Giro bat sortzen du Elena Setienen musikak, giro atsegin eta etxeko bat. Kantuen oinarrian, perkusio arin bat eta piano, organo eta sintetizadore soilak daude. Haien gainetik, musikariaren ahots bereizgarria, geruzatan elkarren gainean nahastuta. Pop abestiak ematen ditu horrela, ederrak, zuzenak eta ñabarduraz beteak. Jolasean bezala sortzen ditu, gainera, esperimentatuz, eta moldaketek harrapatu egiten dute entzulea, baita hunkitu ere, maiz.
Setienek 2019an argitaratu zuen bakarkako hirugarren diskoa, orain arteko azkena:Another Kind of Revolution. AEBetako Thrill Jockey zigilu entzutetsuarekin ateratako lehen lana du. Iraultza, Setienentzat, sinpletasunera itzultzea da, egunerokoaren edertasuna erakustea. Naturaz eta bizitzaz abesten du.
Ez du alferrik zabaldu Dabadabak mezu hau kontzertua deskribatzeko: «Itzuli da magia». Setien etxean ariko da, eta halatsu sentituko dira entzuleak ere.
Musika. ELENA SETIEN
Beste era bateko pop iraultza bat
Noiz: Larunbatean, hilak 29, 19:00etan. Non: Donostiako Dabadaba aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu