena, familietakoa, emakumeen aurkakoa...
Mahaiarena ez da kasualitatea. Ziarrustak azaldu du zergatik: «Giza eskubide guztiak, eta guztiak esaten dudanean guzti-guztiak dira, guz-ti-ak, ez dira onartu mahai baten inguruan lasai-lasai hitz egitera eseriz: emakumeen sufragio unibertsala, esklabotzaren amaiera... Beti egon da borroka bat, zeinaren bidez gauzak konpondu ahal izan diren». Eta berak bizitako adibide bat jarri du adibidetzat Ziarrustak; intsumisioaren kausa. «Hamabi urteko inhabilitazioak, jende pila bat kartzelan... eta mugimendua hasi zenetik zazpi urtera kendu egin zuten soldaduska. Jode, onartu zezaketen lehen egunean! Ez inhabilitatu jendea, ez kartzelatu jendea, ez ezarri errepresio poliziala, kentzea genuen soldaduska hasieratik bertatik denok mahai baten inguruan eserita!».
Antzezlanaren kasuan, publikoak erabakitzen du emanaldia nola bukatuko den. Bozketa bat ere egingo dute horretarako. Ziarrusta: «Publikoak erabakiko du biolentziarekin erantzuten edo biolentziarekin erantzun gabe amaitzen dugun ikuskizuna». Ikuskizuna eten egiten dute momentu batean, eta ikusleek bozkatu egin beharko dute bukaera baten ala bestea nahi duten. Esku programa erabiliko dute horretarako. Orriaren alde berdea altxatu beharko dute biolentziarik gabeko amaiera nahi dutenek, eta paperaren alde gorria biolentziaz erantzutearen alde daudenek. Beraz, emanaldiz emanaldi ateratzen den emaitzaren arabera eskainiko dute bukaera bata edo bestea aktoreek.
Erdibiderik gabe
Erdibiderik ez da izango, halere, Ziarrustak dioenez. «Ez bustitzea berde bozkatzea bezala kontatuko dugu. Parterik ez hartzea da estatuaren biolentzia onartzea, eta, horregatik, jendeak bozketan ez badu parte hartzen, guk interpretatzen dugu eurek onartzen dutela biolentzia hori, eta onartzen dutela ez dela bortizkeriarekin erantzun behar». Ekidistantziarako aukerarik ez, beraz.
Bi emanaldi izan dituzte orain arte. Azaro amaieran egin zuten estreinaldia, Elorrion (Bizkaia), eta Bilbon ere izan dira abendu hasieran; Ziarrustak dioenez, harrera ona izan dute. «Bitxia da ohartzea bizipen biolentoak izan dituzten ikusleek nola esaten duten ikuskizuna nahiko light iruditu zaiela, eta nola esaten duten oso gogorra egiten zaiela bizipen bortitz espezifikorik izan ez duten ikusleek».
Antzezlan zehatza bera baino gehiago, konpainiaren lan egiteko modua azpimarratu du Ziarrustak. «Horrek definitzen gaitu». 2010ean sortu zen konpainia, eta Gabriel, Gabrielle bakarrizketa izan zen sortu zuten lehen lana; Gnosia kalerako pieza egin zuten ondoren, eta azkenaldian hiru antzezlan taularatu dituzte: Arren ganbara eta emeen sotoa 2014an, Bihotz salataria aurtengo maiatzean, eta Fakiu orain. Estetikari pisu berezia eman diote beti, eta hori ere bada konpainiaren nortasunaren parte, Ziarrustak dioenez. «Beti saiatzen gara apur bat eskemak apurtzen. Badago testu bat, noski, baina begietatik sartzen dena oso inportantea da, zeren, hain justu, begietatik sartzen dena badoa intelektutik pasatu gabe gorputzeko hesteetara edo erraietara, eta hor badago informazio inportante bat. Saiatzen gara krak bat sortzen ikuslearen begietan».
EMANALDIAK
Leioa. Otsailaren 4an, Maratila jaialdian.
Senpere. Otsailaren 17an.
Luhuso. Otsailaren 18an.
Gernika. Martxoaren 3an, Lizeo Antzokian.
Bidarte. Maiatzaren 12an.
Donostia. Otsailaren 19 eta 20an Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan.
Beste masaila ez jartzeaz
Bortizkeriaz erantzuteari buruzko gogoetak dira Atx Teatroaren 'Fakiu' antzezlanaren ardatza. Fredi Paiak idatzi du testua, eta Iñaki Ziarrustak zuzendu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu