Txomin Peillen. Idazlea

«Beste ikuspuntu batetik, Jon Miranderi eman diodan erantzuna da liburu hau»

Joan den apirilean argitaratu zuen Txomin Peillenek 'Minotauro' eleberria, Alberdania argitaletxearekin. Intzestua eta pedofilia gai nagusitzat hartuz, bortxatu duten neska batek bizi izan dezakeenaz eta izan dezakeen bilakaeraz idatzi du.

GUILLAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ttapa-ttapa hurbildu, atea ireki, eta erraz mintzatzen hasi da Txomin Peillen (Paris, 1932), iragan denboraz eta egindako ibilbideaz. Paristar euskalduna, irakasle izana, gaur egun euskaltzain osoa da, eta oraindik ere idazten segitzen du. Hamar bat obra eginak ditu: saiakerak, ikerketa lanak, poemak, eleberriak... Eta beste eleberri bat argitaratu du aurten: Minotauro.

Leandra da eleberri horren protagonista, eta haurtzaroan aitak hainbat aldiz bortxatu ondoren bizirik irauteko egiten dituen urratsak azaltzen ditu Minotauro-k. Bizi izandako urte ilunak, horien jasateko izan dituen lagunak, dudak eta beldurrak... Neska izatetik emazte izaterainoko bidea islatzen du Peillenen lanak.

Zertara dator eleberri hau?

[Jon] Miranderi eta [Vladimir] Nabokovi eman diedan erantzun bat da. Zer kontatzen dute haiek [Mirandek Haur besoetakoa liburuan eta Nabokovek Lolita-n]? «A, zer atsegina den pedofiloa izatea!». Nik erran nahi dut pedofiliak pertsona bat desegin dezakeela, osoki. Nola eraikitzen ahal da pertsona bat intzestua eta bortxaketa bizi izan ondotik? Hori aipatu nahi nuen.

Mirandek pedofiliaren xarma erakutsi nahi zuen, eta nik, kontrakoa, baina neskaren ikuspuntutik. Neskak zer pentsatzen du? Ez dakigu! Ez du pentsatzen? Haur besoetakoa-n, eta orokorrean ere bai, gizonak pentsatzen du; gizona entzuten da, eta neskak zer dio? Hori izan da ene helburua: hori erakustea.

Zuberoan gertatutako istorio bat hartu duzu oinarri gisa.

Bai, egiazki gertatutako istorio batez inspiratu naiz, XVI. mendekoa. Baina erran didate ez aipatzeko non gertatu zen eta nork egin zuen. Zeren familia bizirik da oraindik, eta hor, hiru semeek lepoa moztu zioten aitari, arreba gazteena bortxatu ondoren. Eta hori da eleberrian gertatzen dena.

XVI.mendekoa da, eta oraindik isilpean atxiki behar duzu?

Bai, bai. Zeren eta erraten baitute, ohorearengatik eta, ez dutela erran behar. Beraz, ez dut inoiz erranen non gertatu zen. Eta gauzen nahasteko edo, kontatzen dut Hego Amerikan gertatu zela. Edonola ere, gertakari horretan, garrantzitsua ez da Euskal Herrian edo beste nonbait gertatu den; garrantzitsua zera da, erakustea neska bat 11 urtetan bortxatua izan ondotik nola bilaka daitekeen emakume, zer bilaka daitekeen.

Gaia tabu bat da. Literaturak zer ekar diezaioke?

Pedofiliaz hitz egiten delarik, literaturan, neska hiltzen da normalean. Mirandek hori egin zuen. Eta ez dugu ikusten zer bilakaera duen. Eleberrietan, hiltzen da, eta hor bukatzen da. Baina, egiazki, zer gertatzen da? Bortxatua izan ondotik, nola egin behar da bizi puskatu horrekin segitzeko?

Munduan, minutu guztiez emazte bat bortxatua da. Normala da hori ? Zer egiten dugu? Europan, hobeki egiten dugu? Hori da erakutsi nahi nuena. Eta matxismo horrekin zer egin? Gizon izatea posible da emazte bat bortxatu gabe, eta gerlarik egin gabe.

Minotauro da liburuaren izena, eta Leandrak «munstro» bat bezala ikusten du aita. Zer da munstroa izatea?

Hor gibelean badago gizonaren eredu bat. «Gizon izateko, ez duzu negarrik egin behar! Gizon izateko, behar duzu indarra baliatzen jakin! Gizon izateko...». Eta hau eta hura. Eredu bat ematen zaio gizonari.

Nork ematen du eredu hori?

Gizartea horrelakoa da; mentalitateak ez dira aldatu. Eta hemen ez gara besteak baino hobeki ari: denak gara errudun.

Beraz, orokorrean, eta eleberrian ere bai, aita munstro bilakatu da?

Munstroa da.

Bai?

Badira munstroak. Harentzat, emakumea ez da pertsona bat. Nahi den bezala erabiltzen den gauza bat da. Eta badakizu, badira bi gauza nekez ikusten ditudanak sendatzen: bat matxismoa da, eta bestea, gerla. Biak dira gizonezkoen gauzak. Gerlaz idatzi dut; Ghandizalea naiz. Ghandiri poema bat egin nion. Matxismoaren beste forma bat da gerla, gizonen arteko zerbait. Eredu horiek aldatu behar dira, eta gizonok dugu hori aldatu behar. Aldatu, edo aldatuxe, ez baitut horrelako esperantza handirik gizonak aldatzen ahal direla.

Gizonen artekoak aipatzen dituzuino... Zure liburuan, hiru anaiak Leandraren ganbarara sartu, eta aita Leandra bortxatzen ikusten dutelarik, seme gehienak lepoa mozten dio aitari. Berriz gizonen arteko zerbait da.

Bai, batzuetan, gizonak esnatzen dira. Izan dira horrelako kasuak Zuberoan. Neskek ez dute hori egiten; ez dute pentsatzen aitaren hiltzea. Egia da gerta daitekeela aitaren hiltzea, baina... Ez da askotan gertatzen. Hego Amerikan, bortxaketen eta intzestuen kasuetan, horien % 95 ez dira aipatzen ere. Ez da kondenatzen. Erraten dute «honek erakarri nau», eta horrela pasatzen da. Hori ere aipatu nahi nuen liburuan; horrelako erantzun bat eman nahi nuen, zeren ez dakit anitz egin denez euskal literaturan...

Leandraren biziko hainbat etapa erakutsi dituzu. Bakardadea, beldurrak, oroitzapen ilunenek nola segitzen duten egunerokoan... Ez bada segurua ere, bukaera ederra emandiozu.

Tentazioa du bere burua hiltzeko. Orduan, Arminda agertzen da, emakume gogortu bat, biziak gogortua, eta lagunduko du ez itotzen. Gorputzean, aita bizi zuen garaiko zelulak desagertuak zaizkio, baina buruan dena hor egoten da beti. Eta, pixkanaka, bere nortasunaren azken puskak biltzen ditu: berreraikitzen da. Baina oroitzapena beti hor da. Bakartasun bat sortzen zaio, eta Martine ezagutzen du. Hark laguntzen du gizarteratzen, besteekin kontaktuan bizitzen. Bestela, barraskiloak bezala, koskoan sartuko zen. Talde batean integratzen da: gizarteratua da. Eta bi emazteak bihotzez lotzen dira.

Orain, zer espero duzu?

Nahi nuke kritikak izan daitezen. Azken finean, ni ere gizonezkoa naiz, eta saiatu naiz neska baten lekuan jartzen, baina ez dakit arras kausitu dudan. Eta nonbait sentituko da gizonezkoa naizela. Laura Mintegik esan dit lortu nuela neskaren ikuspuntua, baina kritika gehiago nahi nituzke.

Obra hau nola kokatzen duzu zure ibilbide literarioan?

Emakumea leku berezi bat hartzen ari da ene obretan. Eta, orokorki, erran nezake ene ibilbidea aski bitxia izan dela. Eman dezagun, Itzal gorria liburuan euskaldun komunista baten bizitza eta heriotza kontatu dut. Hau Joseba Sarrionandiaren eleberri gustukoa izan zen, eta presondegian zeukan. Lehenik, erran zidaten lapurtar klasikoan idatzi behar nuela. Zeren ez baikenekien zer hizkuntza erabili. Baina nork irakurri du lapurtar klasikoa? Sarrionandiak erran zidan behin: «Irakurri dudan lehen eleberria zurea da, baina hori euskara da? Ez da posible!».

Eta badut beste bat idatzia, Euskaltzaindiaren saria ukan zuena, baina geroztik lo dago: ez da sekula banatu! Kristina Bolsward. Hori nehork ez du irakurri. Kontatzen du emakume proletario bat nola bizitzen den Alemanian. Misoginia topatzen du han. Hori ez da sekula irakurri.

Hala ere, beste liburu batzuek arrakasta gehiago izan dute: Alarguntsa beltza liburuak, adibidez. Bahiketa mundu misteriotsu bat sortu nuen hor. Eta Nina Waita era azpimarra nezake: Andeetan pasatzen den istorio bat kontatzen dut liburu horretan, amerindiarren artean pasatzen dena. Eta hiru emakumeren inguruan gertatzen da dena. Gero, beste batzuk idatzi nituen irri egitekoak. Eta ohartu naiz ere euskaldunek ez dutela irakurtzen euskaraz; beraz, baditut batzuk gazteleraz idatziak. Argitaletxe batzuek errefusatu dizkidate liburu batzuk.

Zergatik?

Ez bainintzen modan, eta batzuetan, euskaraz idazten nuelako. Ez naiz sekula modan izan, eta hobe. Beti erraten dut hobe dela bigarren mailako idazle on bat izatea lehen mailako idazle txar bat izatea baino! [Irriak]

Miranderen adiskidea izan zara; zentsuraz ere badakizu zerbait.

A, bai, hori bai! Guk sexu libertatea aipatzen genuen, eta hori ez zitzaien gustatzen. Mirandek Haur besoetakoa eskaini zion Egan-i [1936ko gerlaren ondotik sortu aldizkaria zen Egan, 1954tik geroz Koldo Mitxelenak zuzendua, euskara hutsean]. Eta Mitxelenak erantzun zion: «Nik argitaratzen badut, akabo aldizkaria!». Garai hartan, apezek agintzen zuten, eta debekatu zuten Haur besoetakoa. Miranderen poementzat ere berdin. Ez zuten deus argitaratu nahi, deus! Mirande hil ondotik publikatu ziren haren poemak!

Haur besoetakoa 1953an prest zegoen, baina uste dut 1970era arte ezin izan zuela publikatu! Harritzekoa. Ez zuten nahi ! Baina, zinez, e! Kristoren kontrako poema bat ez zen aise pasatzen [Irriak]. Baina zaila egin zitzaion. Horretan egon zen pixka bat zintzilik, gaizki. Orduan proposatu nion Igela sortzea.

Zuentzat, zer izan zen Igela?

Zentsuraren kontrako zerbait zen, tresna bat, garai hartan egin genezakeen gauza bakarra. Han, nahi genuena esaten genuen. Lehenago, bazen Euzko Gogoa [Jokin Zaitegik 1950ean Guatemalan sortutako iritzi eta literaturari buruzko euskarazko aldizkaria]. Nahi zenuena publika zenezakeen Guatemalan zegoenean. Baina handik sartu eta Miarritzetik hasi zirelarik, [Piarres] Lafitte-etahurbildu zirelarik... Ufa! Euzko Gogoa triste bat bilakatu zen, hemengo apezek kontrolatua. Haiek heraldikaz mintzo ziren. Ohartzen zara zer den garai hartan heraldikaz mintzatzea? Eta guk, bistan da, ezin deus publika.

Nola oroitzen duzu garai hori?

Lau ginen: Federiko Krutwig Sagredo, Juan San Martin, Mirande eta laurak. Besterik ere bazen, bai. Bazen bat Hirigoi ezizenarekin idazten zuena, eta hori donostiar apez bat zen, Nemesio Etxaniz. Fenomeno bat, libre bat. Baziren hura bezalakoak, Euskal Herritik idatzi eta lanak guri bidaltzen zizkigutenak, Parisera! Horrek bide berri bat markatu zuen. Umorez ari ginen, eta horrek indar handia zuen. Euzko Alderdi Jeltzaleaz trufatzen ginen, adibidez [Irriak]. Baina sei ale bakarrik publikatu ditugu, urte batez. Igela liburuan, sei aleak agertzen dira: bilduma bat da. Eta hemen ale bat badut, erakutsiko dizut, baina ez emanen, kasu, e!

Zerk eman zion bukaera Igela-ri?

Zaila zen. Mirande gaizki zen. Propaganda egiten zuten gure kontra. Eta badakizu zer den? Orain, azkena naiz Mirande ezagutu duena. Esperientzia izan dut harekin, eta ez dut salbatu ahal izan. Badakizu, eri bat daukazunean aitzinean, ari zara borrokatzen pareta batekin. Adiskidea bipolarra denean zure aitzinean, zaila da. Hor ere bazuen eredu bat buruan sartua, matxista eredu bat... Nazia baina agian ez osoki matxista, indarkeriaren aldekoa zen. Eta ni horretatik urrun.

Zer nahi zuen ?

Gauza bat zuen: Mirande konturatu zen mendebaldea galdua zela, edo galtzen ari zela. Nola erran... Bai, bazela zerbait galtzen ari zena. Irakurri zituen Friedrich Nietzscheren, Oswald Spenglerren eta horrelakoen obrak, pesimistak. Halere, uste zuen bazela posibilitatea zerbait aldatzeko. Idatzi zuen artikulu bat ez zuena nehork publikatu nahi. Nik irakurri nuen, titulua zuen Giza gaindikoa, Nietzscheren obran. Meritokrazia aipatzen zuen, bakartasuna...

Uste zuen kanpotik etortzen ziren indarrek Europa deseginen zutela: komunistek eta musulmanek zutela mendebaldea deseginen. Parisen, Errusian komunisten kontra borrokatzera joan ziren batzuekin egoten zen. Nik ezin nuen haiekin egon. Ez zuten indarrik; ez ziren gai ezer egiteko, baina ideia biziki bortitzak zituzten. Miranderentzat, Jean-Marie Le Pen ere ez zen bortitza. Beste mundu batean bizi zen. Ongi zenean, abertzale zen; gaizki zenean, nazi. Euskaltzalea ere bazen: hori beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.