Letren munduan ez da hasiberria Antonio Casado da Rocha. Filosofian doktore izanik bioetikari buruzko hainbat testu argitaratzeaz gain, Henry Thoreauren biografia bat idatzitakoa da, haren zenbait lan itzulitakoa eta zenbait aipamen eta sari jasotakoa poesian. Gaztelaniaz aritu da beti. Baina euskaraz idatzi du lan berria, eta Esku ezkerraz izenburua jarri dio poema liburuari. Izan ere, «euskaldun berri bihurtzeko prozesuaz dihardu liburuaren muinak; beste eskua, beste hizkuntza nola erabiltzeaz», idazlearen hitzetan. Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratu du lana.
Poetek menderatzen ez duten «indar magiko batekin, hizkuntzarekin» jolas egiten dutela dio Casadok (Errenteria, 1970). «Nik, bederen, ez dut euskararen magia hau menperatzen». Bere lanean «larrimin bat» dagoela dio. «Ezin esan hori, euskaldun berri askok sentitu izan ditugun ezgaitasun edo zailtasun horiek izan dira poesia euskaraz idaztera eraman nautenak. Euskaltegian edo kalean esan gabe geratzen zitzaizkidan berbak, poemetan gero azaltzen ziren nola edo hala. Hiztun ona banintz, ez nituzke idatziko». Hizkuntza bat ikastean nork bere hiztegia osatzen duen moduan, liburu osoa bere hiztegi pertsonala dela azaldu du. Poesiak gizaki baten bizitza islatzen du, eta bereak bere unibertsoa, euskaldun berri batena, lanbidez EHUko Filosofia Fakultateko irakasle dena. «Filosofia bada gure denbora kontzeptuetan azaldua, poesia gure denbora irudietan azaldua da, nire ustez». Biak bereizten ditu; «ideiak fakultatean utzi», eta poesia egitean «objektuei so» egoten da.
Euskara «serio ikasten» 30 urte pasatxorekin hasi zen, eta bidean topatu zituen oztopoetako asko psikologikoak zirela jabetu zen: konfiantza falta, hanka sartzeko beldurra... «Lasaitu ederra» hartu zuen Angel Errok aldarrikatutako Euskaldunberrien estatutu politiko berria irakurri zuenean. «Eskubide horiekin indarberriturik ekin nion euskaraz liburutxo hau idazteari. Ergelkeria horren kontra aritu naiz, alegia, ama hizkuntza euskara ez dugunok euskarazko poesia idatzi ezin dugula dioena». Horregatik, «liburuak balio literarioa baino gehiago, zerbait terapeutikoa» duela dio, euskara ikasten ari direnentzat «autolaguntza» gisako zerbait. Haren poemak ez dira beste poetentzat idatziak, «lehen botean harrapatzeko modukoak» baizik.
Hainbat poetari erreferentzia egin badie ere, Euskal poetak euskaltegira atalean Joseba Sarrionandiaren presentzia nabarmena dela dio. «Kartzelak leku handia du euskal literaturan. Euskaltegiak, ordea, oso txikia». Hainbeste euskaldun berri egonik, harrigarria zaio hori. Bere ekarpena egin nahi izan du «ezkerreko eskuaz idatzitako poemekin».
Paisaiaren garrantzia
Idazlearen gaztelaniazko poemak ezagutzen zituen Angel Errok, hitzaurrearen egileak, eta euskaraz nola izango ziren izaten zuen buruan. «Pentsatzen nuen pena zela halako poemak egingo zituen euskarazko poeta bat ez egotea, poesiari eskatzen diodan ia guztia zegoelako haietan: asmamena, goxotasun ironikoa, eguneroko gai eta osagai arruntei erreparatu eta begi zein hitz zorrotzez sakon bilakatzeko trebetasuna, bertsolerroaren sena». Lan berrian ezaugarri horiek guztiak daudela dio Errok, eta «amets bat» bete zaiola.
Casadoren poesian paisaiak duen garrantzia nabarmendu du Errok, «giro hiritar batean naturak duen sarbide modu bitxia». Halaber, eguneroko esamoldeak «garbitu» eta poetak haien azpian dagoen «distira poetikoa» aurkitu izana goraipatu du.
Beste eskuaz idatzitako poemak
Antonio Casado da Rochak «euskaldun berri bihurtzeko prozesuaz» dihardu bere euskarazko lehen poema liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu