1980. urtea da. Andrzej gizon gaztea armadaren errekrutatze saio batean dago. Galtzerdiak kentzeko eskatzen diotenean urduri jartzen da, eta ezetz esaten du. Zubi batean dago Andrzej orain, salto egin edo ez erabakitzen ari da, eta oinutsik dago: oinetako azazkalak margotuta dauzka. 2004. urtera salto eginez, Aniela emakumea etsipen egoera berean dago.
Aniela gizonezko gorputz batean jaio zen, eta Andrzej izena jarri zioten. Txikitatik sentitu du emakumea dela, baina mediku bati «beste aldera» joatera behartzen duen indar bat sentitzen duela kontatzen dionean, testosterona injekzioek eta emakume escort batekin sexua izateak arazoa konponduko duela argituko dio hark. 1980ko hamarkada da Poloniako herri txiki batean, eta trans identitatea ez dago toleratuta. Beraz, Anielak beragandik espero dena egingo du: emakume batekin ezkondu, bi haur izan, eta bere jaioterrian gelditu, bulego batean lan eginez. Urteek aurrera egin ahala, ordea, Anielak betidanik jakin duen hori azaleratuz joango da, barruan sentitzen duena kanpoaldean islatuz.
Malgorzata Szumowska eta Michal Englert zinegile poloniarrek urteak daramatzate elkarrekin lanean, eta urteak daramatzate Kobieta Z... haien azken film luzeari bueltak ematen. Lehen bulkada duela 20 urte sentitu zuten, Englertek sexu-aldaketa kirurgia bat grabatu zuenean, Polonian eginiko lehenengoetarikoa. Garai hartan trans eztabaida ez zen existitzen, baina, oraindik ere LGTBI eskubideek Polonian duten aintzatespen urria ikusirik, zinegile bikoteak kontatu beharreko istorio bat zela erabaki zuen. Gidoia idazteko, transek kontaturiko istorio eta gertakizunetan oinarritu dira, batez ere herri txikietan bizi diren eta 50 urte inguru dituztenek esandakoetan.
Szumowska eta Englerten filma urteetan zehar luzatzen den arren, 50 urteko Anielak darama istorioaren pisua, eta, haren azalean jarriko zen aktorea aukeratzerako garaian, Malgorzata Hajewska-Krzysztofiken alde egin zuten. Polemika eragin duen hautaketak; izan ere, emakume transaren rola egiten duen emakume zisa da Hajewska-Krzysztofik. Zinegileak luze aritu ziren aktore trans baten bila, baina Poloniako antzerki eskolak oso binarioak omen dira, eta ez zuten Anielaren azalean jarriko zen adineko emakume transik topatu, horrek ekarriko lukeen atentzioa eta zaurgarritasuna kontuan harturik. Beraz, proiektuan parte hartu nahi zuten transek beste era batera egin zuten bidea: zisen azalean jarriz, edo gidoia idazterako garaian beharrezkoak izan ziren kontakizunak partekatuz.
Biziraupen eta adore istorio bat kontatu dute Szumowskak eta Englertek. Hura onartzen ez duen gizarte eta ingurune batean aurrera egin behar duen emakume baten istorioa. Urteetan zehar luzatuko den borroka bat izango da, eta aldatuz doan emakume bati jarraitzean, aldatuz doan nazio bati jarraituko dio filmak. Iraultzailea izateko intentziorik ez duen kontakizun bat da poloniarrena, baina sentsibilitatez eginiko erretratu bat da, eta kontra egiten dion mundu baten aurrean duintasunez bizi nahi duen emakumearen istorioak esperantzarako tartea uzten du.
'KOBIETA Z...'
'Daaaaaalí!'
Frantziako kazetari gazte batek Salvador Dali artista surrealista ikonikoarekin topaketa batzuk izango ditu, inoiz egin ez zen proiektu dokumental baterako.
'historia de pastores'
Arratsaldean, Marik zelaia arakatzen du karrera amaierako bere proiektuan lan egiten duen bitartean: 1980ko hamarkadan pixkanaka gainbehera eta abandonu prozesu bat hasi zuten inguruko kortijo guztiak bilduko dituen artxibo digital bat. Eraikin horien hondakinen artean, Josek, amarekin eta alabarekin bizi den artzainak, bere ardiak gordetzen ditu. Mari eta Josek soroan egin zuten topo zoriz. Zoriz ere, Joseren amak afaltzera gonbidatuko du Jonas. Artzaina izandakoa da Jonas, eta antzinako ipuin bat gordetzen du, bilaketak, desagerpenak eta ardiak lotzen dituena.
'SEX'
Elkarrekin lan egiten duten bi lagun heterosexual beren sexualitatearen inguruan dituzten usteak birplanteatzen hasiko dira, bizitza astinduko dieten bi gertakariren ondorioz. Batek sexu topaketa bat izan du beste gizon batekin. Haren lagunak, berriz, denbora darama ametsetan emakume sentitzen. Sekretu horiek argitara ateratzeak kolokan jarriko ditu haien adiskidetasuna, familia bizitza eta nortasuna.