Egoera aztertuta, ondorio orokor bat atera du Haizea Barcenillak: «Oso agerian geratzen da kristalezko sabaia zein gogorra den oraindik. Artista gazteek, graduatu berriek, zorionez, egoera parekoago bat dute, batez ere lehiaketetan, hasteko esparruetan... Gainera, gero eta gehiago ausartzen dira parte hartzera, hor badirudi badagoela hobekuntza bat, baina ikertzeko dago oraindik zergatik erabakitzen duten hainbeste emakumek ez aurkeztea». Artista gisa bizimodua egin nahi duten andreek, bidean gero eta gorago egin ahala, «zailtasun gero eta handiagoak» topatzen dituztela nabarmendu du. «Eta ja legitimitatea lortzeko eta erreferentziazko pertsona bat izateko, zailtasun oso-oso handiak dituzte emakume artistek». Orain hobekuntzak gertatzen ari direla antzematea positiboa dela dio, belaunaldi berrientzat bidea hain oztopoz betea izan ez dadin. «Baina ez da ahaztu behar horrek eragin duena: emakume artisten belaunaldi oso bat galdu zaigu».
Egoerari buelta emateko hainbat neurri ere proposatu ditu adituak. Hasteko eta behin, galdutako belaunaldi horretako artistak eta beren lanak berreskuratzea. Ikertzea. Museoek, unibertsitateek, beken bidez, bestelako egitasmoen bidez... Hamaika bide egon daitezke. «Uste dut horretan esfortzu oso-oso handia dugula aurretik egiteko. Instituzioek hartu beharko lukete beren gain zeregin hori. Serio hartu beharreko kontu bat da, plangintza bat osatuz, baliabideak jarriz, eta erabakia hartuz. Oraindik bizirik dauden emakumeen belaunaldi batez ari gara galdu dugunaz hitz egitean, ze aurretik zeudenak ja... pentsa. 80 eta 90eko urteetan lanean oso serio ari zen jende asko nor den ere ez dakigu. Hor galdu dugu ezagutza bat, galdu dugu egiteko modu bat... galdu dugu pila bat». Hori berreskuratzeko oraindik ez dela berandu uste du, artista horiek bizirik baitaude, eta hainbatek lanean jarraitzen baitute. «Eta jarraitzen ez dutenek jakin behar dugu zergatik utzi zuten, zer den egin zutena, eta hori ikusarazi».
Azterketa zabal baten beharra ikusten du Barcenillak. Ez artearen historiari lotutakoa bakarrik, baita soziologikoa ere. «Nik egin dezaket ekarpen bat artearen historiatik, baina ez ditut metodologiak, adibidez, ikertzeko zergatik erabakitzen duten emakumeek irakasle izatea eta ez artista. Talde interdiziplinarrak behar lirateke, eta ikerketa soziologiko bat, beste hainbat arlotan egin diren bezala, adibidez, ikusteko patriarkatuak nola eragiten duen hezkuntzan maskulinitatea garatzeko». Etorkizunari begira gauzak aldatzeko balio dezakeelakoan dago.
Ikerketan ez ezik, transmisioan ere ikusten du zer eginik, eta horrek hezkuntza ere ukitu beharko lukeela. Gaur egun, institutuetan berak bere garaian erabilitako testuliburu berak erabiltzen direla azaldu du. «Nik institutua duela hogei urte bukatu nuen, eta nire testuliburuak ja bazituen hamar urte. Duela 30 urteko liburuekin gabiltza, hortaz, eta ordutik akademikoki aurrerapen izugarriak egin dira: asko aztertu da historia, emakumearen egoera, artearen beraren definizioa asko jarri da zalantzan... Eta hori guztia ez da inolaz ere islatzen, nolabait geratu da trabatuta akademiaren munduan, atikoan, eta ez da pasatzen ari beheko solairuetara». Arazo larri bat ikusten du horretan adituak. Berak ere nabaritzen du bere ikasleek, «zorionez gero eta gutxiago», ekartzen dituzten prototipoetan. «Hor instituzioek izugarrizko lana egin behar dute: ikastaroak egin irakasleentzat, testuliburuak berritu... Guk egiten dugun ikerketa hor geratzen da, eta pasatu behar da jendartera; transmisio bat egon behar da, eta momentu honetan ez dago».
Halaber, diru publikoa jasotzen duten museo nahiz arte zentroen programak aztertzea eta genero neurri batzuk zehaztea beharrezkotzat jotzen du adituak.
Proposamenak lantaldera
«Euskal kultura osoaren ikuspegi estrategikoa, jarduteko irizpideak eta lehentasunak eragile publikoen eta pribatuen artean adosteko tresna» da Kultura Auzolanean plana, sustatzaileen euren hitzetan. Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak, hiriburuetako udalak eta Eudel biltzen ditu bere barruan, eta sustatzen dituen egitasmoetako bat izan da ikerketa hau, Emakunderekin koordinatuta gauzatu dena.
Kasu honetan, lantalde bat sortu zen, metodologia eta edukiak adosteko ez ezik, proposamenak ere eztabaidatzeko —Jaurlaritzako eta Behatokiko ordezkariek ez ezik, Azkuna zentrokoek, Tabakalerakoek, arte historialariek eta aholkulariek ere osatu zuten—. Barcenillaren neurri bertsuak proposatu zizkion lantaldeak erakunde arteko batzordeari. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak BERRIAri azaldutakoaren arabera, txostenean jasotako proposamenak «aholku moduan» agertzen dira. «Hala ere, erakunde arteko batzarrean onartzen badira, erakundeek betetzeko helburua izan beharko dute». Mahai hartan proiektuak bizirik jarraitzen duela azaldu du. «Bertan garatzen ari den lanetik konpromiso batzuk irtengo dira, eta horiek jarraipena izango dute, baita betearaziak izateko prozedura bat ere».
Emakumearen presentzia artean
Beste belaunaldi oso bat ahanzturan gal ez dadin
Orain arte ikusarazi ez diren emakume artistak eta haien lanak ikertu eta berreskuratu egin beharko lirateke, baita transmisioa sakon landu ere. Museo eta arte zentroei zuzendutako hainbat neurri ere har litezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu