«Ezinezkoa da Jaiotze basatia berriz ateratzea, disko horrek 30 urte baino gehiago baititu, baina saiatu gara esentzia hori bilatzen». Aitor Gorosabel gitarra jotzaile eta abeslariak azaldu duenez, hastapenetaraino jo du Su Ta Gar taldeak estudioko bere hamabigarren diskoa sortzeko abiada bila. 1991. urtean kaleratutako lehen disko haren oihartzuna dakarrelako azkenak ere. Alarma deitu diote lanari, eta Jo Ta Ke Ekoizpenak zigiluarekin eman dute argitara. Abenduaren 6an zabalduko dute lana hala CD formatuan nola plataforma digitaletan, eta martxoan argitaratuko dute biniloan, LP bikoitzean.
Guztira, ia ordubetekoa da lana, eta 11 kanta biltzen ditu, baina Alarma egoera abestia da oraingoz zabaldu duten singlea. Erritmo bizian doan heavy kantu klasiko bat, Su Ta Gar taldearen hasierako diskoen abiadan. «Gero eta nabarmenagoa da/ klase arteko arrakala./ Berarentzat eskatzen ditu agintariak/ txalo zaparradak». Eta leloa ondoren: «Bizi oso bat zaurgarritasunean,/ bizi oso bat alarma egoeran». Gorosabelen gitarra soloen melodia bizi, garden eta ezaguna dator horren ostean, pasarte musikal erritmikoago bat, eta, beraz, hasi eta buka, Su Ta Gar taldearen zigilua darama kantak.
«Disko guztiek dute gure esentzia», azaldu du Gorosabelek, «baina, oraingoan, saiatu gara gaur egungo taldeei begiratu beharrean hasierako urteetan gehien eragin zigutenen erreferentzietara itzultzen».
Eta baietz Xabier Bastida gitarra jotzaileak ere, hortan saiatu direla diskoa sortzeko. «Batzuetan ematen du musikalki garapen bat egon dadin etengabe aldatu behar dela bidez, eta balekoa da hori. Guk sentitzen dugu gure hurrengo pausoak beti gustuko izan dugun bidean joan behar duela, eta, gainera, garatuz goaz gu ere, ez baitaude bi disko berdin. Baina argi daukagu betetzen gaituen musika estiloa hau dela: speed metala, thrash metala, bonbo bikoitza, parte lasaiagoak, riff itsaskorrak... Hor sentitzen gara eroso, eta hor sentitzen dugu gure esentzia, eta hori aldarrikatu nahi dugu. Zergatik ez jarraitu hor?»
2016an kaleratu zuten estudioko azken diskoa, Maitasunari pasioa izeneko amodiozko kanten bilduma, eta 2013koa da beren aurreko diskoa, Bizirik gaude. Eta, taldekideek onartu dutenez, «luze» egin zaie Alarma kaleratu arterako tartea. Bastida: «Gogotsu geunden. Baina ez da izan geldi egon garelako».
30 urte bete zituztenean, bira berezia antolatu zuten, esaterako, eta hura amaitu eta berehala hasi ziren Alarma diskorako abestiak sortzen. Pandemia heldu zen, ordea, itxita zeuzkaten kontzertu guztiak bertan behera gelditu ziren, zaildu egin zitzaien entseatzea, eta, horrenbestez, moteldu egin zen sorkuntza prozesua ere.
30 urte abiada bizian
Azkenean, aurtengo martxoan hasi zituzten grabaketak, Berrizen (Bizkaia), Lorentzo Records estudioan, Aitor Ariño teknikariarekin, eta «lasai» aritu direla esan dute, tarteka kontzertuak emateko geldialdiak ere eginda. Gorosabelekin eta Bastidarekin batera, Igor Diez baxu jotzaileak eta Galder Arrillaga bateria jotzaileak osatzen dute taldea duela hamar urtetik. Eta estudioan izan duten lasaitasunari esker musikari guztien ekarpenak gehiago igarri direla azaldu du Gorosabelek. «Ez dugu maketa bat izan hasieratik, eta bakoitzak bere konponketak egin ahal izan ditu horrela. Prozesua oso aberasgarria izan da».
Bastidak gogoratu duenez, 34 urte bete zituen taldeak abuztuan, eta ziztuan deskribatu du igaroaldi hori. Estudio lanez gainera, zuzenekoak, taldearen historiari buruzko komikia eta bestelako bildumak ere kontuan hartuz, guztira hogei argitalpen egin dituztela zehaztu du. «Ekoizpen bat ia urte eta erdian behin», kalkulatu du musikariak.
«Hamabigarren diskoa da hau», nabarmendu du Bastidak, «eta, igual, hemen daude Su Ta Garren 30 urteko ibilbideko pasarterik indartsuenak. Uste dut horrek badaukala meritua».
Zalantza ere izan dute diskoaren formatuarekin, halere. Bastida: «Oker ez banago Jaiotze Basatia izan zen Euskal Herrian LP eta kasete formatuan ez ezik CD formatuan ere atera zen lehen diskoa». Baina aldatu egin da dena Alarma diskoa kaleratu dutenerako. «Gero eta gutxiago kontsumitzen da musika ordubetez jarraian, gero eta gehiago izaten dira abesti solteak eta motzak. Hemen, sei minututik gorako hiru kanta daude, baina ez daude entzun gabe pasatzeko moduko hamar segundo».
Durangoko Azokan izango dira taldekideak diskoak saltzen, eta martxo erdialdetik aurrera hasiko dira zuzenekoak ematen; emanaldi sorta bat jadanik badaukate itxita, ekainera bitarte.
Beste jaiotze basati bat
Su Ta Gar taldeak erroetara jo du estudioko bere hamabigarren diskoa osatzeko: 'Alarma'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu