Jimmy Bidaurreta. Musikaria

«Beste estrategia batzuk bilatu behar dira aurrera egiteko»

Dantzarako doinu beltzei estu lotutako musikaria da Jimmy Bidaurreta. Dantza Baltza proiektuko hirugarren alea kaleratu du, Viorica kantari moldaviarrarekin ondutako lau kantuko EPa.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Musika beltza elektronikarekin eta ludikotasunarekin uztartzeko zeregina barru-barruan darama Jimmy Bidaurretak (Donostia, 1971). Tumbaito, Sonora Candela, Javi Pez Orchestra, Ortophonk eta beste hamaika proiektutan aritu ondoren, gaur egun Gasteiz Big Band zuzentzen du, eta bere izenarekin ere sinatzen ditu lanak. Gasteiz Big Bandekin single bat eta EP bat ditu kaleratuak, eta Luis Marianoren eta Jesus Guridiren ondarean ere arakatu zuen Dantza Baltza saileko lehenengo alean. 2008an, berriz, bere lehenengo disko luzea kaleratu zuen, Cosmonaut Camel. Orain, Viorica kantari moldaviarrarekin batera sinatutako lau kantuko binilo berde batekin itzuli da Bidaurreta. Aurreko guztiak bezala, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin kaleratu du.

Lau lan argitaratu dituzu beste horrenbeste 10 hazbeteko binilotan. Zein dira disko horiek lotzen dituzten hariak?

Gaztelupeko Hotsak-eko Xarrarengana jo nuenean, disko bat baino gehiago, proiektu oso bat proposatu nion: dantzarako musika beltz, elektroniko eta ludikoa bilduko zuen egitasmo bat. Nik estudioa etxean bertan daukat, eta merke eta erraz egiteko lanak dira. Eta hortik abiatu zen lana. Gero, lan bakoitza ezberdina da, baina badituzte ezaugarri komunak. Dantzarako diskoak dira, ludikoak, eta ukitu elektroniko bat dute Baina beti zentzu organikoarekin. Denborak esango du bilduma koherentea den.

Zure izenean sinatutako aurreko lanean Jesus Guridi konpositorea eta Luis Mariano tenorra ekarri zenituen XXI. mendera. Zer-nolako harrera izan zuen disko hark?

Egitasmo honen helburuetako bat esperimentatzea da, ludikoki eta umore handiarekin esperimentatzea. Eta disko horrek, adibidez, oso oihartzun bitxiak izan zituen. Euskadiko Txistulari Elkartearen webgunean azaldu da denbora luzez, adibidez. Azken batean, aurretik egindakoari errespetua izanda, freskotasuna ekarriko duten moldeek ere ongi etorriak izan behar dute. Tradizio eta pisu handiko musikak dira, baina egokitu daitezke beste soinu batzuetara. Eta, bide batez, Luis Marianoren figura erreibindikatu nahi nuen.

Nondik datorkizu euskal musika tradizionalerako zaletasuna?

Euskal musikaren urrezko aroa ordezkatu zuten Jesus Guridik eta Luis Marianok. Eta, gainera, oihartzun handia izan zuten munduan. Dantza Baltzaren helburuetako bat, hain zuzen ere, hori da: euskal ekoizpena mundu osoan kontsumitzeko moduan egitea. Los Angelesen disko hori entzuten duenak gertukoa baina aldi berean nortasun berezikoa dela pentsatzea da helburua. Eta ahaztu egiten zaigu, baina Guridiren euskal melodiak errepertorio sinfonikoko parte inportantea da. Mundu osoko orkestrek jotzen dute.

Bertsioekin segitzen duzu lan berrian, baina oraingoan oso molde ezberdinekoak aukeratu dituzu: Marisolek haurra zela ezagun egindako Tómbola, Burt Bacharachen The Look of Love, Bernard Hermannek Psycho filmerako eginiko musika...

Koherentziarik aurkitu nahi badiogu diskoari, esango dugu aita edo ama oso ezberdinekoak direla [kar, kar]. Denak dira Dantza Baltzaren kumeak, eta horrek lotzen ditu; baina, gainontzean, nahiko ezberdinak dira. Tómbola-k Tito Puenteren soinua izan dezake; The Look of Love balada bat da, eta Casino Royale filmean azaltzen zen jatorrizko bertsioari jarraitzen dio, nahiz eta elementu elektronikoak izan. Psycho-rena ia house bertsioa da.

Ser-G da zuk idatzi duzun pieza bakarra, eta baita abesten duzun bakarra ere. Serge Gainsbourg buruan?

Bai, bai. Bitxikeria bat da. Film labur baterako idatzi nuen, eta oraingo honetan sartu nahi nuen diskoan kantu propio bat. Eta Gainsbourg omendu.

Disko berrian Vioricakantari moldaviarrak abesten du, eta laster disko luze bat grabatu nahi duzu berarekin. Zer aurkitu duzu berarengan?

Gasteizen egon da bi urtez bizitzen, eta han ezagutu nuen. Baina bere herrialdean bidea egindako kantaria da. Asko gustatu zitzaidan nola abesten duen, eta jadanik hainbat lanetan aritu gara elkarrekin. Gasteiz Jazz Banden diskoan parte hartu zuen, baita Hotsak Dantzan 2 bilduman ere. Eta gure asmoa da elkarrekin lanean segitzea. Disko berrian bertsioak ere sartuko ditugu, baina batez ere guk idatzitako piezak izango dira. XXI. mendeko soul-funk moldeetan ariko gara. Urte amaierarako kaleratu nahiko genuke.

Baduzu proiekturik Gasteiz Big Bandekin?

Dantza Baltza bildumarako binilo bat prestatzen ari gara orain, eta ikusi beharko dugu nola doakigun urtea. Gaizki dago egoera, eta big band batentzat areago, jende asko garelako. Baionan joko dugu ekainean, eta, ondoren, Gasteizko Big Band Jaialdian ariko gara. Guk geuk antolatzen dugu, emanaldiak norberak bilatu behar dituelako.

Zaila dago zuzenean jotzea?

2011. urtea ona izan da, baina aurten zer gertatuko den ikusteko dago. Guri, adibidez, big banden jaialdia egiteko laguntza asko jaitsi digu Gasteizko Udalak. Baina bakoitzak asmatu behar du nola egin aurrera. Eta eutsi! Ez dago beste modurik. Urte txarra izango da, baina pentsatu beharko dugu nola egin aurrera. Gasteiz Big Bandekin, esaterako, kalean eta hiru mikrofonorekin jotzeko prestatuta gaude, jendearekin aurrez aurre, eta hori ere oso erakargarria da, ikusleek eskertu egiten dutelako artistak beren mailan egotea. Estrategiak bilatu behar dira aurrera egiteko.

Musika elektronikoa baina aldi berean dibertigarria eta dantzagarria aipatzen direnean, beti Javi Pezen izena azaltzen da. Baina nola dago eszena gaur egun Euskal Herrian?

Javi Pez erreferente bat da. Nik berarekin lan egin nuen Javi Pez Orquestan. Eta hor dago Makala ere. Momentu batzuetan, esaterako, Donostian Elektronikaldia antolatzen zenean, ematen zuen indartsuago zegoela dena, baina, tira... badira taldeak: Mamba Beat, Cherry Boppers. Ez elektronikari lotuak, baizik eta nolabaiteko espiritu bati. Niri hori interesatzen zait. Eta uste dut nahiko harroegon gaitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.