Trikitia gorbataz jantzi duela dio Xabier Aburruzagak (Portugalete, Bizkaia, 1978). Hala deskribatu du Geure izeneko diskoa: «Dotorea da». Bere ibilbideko hirugarren lana da, eta soinu propioa bilatu nahi izan dio. Abestien alde egin du horretarako, eta zenbait tartetan trikitia isilik uztea erabaki. Beste musikariei arnasa emateko izan da, baina baita trikitiari mesede egiteko ere. «Etengabe presente izan gabe, entzulea berriz ere trikitia sartzeko gogoz eduki nahi nuen». Jo du jazzera eta jo du bluesera, baina folka izan du beti oinarri. Eta badu horren frogarik: bere aitaren panderoarekin grabatu ditu diskoko abestiak. Juantxu Aburruzaga pandero jotzaileak erabilitako tresna berarekin. Sustraiekin. Dioenez, pozik dago egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin, baina behin-behinekoa da «gorbata». «Argi dut nondik natorren: trikitilari xume bat naiz».
Joseba Tapia eta Kepa Junkeraren eragina aipatu duzu. Haiek dira, agian, azken urteetan trikitia noranahiko bilakatzen lagundu dutenak.
Bai, eta gu eurek ibilitako bidetik goaz. Ez da gauza bera bide berriak jorratzea edo horiek ikusita aritzea. Bidea lauagoa dugu. Oso trikitizalea naiz, baina guztien gainetik Kepa [Junkera] eta Joseba [Tapia] dira niretzat nagusiak. Lagunak ditut, gainera. Haien diskoak jartzean, lehen nota entzuten dudanetik argi dago haienak direla. Hori da eurek lortu dutena, eta hori da zailena dena.
Oso trikitilaria zara zu zeu. Baina diskoan beste tresnei ere protagonismo handia eman diezu.
Bai, neure sonoritatea bilatzeko izan da. Trikitilarien diskotan, oro har, oso presente izaten da trikitia, eta batzuetan nekatu egiten zara horregatik. Eta nire helburua izan da trikitiaren gosea piztea. Entzulea trikitia berriz noiz sartuko eduki nahi genuen. Beti saiatu naiz kantuaren onerako aritzen, eta, une batzuetan hoberena ni isiltzea zela pentsatuz gero, isildu egin naiz, eta kito.
Kosta egingo da hori batzuetan.
Urteekin ikasi egiten duzu. Garai batean, grabazio gelan zure trikitia bakarrik entzuten duzu, eta nota guztiak ongi jo ote dituzun adi egoten zara. Urteekin, pauso bat atzera egin eta kanta osoa entzuten duzu. Agian diskoan egongo dira nota batzuk erabat ondo egongo ez direnak, baina egindako toma ona izan bada ez nau gehiegi kezkatu horrek. Orain trikitiaren munduan errespetu bat badugu, eta ez dugu ezer demostratu beharrik. Josebak ere [Tapiak] proiektu eroak egiten ditu, nire ustez, oso ederrak direnak, marketin edo salmentez paso eginda. Hori txalotzen dut, eta nik uste dut hari ikasi diodala sentitzen dudana eta nahi dudana egiten. Nik konposatutakoak dira diskoko hamahiru kantetako hamabi [Jose Urrejolarena da bestea], eta trikitia isilik baldin badago nik erabaki dudalako izan da.
Xabi's Road kantak laburbil dezake diskoaren asmoa. Panderoa du, dantzatu daiteke, baina jazz hotsadu.
Ijitoen musikaren oihartzuna du. Bireli Lagrene, Django Reinhardt eta halakoen kutsua hartzen du, baina trikitiaren esentzia mantentzen saiatu gara kanta gehienetan. Panderoa eta trikitia. Gainera, nire aitaren panderoarekin grabatu dugu. Bera pandero jotzailea zen. Ni Ezkerraldekoa naiz, eta, beraz, mundu erdaldunetik nator. Eta aitaren partez jaso dut nik trikitiaren erreferentzia. Haren pandero zaharra eraman nuen estudiora. Beste hogei bat ere eramango genituen probak egiteko, baina Mikelek [Ferndandez Krutzaga ekoizleak] bat hautatu, eta kasualitatez aitarena izan zen. Ilusioa egin zidan, eta aitaren lana hor gelditu da diskoan. Aitortuko dizut, halere, hari gehiago gustatzen zaizkiola nire lan zaharrak. Lehenengoa, batez ere: Bizkaiko trikitixa. Bigarrena, Denboraren naufragoa dotorea iruditzen zaio, baina gitarra eta sartzen denean ez du guztiz onartzen. Oraingoan ere oso gauza dotorea egin dugula uste dut, eta beldur naiz etorkizunean maila hau ematea ez delako erraza izango. Kontzertua prestatzeko ere gogor egin beharko dugu lan.
Zeuk ere aitortu duzu: aurreko diskoarekin trikitiaren ohiko erregistrotik beste norabait jauzi egin nahiaren nahiez, bidea galtzeko zorian ibili zinen.
Niri jazza asko gustatzen zait, fusioaren arloa, batez ere. Asko gustatzen zaizkit Richard Bona eta Bell Affleck. Affleckek banjoa jotzen du, guretzat trikitiaren parekoa izan daitekeena, baina uztartu egiten du jazzarekin, eta hizkuntza bat asmatzen du propioa. Hark badaki countrya jotzen, baina soinu propio hori bilatzen du. Eta nik ere ikuspegi bera daukat. Nik ere badakit nondik natorren. Trikitilari xume bat naiz. Ez dut hori galdu nahi.
Disko honetan agian argiago izan duzu hori hasieratik?
Bai. Aurrekoan nahi nuen zer edo zer berria egin. Kontrak sartu eta kantuak egin eta... [marmarian abesten hasten da, erritmo hautsiko trikiti doinu bat], demostratzeko nik banuela beste kultura musikal bat. Eta Mikelek [Fernandez Krutzagak] ikusi zuen talka hor. Kantu guztietan gauzak egiten nenbilela esan zidan, eta horrek ez ziola uzten kantari arnasarik hartzen. Gogorra da norbaiti entzutea zure lana ez dagoela ondo. Abisua eman zidan hala segituz gero ez nintzela folkean geldituko eta ez nintzela jazzean arituko. Jazzean jendeak hastapenetan nagoela pentsatuko zuela esan zidan, eta folkean jendeak burua galdu nuela usteko zuela. Erdibide horretan geldituko nintzela esan zidan. Produkzio lanarekin hastean, folkerantz jo genuen. Oso gustura nago disko harekin, eta lau berrargitalpen egin ditugu. Ikaragarri ikasi nuen lan harekin. Hasieratik nora jo argi izan ezean, ikusi nuen erraza zela basamortuan galtzea. Eta aurreko diskoa oso lagungarria izan da oraingorako. Orain zuzen jo dut kanten bila. Baina ez da erraza.
Zergatik?
Orain diskoa entzutean oso ongi ulertu dugu musikari guztiok zer egin dugun, baina bidean izan zen une bat batzuk argi ikusten ez zutena. Grabaketan atera zen eguzkia. Orduan ulertu genuen aurretik egindako lana. Lehen kanta idatzi nuenetik bi urte eta erdi pasatu dira. Badago jendea diskoa urtero egiten duena; nik denbora gehiago behar dut. Entzun, moldatu, aldatu... Eta prozesu hori oso polita da.
Hasieran beste bat zen diskoaren izenburua. Neure izeneko lana grabatzera sartu zinen estudiora, eta Geure izenekoarekin atera zara.
Bai. Trikitixa Elkarteak aurreratu zuen titulua, eta gaztelerazko prentsan mío gisa itzuli zuten (nirea). Baina ez zen hori. Hitz horrek badu zentzu posesibo negatibo bat, eta ez zen hori nik nahi nuena. Neure ilobatxoa neure da, adibidez. Horren haritik aipatu nahi nuen, ez zentzu posesiboan. Ohartu nintzen azalpenak eman behar banituen ez zela agian titulurik onena, eta horregatik hautatu genuen geure azkenean. Guk ulertzen genuen, baina gure ingurutik kanpoko jendeak neure hori posesiboan ulertzen zuelako.
Izenburuaren irakurketa musikalagoa egin du ekoizleak. Folk musikari batek egiten duenetik gutxi dei dezake «neure», gehiena du «geure».
Musikari gisa entzun dituzun musika guztiak dira zure parte. Tapia miresten dut, Maurizia [Aldaiturriaga], Laja eta Landakanda, Rufino Arriola, Oskorri, jazza, James Taylor... Banabil berriz gauza berriak prestatzen hasita, eta berriz trikitira bueltatzen nabil. Sustraietara. Trikitia eta panderoa, biluzik. Ez da ezer demostratzeko, baina ni trikitilaria naiz. Disko hau izan da... Zapatuan izan dut ezkontza bat lehengusuarena, eta trajearekin joan naiz, gorbatarekin. Egun horretan ezagutuz gero, pentsatuko duzu halakoa naizela, baina normalean ez naiz hala ibiltzen. Diskoan gorbatarekin nago, baina nire errealitatea bestelakoa da, eta, nire ustez, hori ez dut inoiz ahaztu behar. Beste maila batean zaudela pentsatzen duzun unean fusio horretan galdu egingo zara. Oso argi dut hori.
Xabier Aburruzaga. Trikitilaria
«Beste maila batean zaudela sinetsiz gero, fusioa egiteko bidean galdu egingo zara»
Sustraiak erabat ez askatzea da trikitia bestelako doinuekin uztartzen saiatzeko bidea, Xabier Aburruzaga musikariaren ustez. Hala sortu du, behintzat, 'Geure' diskoa; bere ibilbideko hirugarren bakarkakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu