Musikaria

Jon Basaguren: «Beste bide batzuk arakatzera behartu dut neure burua»

Sei urteko etenaren ondotik, lan berri batekin itzuli da Izaki Gardenak: ‘Orube’. Oinarria galdu gabe, beste soinu batzuk bilatu ditu oraingoan. Datorren urte hasieran ekingo dio taldeak diskoa zuzenean aurkezteari.

Jon Basaguren musikariak gidatzen du Izaki Gardenak. LIBE KORTAZAR
Jon Basaguren musikariak gidatzen du Izaki Gardenak. LIBE KORTAZAR
Ainhoa Sarasola.
2024ko azaroaren 20a
06:00
Entzun

Orube bat, hutsetik eraikitzen hasteko. Horixe behar zuen Jon Basagurenek (Gasteiz, 1984) Izaki Gardenak berriro martxan jartzeko. Une goxo batean eten zuen proiektuak bere ibilbidea, baina bertan goxo ez geratzeko hautua eginda jarri du atzera martxan musikariak. «Hortik pixka bat atera nahi nuen, neure burua beste gauza batzuk bilatzera behartu, eta soinu zein ekoizpen aldetik ere desberdin egin. Eta, nire ustez, nabaritzen da diskoan». Zortzi kantu bildu dituzte Orube-n, eta orain arte landu gabeko giroak ere eraman dituzte diskora. Heldu den urtean hasiko dira lana zuzenean aurkezten. «Uste dut kantu hauek oso esker onekoak direla zuzenekoekin, eta gozatuko ditugula eta jendeak gozatuko dituela zuzenean. Pila bat sinisten dugu kantu hauetan, beraz, gogotsu gaude hasteko».

Oskoletik atera zarete. Sei urte dira disko luzea, Dena oskol (2018), plazaratu zenutenetik. Pandemiak eten zuen haren ibilia, baina luzeagoa ere izan da etena, halere. Zerk bultzatuta?

Pandemia izan zen Izaki Gardenak gerarazteko arrazoi handietako bat. Disko bat atera, eta normalean urte eta erdiz edo bi urtez ibili izan gara zuzenean aurkezten, eta ja gorputzak eskatzen didanean kanta berrietara jartzeko, niri oso zaila egiten zait zuzenekoak jotzen eta aldi berean beste errepertorio bat lantzen egotea; eta orduan, beti gelditu behar izaten naiz. Kontzertu batzuk pandemia-postpandemia horretan jo genituen, ahal zen bezala. Eta erabaki genuen momentua zela geratzeko, eta igual beste kantu batzuekin itzuli, noizbait... Hor utzi genuen. Eta luzatu da kontua bai...

Bitartean, Pasadena jarri genuen martxan Libek [Garcia de Kortazar] eta biok, eta beste gauza batzuetan ibili naiz, sortu zaidan arte berriro gogoa; kostatu zaio, baina esango nuke iazko urte bukaeran-edo ja nahiko argi neukala harra berriro piztu zitzaidala, eta nahi nituela kantuak landu, igual beste soinu batekin. Ikusi nuen norabide bat erakartzen ninduena, eta gauza batzuk kontatu nahi nituenak, eta horretan jarri nintzen.

Berritasunik sumatzen da disko berrian; bertan goxo ez geratzeko gogo bat ere bazenuen?

Bai, bai. Hori zen batez ere, ez nuen bueltatu nahi jada ibilitako bideak berriz ibiltzera. Nahiko mugatua naiz kantak sortzeko orduan [irriz], joera oso argiak ditut... Ez dakit, pentsatzen dut denok ditugula halakoak, nabaritzen duzula momentu batzuetan zeure burua errepikatzen ari zarela. Orduan, hortik pixka bat atera nahi nuen, neure burua beste gauza batzuk bilatzera behartu, eta soinu zein ekoizpen aldetik ere desberdin egin. Eta, nire ustez, nabaritzen da diskoan. Batetik, bada Izaki Gardenak, ze nire ahotsa da eta nire kantuak egiteko modua hor dago; ez dago kristoren iraultzarik. Baina nik uste dut pixka bat adi entzunez gero, eta lehenengo inpresioan ere bai, badaudela aldaketa batzuk soinuei, erabilitako efektuei eta kantatzeko moduari dagokienez. Pozik nago buruan neukan hori lortu dudalako: pixka bat Izaki Gardenak izaten jarraitu, baina Izaki Gardenak izan daitezela beste soinu batzuk ere.

«Hortik pixka bat atera nahi nuen, neure burua beste gauza batzuk bilatzera behartu, eta soinu zein ekoizpen aldetik ere desberdin egin. Eta, nire ustez, nabaritzen da diskoan»

Orube aurrerapen kantuan biltzen dira berritasun horietako asko, tartean, elektronika printzak, gitarra efektudunak eta ia dantzagarri diren erritmoak. Zerk eraginda, nondik heldu zaizkizu erreferentziak?

Bai, Orube ere horregatik aukeratu genuen aurrerapen moduan, diferenteena zelako orain arte egina genuenetik, eta pixka bat aurkezteko soinu eta giro berri hauek. Taldekideei erakusten nizkienean etxean landutako maketak-eta, gutxi gorabehera esaten nien ahaztu gintezela pixka bat AEBez, americanaz eta country ukitu horiez —lehen asko erabiltzen nituenak— eta soulaz eta horrelako rollo-ez —zentzu onean [irriz]—. Estilo hori pila bat entzuten jarraitzen dut, baina beste gauza asko entzuten nituen ez nituenak ekartzen nire musiketara, eta oraingo honetan beste leku batzuetatik ekarri nahi nituen gauzak.

Eta giroa ere... Ez dakit nola esan, baina nahi nuen nire paisaia gehiago erakutsi. Hau da, ni Gasteizen bizi naiz, hiri europar batean, Euskal Herriko hiri batean, eta egiten nuena igual ez da oso hemengo soinu banda, beraz, honek soinu banda bat edukiko balu, zer egingo nioke nik? Pixka bat hortik jo dut, nire imajinazioan dagoen soinu banda bat da, baina pixka bat gehiago egokitzen dena nire egunerokotasunera, ikusten dudan paisaiara eta hiri txiki honetara, pixka bat hortik doa. Eta asko gustatzen zaidan beste alderdi batera jotzea erabaki nuen, ez zegoena hain argi Izaki Gardenak-en: 80ko hamarkada, talde britainiarrak —The Cure, Joy Division, Oasis ere bai...—, Itoizen diskoak... Horiek hartu nituen erreferentzia moduan kantuen konponketak egiteko orduan. Eta horrelaxe atera da.

Halere, eta berritasunak berritasun, eutsi diozu oinarriari...

Bai, hau da pixka bat bideratzeko modu bat, esateko nora jo, eta erabakiak hartu behar direnean, sartu beharrean gitarra akustiko super ederrak kantu guztietan, ba igual beste zerbait bilatu kanta osatzeko; solo bat sartu beharrean bigarren errepikaren ondoren, ba beste zerbait bilatu eta hirugarren parte bat balitz bezala konposatu... Ez dakit, saiatu naiz horrelako aldaketa txikiekin ez horren estandar egiten eta pixka bat neure burua behartzen beste bide batzuk arakatzera.

«Nahi nuen nire paisaia gehiago erakutsi. Gasteizen bizi naiz, hiri europar batean, Euskal Herriko hiri batean, eta egiten nuena igual ez da oso hemengo soinu banda, beraz, honek soinu banda bat edukiko balu, zer egingo nioke nik? Pixka bat hortik jo dut»

Horrek aldatu egin du kantuak egiteko zure modua? Azaldu izan duzu gitarrarekin hasi ohi zarela kantuak konposatzen. Horrela aritu zara oraingoan ere?

Gitarrarekin hasi naiz oraingoan ere, baina egia da askotan ez dudala akustikoarekin zuzenean konposatu. Ordenagailu aurrean jartzen nintzen, gitarra elektrikoa hartu, eta ideiaren bat baldin banuen gitarrarekin, grabatzen nuen zuzenean baina ordenagailuan eta anplifikadore batekin, simulatzaile batekin, efektuekin... Eta horrek ja beste leku batera eramaten zaitu, kantuek ja ez dute horren oinarri akustikoa. Jotzeko era aldatzen da, erritmoak ere aldatzen dira... Orube kantan, riff hori zuzenean atera zitzaidan elektrikoarekin, efektuekin-eta, eta bateria bat jarri nion, eta ikusi nuen funtzionatzen zuela, gustatzen zitzaidala, eta horren gainean hasi nintzen kantatzen beste era batean ere. Gitarra akustikoarekin ohean lasai-lasai eserita ez zen kantu hori aterako. Diskoan badaude akustikoarekin sortutakoak ere, baina beste batzuk elektrikoarekin sortuak dira, eta agian aurreko diskoetan gutxiago ziren.

Doinu ilunak bildu dituzue oraingoan, baina argi izpiak tartekatzen dira haietan. Hori izan liteke taldearen marka edo ezaugarri nagusietako bat?

Bai, bai. Gustatzen zait kantuetan gai potoloak lantzea; joera bat da, edo interesatzen zaidana, ez dakit... Film bat ikustera noanean ere, normalean ez ditut komediak ikusten, beti dira thrillerrak edo drama, edo... Kantuak egitean ere nahiko gai handiak hartzen ditut, hortik jotzen dut. Eta musikarekin ere bai. Jakina, gero gustatzen zait pila bat pop musikak daukan hori, doinu onak egitea, errepikak, harmoniak, melodiak... eta hor argitasuna ere egoten da. Tonuak eta erabiltzen ditudan gitarra akordeak-eta ez dira super ilunak ere. Beraz, nik uste badagoela hor kontraste bat nahiko eder geratzen dena; entzuten dudan musika gehienak ere badu kontraste hori, izpiak eta iluntasun puntu bat, eta horrek erakartzen nau. Hori naturala da, hori ez dut behartzen.

«Entzuten dudan musika gehienak ere badu kontraste hori, izpiak eta iluntasun puntu bat, eta horrek erakartzen nau. Hori naturala da, hori ez dut behartzen»

Hitzetan ere antzekoa sumatzen da: argi-ilunak ageri dira esaldiz esaldi, kontrasteak, are kontraesanak ere. Esaterako: «Ahaztezina izango da/ bizitzen ari ez garen guztia». Natural atera zaizu hori ere?

Gustatzen zait, ze guztiok ditugu kontraesanak, etengabe, eta torturatzen zaituzte, erabakitzen duzun arte zure parte direla, edo niri behintzat hori gertatzen zait; baditut kontraesanak eta orain esaten dizut hau eta super seguru nago, baina galdetzen didazu hemendik ordubetera, eta igual ja ez [barrez]. Bueno, hori ere polita izan daiteke, eta besarkatu beharreko zerbait da. Eta esaldietan eta hitzetan ere hortik jotzen dut.

Oraingo honetan diskoa zeri buruzkoa den edo ze gai agertzen diren azaltzea oso zaila egiten zait oraindik. Badakit izenburua, adibidez, hitzak eta musika baino lehen ere banuela; banekien Orube deituko zela, ze kontzeptu moduan, iruditu zitzaidan izan zitekeela disko berri bati ekiteko puntua. Orubea izan daiteke eraitsi duzulako bertan zegoen zerbait eta gelditu delako ezer gabe, lau, eta, beraz, has zaitezke berriro bertan eraikitzen; edo izan daiteke ere topatu duzula leku bat ez dagoena ezer, baina iruditzen zaizuna hor zerbait eraiki dezakezula. Eta pixka bat horren bila nenbilen, leku baten bila, nire barnean segur aski eraikitzeko beste disko bat, baina hasieratik, zerotik, edo modu berri batean eraikiz kantuak, beste puntu batetik. Hori izan da hasiera, eta hitzetako askok ere badute horretatik. Gero, heriotza atera zait leku askotan; heriotza, amaiera...

Eta erorketak...

Bai, eta erorketak. Hori gehiago da gure gizartearena, ze ez dakit, ingurura begiratu, eta ikusten dut gauza askok ez dutela funtzionatzen, eta ari garela eusten, eusten, eusten funtzionamendu bati eramango gaituena... ba hori, erortzera. Eta hori etorri zitzaidan Jausi bitartean kantan: pikutara doa dena, baina bueno, soinu banda jarriko diogu gure erorketa honi. Eta gero, amaierak-eta, ez dakit, tokatu zaizkit azkenaldian horrelakoak, eta nik uste hori gelditu zaidala barruan eta kantu batzuetan atera dela hori ere.

«Doinuren bat/ agertuko da,/ seguru naiz,/ jausi bitartean kanta daitekeena». Eta halere, hor da argi izpia beti.

Bai, egin dezakegun bakarra da, ikusten baduzu erortzear zaudela edo erortzen ari zarela, ba bitartean kantatu zerbait polita, edo bilatu doinu bat... Gauzei begiratzeko modua aldatu dezakezu, hori da zure esku dagoen bakarra momentu askotan, baita erortzen ari zarenean ere, beraz, zerbait ederra kantatu.

Bide beretik, beste esaldi bat: «Mundua salbatuko dugu, ala gu mundutik?». Nolako munduari kantatu diozu?

Uste dut esaldi horren hazia dagoela klima aldaketan eta horretan guztian. Erabaki bat hartu behar da, edo mundu hau salbatu edo gu salbatu mundu honetatik, eta nik uste askok hartu dutela jada erabakia, beraz... Uste dut inpotentzia agertzen dela leku askotan, eta hortik, ironia puntu bat ere bai.

Fokua kantu bakoitzean jartzen duzu, xehetasun eta geruzetan, baina, halere, oraingoan ere osotasun bat lortu nahi izan duzu diskoan?

Bai, bai. Kantu bakoitzarekin tematzen gara asko, eta saiatzen gara bakoitzari behar duena ematen moldaketen aldetik. Baina, batetik, hitzetan, kantutik kantura badaude konexioak, tonua, nola dauden egituratuta... Eta, bestetik, buruan izan dugu disko guztiak izan behar zuen soinua, diskoak osotasun bat eduki zezan eta kantu guztiak izateko zerbaiten parte, betidanik pentsatu izan baitut diskoetan osotasun bezala. Diskoaren beraren egiturari dagokionez ere, bidaia bat bezalakoa da, eta nik osorik entzun dudanean, badu zentzua. Osorik entzuteko egina dago, baina bakoitzak nahi duena egiten du gero.

«Buruan izan dugu disko guztiak izan behar zuen soinua, diskoak osotasun bat eduki zezan eta kantu guztiak izateko zerbaiten parte, betidanik pentsatu izan baitut diskoetan osotasun gisa»

Etenaren aurreko bi kantutan —Oasia / Gorputz adar mamua (2020)— parte hartu bazuen ere, taldera itzuli da hastapenetan egondako Joseba Baleztena. Zer ekarri dio oraingoan?

Bai, Josebarekin grabatu genituen Itsasargiak eta Amaieratik hasi; gero Iruñeko beste musikari batzuekin elkartu nintzen Aurri gara egiteko; eta Dena oskol grabatzen ere ez zen egon, baina zuzeneko biran bai, eta kontzertu horiek ematen ari ginenean grabatu genituen bi kantu horiek. Disko honetarako ere bota nion ea nola zeuzkan udan estudioa erreserbatu genituen datak, eta ea aurretik geratzeko eta lantzeko astirik eta gogorik ba ote zuen. Baietz esan zidan, eta bere esku geratu dira diskoko gitarrak, eta oso pozik nago. Kristoren nortasuna du, eta berehala entzuten duzu haren gitarra, baina oraingoan ez dela hainbeste nabaritzen ere esan didate, ze kristoren lana egin du kantuetara jotzeko, eta beste soinu batzuk bilatu eta atera ditu, nahiz eta momentu askotan bere soinua ere entzuten den. Eta beste taldekide guztiek ere sekulako lana egin dute.

Taldean beti izan dituzue aldaketa ugari. Nola bizi duzu hori?

Hasieran, bai, kostatzen zitzaidan gehiago, baina bueno, aurrera egin behar da, eta jende onarekin elkartzen bazara —ona esan nahi dut arlo pertsonalean eta baita musikari gisa ere—, azkenean denak funtzionatzen du. Muinean dagoena kantuak dira, eta ez da konplikatua kanta hauek jotzea bihotza jartzen baduzu eta musika tresna gustatzen zaigun bezala jotzen baldin badakizu. Orduan, bilatzen dut ondo sentituko naizen jende bat, konektatuko duena kantuekin, talentua daukana, eta momentu bakoitzean halako proiektu bati eskatzen duen denbora eskaini ahalko diona. Aldaketak gertatuz doaz, baina ja naturaltasunez hartzen dut. Adibidez, diskoan Danilok [Foronda] grabatu du baxua, baina ezin izango da zuzenekoetan egon, eta entsegu bat egin dugu Gasteizko beste musikari batekin, Duluth taldeko Aitor Agirrerekin, eta oso ondo joan da, beraz, aurrera. Diskoa grabatu duten gainerakoak bai izango dira kontzertuetan: Dani Arrizabalaga baterian, Joseba gitarran eta Libe teklatuetan.

(ID_14443749) (/EZEZAGUNA) Autosave-File vom d-lab2/3 der AgfaPhoto GmbH (;)
Jon Basaguren. LIBE KORTAZAR
Granadako La Mina estudiora itzuli zarete, Raul Perezekin grabatzera. Zer topatu duzue han hain gustuko izateko?

Ba, topatu dugu bera, Raul; kristoren talentua du, baina era berean oso pertsona xumea da, bihotz izugarrikoa, kultura pila bat duena, musikaz hitz egin eta ulertzen zaituena... Disko pila bat grabatu ditu, eta pasioa du oraindik, zoragarria da berarekin lan egitea. Eta, gainera, estudioaz duen kontzeptuarekin lehen alditik konektatu genuen. Estudio askok ebakuntza gelak dirudite, hormen eta sabaiko formak, argiak... badirudi zirujau bat bazina bezala lan egitera zoazela, zerbait super zehatza egitera. Raulek, aldiz, egin duena da halako etxe zahar eta handi bat hartu, eta etxe guztia estudio bihurtu; sala handi bat du, alfonbrekin, eta bertan jotzen duzu, soinua ere lantzen du paretetan tapizak-eta jarriz, sukaldea baduzu, argi naturala... Eta zu etxean zaude, han egiten dugu lo, han bazkaldu, eta sentsazioa beste bat da, presioa kentzen duzu gainetik. Sevillan ezagutu genuen hori, eta orain Granadan dauka estudioa, baina kontzeptu bera da. Bertatik ateratzen den soinua gustatzen zaigu, eta errepikatu egin dugu; astebete pasatu genuen han, eta super gustura.

Kantuak oso landuta eraman zenituzten?

Bai. Grabatzen bost egun egon ginen, topera, eta nahasketetan beste bost eman genituen, baina gu ja Euskal Herrian ginela, hark guri gauzak bidalita. Zortzi kanta dira, eta grabatzeko bost egun izanik, egiturak, moldaketa gehienak, ahots melodiak... dena oso-oso landuta eraman genuen hemendik. Horretarako, Gasteizko teknikari batekin, Ander Sevillarekin egon ginen hemen, maketak pila bat lantzen, eta etxean ere bai, bai ni bai taldekide bakoitza, grabatzen, gauzak bidaltzen... Maketa oso landuekin joan ginen, nahi genuelako gero han denbora erabili Raulekin erabakitzeko gitarren soinuak, bateriarena, bilatzeko bakoitzarentzako nahi genuen soinua. Eta horretan egon ginen.

Plataformetan eta CDan ez ezik, oraingoan biniloan ere emango duzue diskoa. Formatuak eragiten al dio lanaren osotasunari, egiturari?

Nire kasuan, bai, nik biniloan pentsatzen dut. Lehen esan dizut diskoan pentsatzen dudala, baduela hasiera bat eta bukaera bat, eta are, niretzat, bi alde dauzka: nire buruan, konposatzen dudanean edo ja baditudanean kanta batzuk, hasten naiz pentsatzen A aldea irekiko duela honek, eta gero beste honekin bukatuko dela, eta B aldea, berriz, hasiko dela beste honekin... Ez dakit, pixka bat horrela egituratzen dut, eta beraz, lau eta lau bezala dira. Gero kanta solte gisa ere funtziona dezakete plataformetan, baina, niretzat, biniloa da disko hau entzuteko modurik onena.

Kontzertuak

  • Urtarrilak 17: Hendaia (Lapurdi), Borderline Fabrika. 
  • Urtarrilak 19: Abadiño (Bizkaia), Amaraun Arte Fabrika.
  • Urtarrilak 23: Bilbo, Kafe Antzokia.
  • Urtarrilak 25: Atarrabia (Nafarroa), Totem.
  • Otsailak 6: Gasteiz, Jimmy Jazz.

  • Otsailak 15: Donostia, Intxaurrondoko kultur etxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.