Lehen ere omendu zituzten biak elkarrekin; 1992ko urtarrilaren 19an izan zen, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egin zieten omenaldia, Bertsolari Eguna ospatzearekin batera. Orduko hartan, Mariano Izeta idazle nafarra ere izan zuten omenaldi kide. Bizi ziren hirurak artean. Teodoro Hernandorena 1994an zendu zen, eta iazko maiatzean, berriz, Emile Larre. Aurten, ia mende laurden geroago, Urepeleko (Nafarroa Beherea) Xalbado Egunetan omenduko dituzte biak, «bertsolaritza eta euskal kulturaren alde hainbat lan egin baitzuten», Itxaro Bethart Deiadarra elkarteko kideak atzo Donostian egindako aurkezpenean azaldu zuenez.
Urriaren 22an eta 23an ospatuko dituzte aurtengo Xalbador Egunak, Urepeleko bertsolaria hil zela 40 urte bete direla; eta egitarau oparoa atondu dute. Lehen egunean, Aldudeko (Nafarroa Beherea) antzerki taldearen emanaldia izango dute Urepelo eskolan (18:30), eta iluntzean, 21:00etan, Kepa Junkerak eta Sorginak taldeak kontzertua emango dute Urepeleko plazan. Maletaklan berria aurkeztuko dute, Ipar Euskal Herrian estreinakoz. Igande goizean, urtero bezala, Xalbadorren ibilaldia egingo dute etxolara, eta eguerdia baino lehen Joxe Mari Iriondok bi omenduei buruzko hitzaldia emango du Urepeleko plazan. Iriondok gertutik ezagutu ahal izan zituen biak ala biak, eta biei buruzko biografiak idatzi zituen Bidegileak bildumarako. Herri bazkariaren ondotik,bertso saioa izango da Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariekin.Trikitilarien saioarekin emango diote amaia festari.
Deiadarra elkartea 2004ko urriaren 1ean sortu zuten Xalbadorren Eguna urte oroz antolatzeko asmoz. Elkartearen helburuak egun ere berdina izaten jarraitzen du, Bethartek adierazi duenez: «Gure nortasuna eta Xalbadorrek utzi zigun mezua bizirik atxikitzea nahi dugu Euskal Herri osoan». Xalbadorren Ama Euskal Herria (Odolaren Mintzoa) bertsoetatik hartu zuen izena elkarteak.
Beste behin ere omenduko dituzte
Teodoro Hernandorena eta Emile Larre omenduko dituzte Xalbador Egunetan, urriaren 22an eta 23an. 1992an ere omendu zituzten biak, Bertsolari Egunean, Donostian. Egitarau zabala atondu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu