Abestien musika eta horien hitzak, biak egin izan ditu Txuma Murugarrenek bere bakarkako diskoetan. Angel Unzu gitarra jotzailearen azkeneko bi hamarkadetako ohiko zeregina izan da beste musikari batzuen kolaboratzaile, ekoizle, moldatzaile eta zuzeneko interprete izatea. Baina biek elkarrekin lan egitea deliberatu dutenean, beren ohiko bideetatik atera dira, eta beste batzuk ibili dituzte. Izan ere, musika akustikotik, haren egunerokotik aldendu, eta pop-rock doinuen uretan murgilduta konposatu ditu gitarra jotzaileak 14 abesti eta hamahiru istorio txiki diskoko abestiak (Gaztelupeko Hotsak). Kantariak, berriz, berak osatu ez dituen kantuen hitzak idatzi ditu estreinakoz. Beraz, duela hamahiru urte sortu zen proiektua gauzatu ahal izan dute biek.
Garai hartan pop-rock abestiak egiteko asmoa zeukan Unzuk. Baina proiektua sortu eta hilabete gutxira «hil edo zorabiatu» egin zen, haren esanetan. «Txumarekin [Murugarren] harremanetan jarri nintzen, eta hasi ginen lanean. Baina hura disko bat kaleratzekotan zegoen, eta ez zen garai egokia». Hurrengo urterako utzi zuten, hortaz, baina askoz ere urte gehiago igaro dira. «Orain heldu diogu, bioi ondo zetorkigulako», argitu zuen Unzuk atzo Donostian, diskoa aurkeztean.
Gitarra jotzaileak baditu bakarkako hiru disko, eta, besteak beste, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Mikel Erentxun, Anje Duhalde eta Mikel Markezen zuzeneko musikaria izan da. Ekoizle eta moldatzaile zereginetan ere lan egin izan du Jabier Muguruza, Benito Lertxundi, Oreka TX, Gontzal Mendibil eta besterekin.
Pilatutako eskarmentu hori kontuan hartuta, Murugarrenentzat «erosoa» izan da prozesua. «Azkeneko diskoarekin oso gaizki pasatu nuen. Produkzioa, konposaketak... Orain disfrutatu egin dut. Erantzukizuna partekatua zenez, grabaketa beste era batean hartu dut, eta lasai ibili naiz». Iruditzen zaio «oso interesgarria» dela bien arteko elkarlana, asko ikasi duela Unzuren alboan, eta haren musikak eta bere hitzek modu «harrigarri onean» bat egiten dutela.
Unzuk «oso ondo» pasatu du prozesuan. «Azkenean, gustukoa izango dut rocka ere...», adierazi zuen txantxetan. Atseginez lan egin du Murugarrenekin. «Grabaketan kantatzen aditzen nuenean, sentitzen nuen abestiak hazten ari zirela. Izugarri ondo abestu du».
Baina bere konposatzeko modura ohituta zegoenez, Murugarrenentzat ez da erraza izan Unzuk proposatutakora moldatzea. «Kantatzeko maneran, melodian, ikusten da ez dela nire betiko musika. Unzuri gustatzen zaio hastea tonu oso baxuetan, eta bukatzea oso altuetan. Tonu bat jaitsita ere, hasierako konpasak oso baxu geratzen ziren, eta ezin kantatu... Batzuetan Sasoi Ilunak-en garaia nuen gogoan [Murugarrenen taldea 1990 eta 1998 artean]. Izan ere, orduan gehiago oihukatzen nuen...».
Betiko gaiak
Zailtasun horri aurre egin behar izan dio, batetik. Bestetik, idatzi ez duen musika batentzako hitzak jarri behar zituen. «Nik musika entregatu nionean, gainera, melodiaren metrikaren arabera idaztera behartuta zegoen. Errespeta zezala eskatu nion, eta egin zuen», zehaztu zuen Unzuk.
Eta Murugarrenek bere betiko gaiei heldu die horiek ontzean. Baina diskoa «oso baikorra» da. «Eta hori ez da ohikoena nire lanetan». Haren iritziz, hitz itxaropentsuak ditu, nahiz eta abestiek, berez, oinarri krudela izan. Adibide bat jarri zuen: «Bihotza unaturik abestiak kontatzen du morroi batek bere buruaz beste egin duela, eta lurrean zanpatuta dagoenean txakurra hurbiltzen zaiola jostari, isatsa astinduz, jolasean jarraitzeko berriro noiz altxatuko zain egongo balitz bezala». Pentsatzen du kontatu dituela atzetik zama handia duten istorioak, baina ironia erabiliz. «Eta uste dut orain arte inoiz ez dudala erabili kantaera hori».
Baina Murugarrenen ohiko entzuleak argitaratu berri duten lanarekin bat egingo dutelakoan dago. «Esango nuke nire musikaren entzuleak Angelenak [Unzu] baino identifikatuagoak sentituko direla. Haren jarratzaileek jauzi handiagoa nabarituko dute, hura etorri delako nire esparrura, eta ez alderantziz». Neurri batean, ados dago diskoko musikaren sortzailea: «Bai, beharbada, aldaketa handiagoa izan da niretzat. Sentitu dut ohiko bideetatik kanpo ibili naizela, baina re akorde bat orkestra baterako, jazz talde baterako edo rock banda baterako jotzea gauza bera da, nahiz eta kodeak aldatu».
Hain zuzen ere, grabaketa egiterakoan —Bilboko Koba estudioan egin dute, Xanperen gidaritzapean—, jazz-rocka eta musika instrumentala lantzen duen talde batera jo zuten: Zarauzko Buffalo hirukotera. Unzuk azaldu zuen aurkezpenean asko gustatu zitzaizkiola zuzenean ikusi zituenean, eta egokiak iruditu zitzaizkiola proiekturako. Hartara, Buffaloko David Gorospek jo du bateria, Joanes Ederrak baxua, Rafa Aceves Murugarrenen ohiko kolaboratzaileak pianoa, eta Unzuk eta Murugarrenek berak gitarrak.
Hortaz, tiraderan gordeta zeuden grabatutako kasetea eta idatzitako abestiak berriro deskubritu ondoren osatu ahal izan dute proiektua. Ahaztuak zituen Unzuk. «Intentzio oneko abestiak zirela gogoratzen nuen; oroitzapen hori neukan». Deskubrimendu horrek lan egiteko modu berri batera eraman du Murugarren. «Eta positiboa izan da». Beste bide batzuk ibiltzen direnean bezala.
Beste bide batzuk ibiliz
Angel Unzuk eta Txuma Murugarrenek '14 abesti eta hamahiru istorio txiki' ondu dute, 2000n sorturiko proiektu bat gauzatuzGitarra jotzaileak konposatu ditu abestiak, eta kantariaren ardura izan da hitzak idaztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu