«Berunezko sabaia» zulatzeko urratsak

Andre zinemagileen ikusgaitasuna indartzeko, Noka programa abiatu du Jaurlaritzak. Hiru zinema proiektu lagunduko dituzte. Aukeratutakoek hamabi aholkulariren laguntza jasoko dute

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Lagunartean emakumeek beren artean hitz egiteko erabiltzen duten hizkera da noka: galtzear den hitanoaren formetako bat. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak hitz horren jiran laburbildu du Jaurlaritzak emakume zinemagileen pisua eta ikusgaitasuna «indartzen» laguntzeko abiatu duen programa. «Ondo laburbiltzen ditu egitasmoaren oinarriak, emakumeak emakumeekin lanean jarriko ditugulako. Ahizpatasuna bultzatuko du, elkarrekin, zinemagintzan, kristalezkoa ez, berunezkoa den sabaia hautsi dadin aurrera urratsak egingo dituztelako».

Hiru film luze lagunduko dituzte Noka egitasmoarekin, eta aukeratutakoek Euskal Herriko eta nazioarteko launa adituren formakuntza eta aholkularitza jasoko dute urtebetez. Atzo aurkeztu zuten proiektua, Bilboko Azkuna zentroan. Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko zuzendariordea eta Aitziber Atorrasagasti Zineuskadiko lehendakaria ere izan ziren agerraldian. Abenduaren 14ra bitarteko epea zabaldu dute egitasmoak aurkezteko epea.

Zineuskadik kudeatuko du Noka egitasmoa, eta elkartearen webgunean jarri dute proiektuan izena emateko aukera. Muñozen arabera, aspaldiko arazo bati heldu dio proiektuak. «Zineman eta oro har kulturan, arrakala eta disfuntzio handi bat daukagu: andreek ez dute izan beharko luketen presentzia». Errealitate hori «herri baten kezka» bihurtzea beharrezkoa dela uste du.

Euskal Kultura Behatokiak 2016an argitaratutako datuak ekarri ditu gogora Muñozek. Izan ere, Euskal Behatokiak egindako azterketaren arabera, zinemagintza ikasketetan matrikulatzen direnen artean %60 emakumeak badira ere, bestelakoa da egoera eremu profesionalean: postuetan gora egin ahala, murriztu egiten da emakume kopurua. Ikerketaren arabera, zuzendarien %30 besterik ez dira andreak, eta gidoiak lantzeko Jaurlaritzaren diru laguntza programetara aurkezten direnetatik %19,7. Areago, ikus-entzunezko enpresetan %40,5 dira emakumeak, baina %25 besterik ez daude ardura postuetan. Jaurlaritzak egoera irauli nahi du pixkanaka.

Prestakuntza eta hedapena

Atorrasagastik bere egin ditu Muñozen hitzak. «Arazoa konplexua da, eta alde teknikoari baino ez diogu helduko Noka programarekin. Arazoa soziala da, poliedrikoa, eta hainbat eremutan egin behar dira urratsak». Bilgune izan nahi dutela azaldu du Zineuskadiko arduradunak. «Zinemagintzan gabiltzan euskal emakumeak elkarlanean aritzea nahi dugu».

Film luzeei begira pentsatuta dago Noka, eta edozein eratako lanak aurkez daitezke: fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak. «Istorioen originaltasuna, sortzaileen talentua eta proposamenaren nazioartekotzeko ahalmen komertziala» kontuan hartuta erabakiko du epaimahaiak zer hiru egitasmoaukeratu. Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiko zuzendariordea, Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendaria eta Jara Ayucar Zineuskadiko kideak hartuko dute lan hori.

Parte hartzeko baldintza bat jarri dute, hala ere, jada abian diren egitasmoak izan behar dutela zehaztu baitu Atorrasagastik. «Martxan dauden proiektuei zuzendutakoa da». Urtebetez, launa emakume adituren aholkularitza eta prestakuntza jasoko dute hautatuek. Gidoigintzan, zuzendaritzan, ekoizpenean eta nazioartekotzean jasoko dute laguntza. «Oro har, hamabi aholkulari izango ditugu, eta bakoitzak era pertsonalizatuan lan egingo du, eremuka, eta pertsona bakoitzarekin».

Besteak beste, Anahi Berneri zuzendari eta ekoizle argentinarra, Itziar Garcia ekoizlea eta Garbiñe Ortega izango dira trebakuntza lan horretan. Hiru hilean behin, aholkulariak egileekin bilduko dira, eta Zineuskadikoek bestelako jarduerak egiteko baliatuko dituzte topaketak: eskola magistralak, solasaldiak eta mahai inguruak antolatuko dituzte. «Ikusgaitasuna eta sentsibilizazio atala landuko ditugu horrela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.