Bertsoz blaituko dute Iruñea

Bihar hasiko da 30. Bertsoaroa, Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatuta

Sarai Roblesek lehen saioan parte hartuko du, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Joanes Illarregirekin. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
1991tik, bertsoa Nafarroako hiriburuan hedatzen da udazkenero-udazkenero. Urte horretatik, Bertsoaroa zikloa antolatzen dute Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarlanean, hirian bertsolaritza eta euskara sustatzeko helburuarekin. Duela hogei urte abiatutako bidean beste urratsbat egingo dute bihartik hilaren 26ra; urrats borobila, gainera, Bertsoaroak 30. aldia baitu aurten. Testuingururik egokiena ez bada ere, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute eskaintza «aberatsa» prestatzeko: bertsolaritzaren «aniztasuna» islatuko duten zazpi emanaldi prestatu dituzte.

«Bertsolaritza sustatzea, kalitaterik handienarekin eta modu pluralenean, eta iruindarrei bertsolaritzaren oraingo egoeraren berri ematea: hori izan da Bertsoaroaren helburua hasieratik, eta urtez urte egokituz doa». Hala azaldu du egitasmoaren oinarria Ander Perez Bertsozale Elkarteko Nafarroako koordinatzaileak. Bertsolaritza arte «aldakorra» denez, eta gaur egun forma ugari izan ditzakeenez, Bertsoaroa ere horietara egokitzen ahalegintzen dira, eta bertsoa beste adierazpide batzuekin uztartzen duten emanaldiak antolatzen dituzte.

Aurten, bi berezitasun izango ditu Bertsoaroak: batetik, 30. aldia izango duela. «Urteurrena esanguratsua da, lortu dugulako egitasmoa egonkortzea», nabarmendu du Perezek. Hori ere bultzada izan da zikloa antolatzeko apustuari eusteko; izan ere, beste ezaugarri nagusia zera da, osasun krisi betean antolatu dutela, hain zuzen. Horri lotuta, Perezek aldarrikatu du kultura, «erantzukizunez», segurua dela: «Garaiak eskatzen dituen neurriei egokituz, antolatu daitezke gauzak».

Lehen emanaldiaren oinarria efemeridea izango da: 1991n lehen Bertsoaroan kantuan aritutako bi bertsolari igoko dira oholtzara, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso, egun plazaz plaza dabiltzan bi bertsolarirekin batera, Sarai Robles eta Joanes Illarregi. Ordukoaz eta oraingoaz arituko dira kantuan elkarrekin. Gaiak jartzeko ardura Mikel Tabernarena eta Alaitz Rekondorena izango da; Taberna lehen Bertsoaroan aritu zen gai jartzaile, eta Rekondo, berriz, azken urteetakoetan. Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dute emanaldia, bihar.

Hurrengo saioa ere formatu berezikoa izango da: Koplariak koplari izeneko hitzaldi musikatua. Xabier Amurizak azalduko du koplek zer eragin izan duten herri musikan, azken hamarkadetanbildutakoak oinarri hartuta. Aldamenean izango du Agus Barandiaran, trikitiarekin laguntzen, eta kantuan ere arituko dira biak. Saioa azaroaren 10ean izango da, Kondestablearen jauregian.

Hurrengo egunean, hilaren 11n, gazteen txanda izango da. Aurten ere belaunaldi berriei bultzada emateko xedeari eutsiko dio Bertsoaroak. Aner Peritz Euzkitze, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra, Maite Sarasola, Oihana Arana eta Xabat Illarregi bertsolariak arituko dira kantuan, Ainhoa Aranburuk jarritako gaiekin. Jaialdiak egoitza berria estreinatuko du horretarako: Katakraken egingo dute, lehen aldiz, entzule gazteei «gune atsegin eta gertukoa» eskaintzeko.

Hurrengo emanaldian, emakume bertsolarien historia lehen lerrora eramango dute: iazko Lanku beka eskuratu zuen Orainmenean. Bertsolaritzaren genealogia feministak proiektuan oinarritutako saioa emango dute Irati Majuelo, Nerea Ibartzabal eta Oihana Iguaran bertsolariek eta Maite Berriozabal gai jartzaileak. Proiektuak «bertsolaritzaren historia berridazteko eta berrirakurtzeko» helburua du, eta hilaren 17an taularatuko dute, Kondestablearen jauregian.

Haurrentzako programazioak ere izango du tokia aurtengo Bertsoaroan. Azaroaren 21ean, Bertso jasa, bat-bateko jolasa izeneko tailerra eskainiko dute, Mendillorriko Civivox aretoan. 8 eta 12 urte bitarteko haurrak gaiak eta egoerak proposatuz joango dira, jolasen eta ariketen bitartez, eta bi bertsolarik horiei erantzunez osatuko dute saioa.

Hurrengo ekitaldiak bertsoa eta dantza uztartuko ditu, Haatik konpainiaren eskutik. Talde horretako dantzariek bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu dute Errimak bi oinetan ikuskizunean. Azaroaren 24an taularatuko dute emaitza, Nafarroako Antzerki Eskolan.

Azkenik, zikloa ixteko, beste bertso jaialdi bat egingo dute, hilaren 26an, Nafarroako Antzerki Eskolan. Beñat Gaztelumendi, Eneko Lazkoz, Erika Logoma, Josu Sanjurjo, Julio Soto eta Maialen Lujanbio arituko dira bertsotan, eta gai jartzailea, berriz, Maialen Belarra izango da.

Bertsoak, segurtasunez

Saio guztietako edukiera mugatuta egongo da. Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dituzten hiru emanaldietarako, gonbidapenak banatuko dituzte saioen aurretik, bukatu arte. Kondestableko bi saioetan, ordu erdi lehenago irekiko dituzte ateak, tokiak bete arte. Katakrakeko saiorako eta haurren tailerrerako, berriz, aurretik eman beharko da izena, [email protected] helbidera idatzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.