Beste bi liburu, Klis-klasikoak bilduma gizentzeko

Xabier Olasoren 'Auskalo!' berrargitaratu dute, eta Kenneth Grahamen 'Haizea sahats artean' itzuli

Igor Susaeta.
Donostia
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Klis-klasikoak haur eta gazteentzako literatura bildumako bi liburu berri aurkeztu ditu Galtzagorri elkarteak: Xabier Olasoren Auskalo! Igarkizun eta aho korapiloak-en berrargitalpena, Agurtzane Villatek ilustratua; eta Kenneth Grahameren Haizea sahats artean, Miren Arratibelek itzulia eta Elena Odriozolak ilustratua. Lehendabizikoa Pamiela argitaletxeak kaleratu du, eta bigarrena Ereinek eta Igelak, batera.

Auskalo! 375 igarkizunez eta hamabi aho korapiloz osatutako lana da, eta 2001ean plazaratu zuen aurrenekoz Olasok. Ibilbide oparoa egin du, eta agortuta zegoen, berrargitaratu duten arte. Olasok dioenez, «mugarria» izan zen liburua. «Izan ere, ordura arte helduentzako poesia liburuak neuzkan kaleratuta. Geroztik egin ditudan lanak haur eta gazte literaturaren eremuan kokatu ditut». Pentsatzen du poesiak lotura estua duela igarkizunekin: «Bietan sarri agertzen dira errimak, eta biak dira, gainera, iradokitzaileak. Erritmoan ere badute antzekotasunik».

The Wind in the Willows 1908an argitaratu zuen Grahame eskoziarrak. Lau urteko semeari ahoz kontatzen zizkioten istorioak dauzka oinarrian eleberriak, eta animaliak dira protagonista.«Halere, gizakien antzeko sentipenak dituzte», adierazi zuen Arratibelek, atzo, liburuaren aurkezpenean. Hunkitu egin da itzultzean, eta adierazi zuen xumetasuna ukitu poetikoarekin uztartzea egin zaiola zailena. Haur eta gazte literaturako klasikoetarako sarbide izan nahi du Klis-klasikoak bildumak, eta zazpi liburu kaleratu ditu azken bi urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.