Bertsoz jositako laguntasuna

Pako Aristik ‘Xalbador eta Uztapide. Bi adiskide mugaz gaindi’ idatzi du. Lagun min izandako bi bertsolarien arteko harreman luzea xehetasun ugariz azaldu du idazleak liburuan.

Pako Aristi idazlea (erdian), Mikel Arregi Zestoako alkatearekin eta Xole Aire Urepeleko auzapezarekin, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Pako Aristi idazlea (erdian), Mikel Arregi Zestoako alkatearekin eta Xole Aire Urepeleko auzapezarekin, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko ekainaren 6a
05:30
Entzun

Beren garaiko bertsolari onenetarikoak izan ziren Manuel Olaizola Uztapide (Zestoa, Gipuzkoa, 1909-Oiartzun, Gipuzkoa, 1983) eta Fernando Aire Xalbador (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920-1976). Beren sorterriak muga batek eta 146 kilometrok bereizi arren, bertsotan oso desberdinak izanik ere, eta nork bere euskalkian kantatzen bazuen ere, lagun handiak izan ziren urte luzez. Eta elkarri zioten maitasuna eta miresmena bertsotan ere utzi zuten idatzia biek ala biek; batak besteari eskainitako bertso sorta banatan, adibidez. Hala esan zion Xalbadorrek Uztapideri haietako batean: «Egun on batez bertsoen bidez zurekin alkartu nintzan,/ zu baino lagun hoberik ez det aurkitu ene bizitzan./ Zure itzala berdintzen ere saiatu naiz ene gisan,/ nahiz nik egin indar guztiak alper alperrikan izan». Eta hala Uztapidek Xalbadorri, beste batean: «Xalbador, biok bertsolariak/ giñan gu gere izatez/ gutxiago ezin bildu giñezken/ lotu bagiñuzte katez (...)».

Bien arteko harremana xeheki aztertu du Pako Aristi idazleak, testigantzetan, bertso sortetan eta bestelakoetan arakatuta, eta Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua da emaitza. Zestoako Udalaren eta Urepeleko Herriko Etxearen ekimenez idatzi du lana, bi herrien arteko senidetzaren harira, eta Erein argitaletxeak plazaratu du.

Ikertzen hastean, Antonio Zabalak sortutako Auspoa sailera jo zuen aurrena Aristik. Bertso sortak, prosa lanak, kronikak eta bestelakoak aurkitu zituen liburu haietan, baita bi bertsolarien inguruko aipamen asko ere. «Material izugarria zegoela ikusi nuen, harrobi bat nire eskura. Eta saiatu naiz horri guztiari hari bat jartzen, narrazio bat, kontaketa bat, bi pertsona hauen arteko adiskidetasuna zer izan zen azaltzeko».

Bidean «kasualitate asko» topatu dituela ere azaldu du. Adibidez, biek ala biek 16 urterekin kantatu zutela beren lehen bertsoa. Geroago, 1946an ezagutu zuten elkar, Zarautzen (Gipuzkoa) eginiko saio batean. «Hor hasi zen bien arteko adiskidantza, eta adiskidantza horrek 30 urte iraun zuen, Xalbador hiltzen den arte». 

Oso bertsolari ezberdinak izan zirela ere esplikatu du Aristik. «Uztapide diesela zen, eta pixka bat berotzen zenean, afarietan-eta, bulldozer bat bihurtzen zen, gelditu ezinik bertsotan egiten zuen gizon bat». Lurreko bertsolari gisa definitu du, mahai ingurukoa, tradizioa oso ondo ezagutzen eta esateko moduak oso ondo menperatzen zituena. «Errealitateari bete-betean kantatu zion gizon bat izan zen; garai hartan, errealitate hartan behar zen bertsolaririk onena, dudarik gabe». Eta Xalbador, berriz, «airekoagoa» zela iritzi dio; bertsoak egiteko modu «abstraktuagoa» zuena, filosofoa, poeta, pentsamendu politiko sakonekoa, begiak itxita kantatu ohi zuena. «Elkar elikatu zuten bi bertsolari izan ziren, lagunak, eta bien artean bertsolaritza elikatu zuten».  

«Elkar elikatu zuten bi bertsolari izan ziren, lagunak, eta bien artean bertsolaritza elikatu zuten».PAKO ARISTIIdazlea

1960ko urteetan ezagutu zuten biek gailurra. Hamarkada hartan jokatutako lau txapelketak aipatu ditu Aristik; haietatik hiru irabazi zituen Uztapidek, eta bere «progresioa» erakutsi zuen Xalbadorrek, laugarrenean finalera iritsi baitzen, 1967an. Hain zuzen, publikoaren txistualdia jaso zuenekoa izan zen final hura, eta, momentu zail hartan, Uztapide alboan izan zuen. Beste egoera gogor askotan ere elkarren ondoan izan ziren bi lagunak —esaterako, Donostiako saio batean Uztapidek bihotzekoa izan zuenean—, baina une gozo ugaritan ere bai. 

Uztapidek 1972an utzi zituen plazak, eta idazten hasi zen, Antonio Zabalak hartaratuta; hark proposamen bera egin zion gero Xalbadorri, eta hala, biek eman zituzten beren hitzak prosan ere. Hain justu, Odolaren mintzoa aurkeztu zuen egunean, sorterrian egin zioten omenaldian hil zen Xalbador. Uztapide, gaixorik, ezin izan zen hara joan, baina bai zertxobait lehenago lagunari egin zioten beste omenaldi batera, Donibane Lohizunera; han atera zutena da bien azken argazkia.

Beti izan ziren desberdinak, eta denborak ere desberdin hartu dituela uste du idazleak. «Xalbador bizirik dago; Uztapide, ez». Haren esanetan, Uztapidek garai hartako errealitateari kantatu zion, eta, hura aldatzean, haren bertsoak ere ahaztu egin ziren. «Xalbador, aldiz, aztia zen, eta badirudi etorkizunari gehiago kantatzen ziola orainari baino». Askok musikatu dituzte haren hitzak, gazteak tartean; «horrek asko esan nahi du». 

Bertsoek lotutako bi herri

Zestoaren eta Urepeleren senidetzean du abiapuntua liburuak. Hain zuzen, senidetzaren «lekukotasun bat» nahi zutela azaldu du Mikel Arregi Zestoako alkateak; «eta zer lekuko hobea liburu bat baino». Hala, bi bertsolarien inguruko liburua idaztea proposatu zioten Aristiri, eta Erein argitaletxea ere batu zen elkarlanera. 

Senidetzearen oinarria Uztapide eta Xalbador direla ekarri du gogora Xole Airek, Urepeleko auzapezak, eta gehitu du liburuarekin «urepeldarrak eta ibarreko jendea hunkitzea» espero duela. «Bertsolaritza bezalako arte ederrik ba ote den ez dakit, eta belaunaldi berriek hori ezagutu behar dutela baitezpadakoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.