Bertsolaria ere izan zen Xabier Lete. Bertsolaritzari ekarpen garrantzitsua egin izana aitortu izan zaio, bai bertso jarriak musikatu eta zabaltzen, baita doinutegi aldetik ere,baina ikertu eta zehaztu gabe dago zein izan zen konkretuki haren ekarria.
Letek, eta Ez Dok Amairu kolektibo osoak, parte hartu zuen 1960ko hamarkadan mundu mailan sortu zen Kantagintza Berriaren mugimenduan. Belen Oronoz filologoak fenomeno hori aztertu zuen Gazteri berria, kantagintza berria (Erein, 2000) lanean, eta, azaldu duenez, mugimendu horrek «aldarrikapen soziopolitikoak bideratzen zituen, askatasun ahotsak», eta Euskal Herrian, Francoren diktadurapean, ezaugarri bereziak izan zituen. «Julen Lekuonaren hitzetan, lehengo euskal musika berria egin nahi zuten, errotuta egongo zena».
Nazioarteko eragin garaikideak jaso arren, halere, Ez Dok Amairuko kideek tradiziotik—bertsolaritzatik, esaterako— edan zutela argi ikusten du Oronozek. Gogora ekarri duenez, Letek berak idatzi zuen bertsolaritzak beregan eragina izan zuela «molde estilistiko» gisa; alegia, olerkiak egituratzean edota hizkera sinbolikoa baliatzean, erroa bertsolaritzan zuela. «Bertsolaritza poesiara ekarri zuela».
Abestitzak eta poema kantatuak (Elkar, 2006) liburuan, honako hau adierazi zuen Letek: «Bertsolaritzak, zerbait baldin badu, esaldien eta metaforen indar zehatza da. Bertsolariek ez dute hizkera lanbrotsu eta hermetikoa erabiltzen, ulergarria eta ahalik eta borobilena litzatekeen iruditeria baizik».
«Bertsolaritza poesiara ekarri zuen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu