Anje Duhalde. Kantari eta musikaria

«Beste bide eta formatu batzuk jorratu behar ditudala uste dut»

Musikan bide luzea egindakoa da Anje Duhalde. Errobiren garaietatik gaur egunera arte, ibilbide oparoa egin du, eta horren lekukotza jaso berri du zuzeneko disko batean. Etorkizuna, baina, miran du.

BOB EDME.
Arrangoitze
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Anje Duhalde (1950, Arrangoitze) 17 urte dituenetik dabil murgildurik musika munduan. El Fuego taldean hasi zen; Errobi eta Akelarre talde ezagunetan ere aritu izan da, eta, ondotik, bakarkako bideari ekin zion. Orain, Ibilean zuzeneko diskoa kaleratu berri duela, ziklo bati amaiera eman eta hausnarketa fase batean sartzear da musikari lapurtarra. Bihar, Donostian aurkeztuko du diskoa, Viktoria Eugenia antzokian.

Urte ugari daramatzazu musika munduan.

1973an grabatu nuen lehen diskoa nire izenean, bi kanturekin, Goizero eta Beste batekilan kantuekin. Bietan, Daniel Landartek egin zituen hitzak, eta nik musika. Hor Mixel Ducaurekin hasi ginen kolaborazio bat egiten; disko horretan parte hartu zuen hark ere. Ondotik, 1974an atera genuen Errobiren lehen diskoa, bikote moduan. 1977 eta 1978 artean ibili ginen bikote bezala, ikusita azpiegiturak nolakoak ziren, errazago baitzen guretzat bikote gisa ibiltzea. Garai hartan, kantaldi hitzaldi delakoak ere egiten ziren, eta askotan gertatzen zen lau edo bost kantari biltzea kantaldi bakoitzean. Horregatik ere, errazago zen bikote gisa ibiltzea. Errobi taldeak sei urte iraun zuen, 1974tik 1980ra arte. Ondotik, 1981ean, bakarkako lehen diskoa egin nuen, Errobiren hegitik izenekoa; Akelarre taldean sartu nintzen, eta han beste lau urte igaro nituen.

Zergatik erabaki zenuen Errobi utzi eta bakarkako bidea hastea?

Nik uste talde baten bizia mugikorra dela beti, nahiko arazotsua edo konplikatua ere bai. Talde batean nortasun desberdinak batzen dira, eta momentu batean nik ikusi nuen nik nire bide bertsutik jarraitu nahi nuela eta besteek, eta batez Mixel Ducauk, beste bide bat urratu nahi zutela. Horrela erabaki nuen nire bidea segituko nuela, eta horretan nago. Nahiz eta beste esperientzia batzuk izan, Akelarre taldean adibidez.

Maiz erran izan da Errobi izan zela Euskal Herriko lehen rock taldea edo, behintzat, ateak ireki zizkiena beste taldeei.

Nik uste bazirela beste musikari batzuk tokika ibiliko zirenak, baina egia da plazetan beste talde biziki gutxi ari zirela. Garai hartan zeuden Koska taldea, Gernika taldea, poperoagoa zena. Hegan taldea zen bakarra Ameriketako taldeen bertsioak egiten zituena. Lan handia egin zuten. Eta egia da gu agertu ginen talde formatu gisa lehenak izan ginela eta atera diskoetan harmonia berriak sortu genituela, Euskal Herriari begira. Horregatik erranen da hori. Ez dit trabatzen, baina ez dit ematen horrelako beste sentsaziorik ere.

Disko anitz atera dituzu, eta nahiz eta aldaketak izan, beti musika estilo bati eutsi diozu.

Nik beti erran dut eklektikoa naizela, baina sustraiak beti nonbaitetik atera behar dira. Gogoratzen naiz nire gaztaroan etxean beti euskal kantuak entzuten nituela. Aita eta osaba kantaria ziren. Azkorri handia izan zen enetako hastapen batean; gero, Michel Abeberri 1965ean rock-and-rolla eta folk musika zabaltzen hasi zen. Kantu tradizionala etxean neukan, eta irratian, Elvis Presley eta gisakoak ematen hasi ziren. Laster batean etorri ziren Rolling Stones eta Beatles, eta, batez ere, Bob Dylan izan zen markatu ninduen pertsona. Nire eredu zuzenak izan dira. Nahasketa hori egin dut edo saiatu naiz behintzat; halere, jakinda erroak non ditudan.

Hitzei garrantzi handia ematen diezula ageri da zure diskografian. Batzuetan mezuak era gozoagoan ageri dira besteetan baino.

Bai, bizi garaia nolakoa den... Metaforak erabili izan ditut, eta, metafora gabe ere, gordinki aritu naiz gauzak esaten. Baina beti erran izan dut, eta ez da nire errana, baina kantu batek musika ona eta hitz txarrak baditu, ez da kantu on bat, eta kantu batek musika txarra eta hitz onak baditu, berdin. Niri ez zait gustatzen estetikaz bakarrik hornitua den gauza bat egitea, nahiz eta estetika ere gogoko izan. Egin izan ditut maitasun kantuak... baina, oro har, maitasun kantuak dira denak nonbait. Bestalde, beharbada, denbora joan eta gero, ez errepikatzeko aurretik egin nuena, beste era batean gauzak esaten saiatu izan naiz. Funtsean, mamia bera gelditzen da. Sortu nintzen herri bat ez den herri batean, eta hori da nire samina, oraindik gainean daramadana.

Kolaborazio ugari egindako kantaria zara.

Daniel Landart izan da erabakigarria nire ibilbidean. Daniel Landart ez bazen izan, ez dakit zer izanen nintzen egun, hark bideratu ninduelako hasieran. Xabier Amuriza da azpimarratu nahi dudan beste pertsona bat. 1987an egin genuen gure lehen kolaborazioa; orduko amnistiaren aldeko batzordeek eskatu ziguten gu bioi kantu bat egiteko. Gure lehen kolaborazioa izan zen; Amnistiaren dema elkarrekin egin genuen. Ondotik, 1989an, Xabierrek deitu ninduen; afoniko zegoen operatu berri zutelako, eta galdetu zidan ea bere bertsoak musikatuz prest ote nintzen disko bat egiteko, bere ahotsa izango banintz bezala. Hortik abiatu zen funtsezko kolaborazio sakon-sakon bat. Disko hori atera zen, eta oso harro nago lan horrekin. Bertsolaritzaren mundua ezagutarazi zidan era sakonago batean. Hortik ez dugu etenik izan gaur arte. Azpimarratu behar dut artista handi bat dela. Ez da bakarrik bertsolaria eta idazlea, psikologo moduko pertsona bat ere bada. Kolaborazio horiek izan dira nagusiak, nahiz eta gero, beti, beste gauza askotan parte hartu izan dudan.

Ondotik, izan duzu beste hartu-eman moduko bat, George Brassens kantariarekin.

Gogoratzen naiz, garai hartan El Fuego taldean ari nintzen. Brassensen musika beti ezagutu eta entzun izan dut. Niretzat, Brassensen hitzak, doinuak, kantuak oso deigarriak dira. Eta, 1968an, Paco Ibañezek Brassensen kantuekin disko bat atera zuela entzun nuen, baina gazteleraz. Harritua gelditu nintzen. Hor hasi nintzen pixkanaka euskaraz gauza berdintsua egin zitekeela pentsatzen. Planik izan gabe; ez nuen pentsatzen diskorik egitea. Tarteka lagunei kantatzen nizkien Brassensen kantuak euskaraz, eta askok eta askok esaten zidaten zergatik ez nuen disko bat egiten. Apustu moduko bat izan zen. Ondotik, Hego Euskal Herrian maiz esan didate: «Hi, hor entzun diat tipo bat hire kantuak kantatzen frantsesez!» [ irriak]. Ez naiz konparatzen Brassensi, baina nire lan xumea egin nuen, eta nik uste jendeak gustuko izan zuela.

Brassensen diskoa atera eta, denbora dezente eman zenuen diskorik atera gabe.

Bai, baina nahiz eta diskorik ez kaleratu, ez nintzen alferrean ibili, kontzertuak ematen aritu baikinen. Osasun aldetik arazo batzuk izan nituen, eta gauzei buruan bueltak ematen aritu nintzen, zer egin behar nuen pentsatuz, beste disko bat zertarako atera... Azkenean, 2004an, baneuzkan gauza batzuk aitzinatuak, Xabierrekin ere jada bildua nintzen. Eta, geroztik, Sorminetan diskoa kaleratu ondotik, galdera berak aritu naiz neure buruari pausatzen.

Arrazoi berengatik 2006tik egun arte, Ibilean kaleratu berri arte, ez duzu diskorik argitaratu?

Horrelako zerbait. Duela bi urte planteatu nuen zer egin: disko berri bat egin edo, beharbada, fase hau noizbait bukatu eta beste gauza batean hasi, ez dakidana oraindik zer izanen den. Eta, gainera, hamaika disko egindakoa naiz bakarlari gisa, eta disko bakoitzean demagun dozena bat kantu grabatzen direla. Horietatik zuzenean kantatzen dituzunak erdiak baino gutxiago dira. Orduan planteatu nuen duela bi-hiru urte errepertorioa aldatu eta beste eskaintza bat egitea, baina zuzenean. Artistaren funtsa zuzenekoa baita.

Nola iritsi zara hausnarketa hau egitera? Eta, beraz, zein izanen da zure asmoa hemendik aitzina?

Beste bide eta formatu bat jorratu behar ditudala uste dut. Zalantzak ditut, diskoak gero eta gutxiago saltzen baitira. Gainera, formatu gisa ez dakit oso egokia den ere diskoa. Zergatik hamar kantu grabatu, badakizularik jendeak hortik bat edo bi onenean gogoratzen dituela? Beharbada, beste euskarri batera pasa beharko dugu. Interneten bidez, mila gauza egin daitezke eta eginen dira. Hori guztia hausnartzen ari naizenez, ez dut plan zehatzik gerorako. Baina Ibilean diskoa nahi nuen izan zedila 2000. urtetik nabilen musikariekin egin ibilbidearen horrelako markatzeko era bat. Oraino, egungo taldekideekin ez baitut behin ere diskorik grabatu. Nik uste urte bukaerarako zerbait pentsatuko dudala datorrenari begira. Geldialdi bat eginen dut ziur, eta, gero, ikusiko da zer gertatzen den. Mila gauza pasa daitezke hemendik sei hilabetera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.