Bertsolaritza

Bertsolaritzari buruzko gogoetak jaso ditu 'Jakin'-ek zenbaki berrian

Miren Artetxek, Irati Majuelok, Oihana Aranak eta Ainhoa Urienenek hartu dute parte ‘Bertsoaren ahotsa: gorputza, diskurtsoa, generoa’ monografikoan. Bertsolariek nondik eta nori kantatzen dioten aztertuko dute, halaber, aurtengo udako ikastaroen barruan.

Ehunka bertsozale 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ehunka bertsozale 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
itziar ugarte irizar
2024ko ekainaren 1a
05:10
Entzun

Oroz kanta al dezake gaur eta hemen bertsolariak? Zeinek du zertaz kantatzeko zilegitasuna? Zeinek ez? Zein dira baldintzak eta zeintzuk tranpak? Gogoeta eremu zabal bat irekitzen dute galderok, eta bizi dagoen eremua da bertsolaritzan. Ahots ugari ari dira gaiaren bueltan hausnarrean, eta pentsamendu horri egin dio leku Jakin aldizkariak bere zenbaki berrian, 261.ean. Monografiko forman, Bertsoaren ahotsa: gorputza, diskurtsoa, generoa izena jarri diote, eta bertso munduko lau kideren artikuluak bildu dituzte bertan: Miren Artetxe, Irati Majuelo eta Oihana Arana bertsolarienak, eta Ainhoa Urien gai jartzailearena. Gaia mahai gainean deneko beste erakusle bat orobat udan helduko da, Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? izenpean udako ikastaroa egingo baitute uztailean, Donostian.

Ez da berria bertsolaritza garaikidea zeharkatzen duten ideologien eta gai bati kantatzeko den zilegitasunari buruzko debatea bertso munduan. Baina, hain justu, berriki hautsak harrotu ditu Jon Sarasuak lehenik Donostian eta asteon Zarautzen (Gipuzkoa) emandako hitzaldi batek. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak aztertuta (1967-2022), egungo bertsolaritzan «marko ideologiko jakin eta pobrea» dagoela esan zuen, besteak beste, «hegemonikoa den ideologiak» zedarritzen duela esan daitekeenaren eta esan ezin daitekeenaren esparrua, eta erreakzio ugari sortu dira haren esanen ondotik. Gaiaren gaineko eztabaidak bat egin du, bada, Jakin-en zenbaki berriarekin.

Artetxek ondu du monografikoko artikulu nagusia (Gorputzak, maskarak eta egiantzekotasun normatiboa), eta zenbait gogoeta harilkatu ditu «bertsotan esan eta egin daitekeenaz», oro har, eta hegemonikoak ez diren diskurtsoak plazaratzeko ikusten dituen aukerez eta zailtasunez, zehatzago. Bertso saio bat gorputzen artean gertatzen den «performence gisa» kokatu du lehen gauza, eta, Judith Butlerrengana eta literaturan egiletzaz hausnartzeko erabiltzen diren beste zenbait ideiatara joz, adierazi du bertsolaritzan ere «diskurtsoa, generoa eta gorputza banaezinak» direla. 

Majuelok bertsoaren fikziorako bideez hausnartu du, Nerea Ibarzabalek eta Sustrai Colinak gaiaren inguruan hitz egindakoetatik abiatuta. Hala idatzi du, besteak beste: «Bertsolariak ia hutsetik sortzen du fikzioa, baina ez du hura hedatzeko nahi adina espazio eta denbora».

Egiantzekotasunaren auziari ere jarri dio arreta, eta entzulearen eta bertsolariaren artean ezartzen den «paktuaz» idatzi du. Honela, esaterako: «Bertso-munduan presentzia duten hainbat gorputzek beren errealitateak baino objektiboki errealagoak diren posizioetatik kantatzen dute maiz, egiantzekotasunaren izenean». Gogoan izan ditu, halaber, gaur-gaurkoz bertsotan ari ez diren gorputzak, «hutsune horrekiko bertso-munduko eragileen ardura kolektiboa mahaigaineratzeko».

Majuelok, berriz, bertsoaren fikziorako bideez hausnartu du bere artikuluan, eta fikzioa egitean bertsolari eta entzuleen arteko paktuan sinesgarritasunak duen eragina behatu du hark ere. Horretarako, Nerea Ibarzabalek eta Sustrai Colinak gaiaren inguruan 2023ko ekainean Iruñean hitz egindakoetatik abiatu da, eta hala idatzi du, besteak beste: «Bertsolariak ia hutsetik sortzen du fikzioa, baina ez du hura hedatzeko nahi adina espazio eta denbora. Zilegia da, horrenbestez, galdetzea zer gertatzen den fikzio horrek funtziona dezan».

Aranak eta Urienek, berriz, gai jartzaileengana bideratu dute arretagunea. Haiei aitortzen zaien boterea, ezartzen zaizkien egitekoak, eta haien jarduna zein gorputza bera entzuleak nola hautematen dituen aztertu du lehenak. Eta horrek «gai-jartzailetzaren feminizazioarekin» izan lezakeen loturaz ere pentsatu du. Urienek, ordea, Maite Berriozabalekin izandako elkarrizketa ekarri du paperera, bi gai jartzaileek euren jardunaren inguruan sumatutako botere harremanak eta bestelako sentsazioak partekatzeko.

Ideologiak eta zilegitasunak

Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? Galdera bakarrera bildu dute eztabaida izen bereko udako ikastaroaren antolatzaileek, ondoren, bi egunez, galdera xeheagotan aztertzeko auzia. Uztailaren 4an eta 5ean egingo dute, goizez, Donostiako Miramar jauregian, eta Karlos Aizpurua Bertsozale Elkarteko kide eta ikastaroaren zuzendariak emango dio hasiera. Lehen eguneko hizketagaiak eta hizlariak hauexek izango dira: Diskurtso guztiek izan behar al dute tokia plazan? (Saioa Alkaiza); Gai bati buruz kantatzeko zilegitasuna (Maider Arregi); Botere harremanak. Bertsolariaren itzalaren eta generoaren eragina bertsoaren baliospenean (Onintza Enbeita); eta Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago? (Oihana Arana). Eguneko partaide guztien arteko mahai inguru batekin itxiko dute, ostetik, jarduna.

Biharamunean, berriz, Jesus Mari Irazuk libreko bertsogintzaz hitz egingo du eta gai jartzailetzaren inguruan ariko dira Alaia Martin eta Imanol Artola. Ondoren, bina hizlari ariko dira beste bi auziren inguruan: bata, egoera sozioekonomikoari kantatzen ote zaion, zeinari Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek helduko dioten; eta bestea, bertso eskoletan egiten den gaien eta ideologiaren gaineko lanketa, Oihane Perearen eta Beñat Gaztelumendiren eskutik.

Dagoeneko zabalik dago izena emateko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.