Bertsolaritza ofizialki da ondare immaterialeko kultur ondasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak gaur onartu baitu izendapen hori jasotzen duen dekretua, Gobernu Kontseiluan, eta nabarmendu dute bertsolaritza dela, hain zuzen ere, hiru lurraldeetan izendapen hori jaso duen lehenbizikoa. Aitortza hori jasota, aurrerantzean Euskal Herri osoan izanen da bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun. Nafarroako Gobernuak 2018an izendatu zuen horrela, eta Frantziako Kultura Ministerioak 2022an gehitu zuen bere kultura immaterialen katalogora; aitortza Lapurdira, Nafarroa Beherera eta Zuberoara hedatuta hala. Zazpietan du babes hori jadanik.
Izan ere, izendapen horrek «babesaren bermea» dakar berarekin, batik bat, eta hainbat ezaugarri aitortzen zaizkio ondareari –kasu honetan, bertsolaritzari–. Esaterako, hau zehazten du Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretuak, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeari jarraikiz: «Kultura ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura ondaretzat onartzen dituztenak. Kultura ondare immaterial hori, komunitateek eta taldeek belaunaldiz belaunaldi helarazia, birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren elkarreraginez. Ematen die identitate eta jarraipen sentimendu bat, kultura aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena».
Babesari dagokionez, honako neurri hauek hartzea dakar izendapenak: komunikazio eta publizitate kanpainak bultzatzea, eta prestakuntza programak eta beste administrazio batzuekiko hitzarmenak abiaraztea.
Kostata, baina bai
Bertsozale Elkartearen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren izendapena «komunitate oso baten lanari esker lortu da», eta lan eskerga horren «errekonozimendua» da, beraz, aitortza. Notizia zabaltzearekin batera, urratsaren gaineko balorazioa egin dute Ainhoa Urien Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak eta Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko ikerkuntza arduradunak. Besteak beste, Gaztelumendik Unescok Kultura Ondare Immateriala babesteko 2003ko Konbentzioa onartu zuenekoa ekarri du gogora, eta nabarmendu horrek «bultzada» eman ziola aitorpen juridikoari.
«Pozgarria da bertsolaritza euskararen lurralde osoan izatea ondare immaterial izendatua. Aurrera begira, espero dugu hartuko diren erabakiak izatea izendapen honekin kontsekuenteak».
AINHOA URIENBertsozale Elkarteko Lehendakaritza taldeko kidea
Hala eta guztiz ere, ordutik Bertsozale Elkarteak parez pare izan dituen trabetako bat ekarri du gogora Gaztelumendik: administrazioen arteko saltoari loturikoa. Elkarteak banan-banan eskatu die bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasuna izendatzeko. Nafarroako Gobernuari 2017an egin zioten eskea, eta 2018an ailegatu zen erantzuna. Frantziako Gobernuari 2021ean eskatu zioten, eta urtebetera jaso zuten baiezkoa. Eta hain justu ere, epeei erreparatuta, Eusko Jaurlaritzarekin eginiko prozesua izan da luzeena azkenerako. 2020an egin zuten eskaera ofiziala, nahiz eta lehendik ere baziren harremanetan, eta orain erdietsi dute baiezkoa ematea.
Izendapenak eragindako «poza» nabarmendu du Urienek, besteak beste. «Pozgarria da euskararen lurralde osoan izatea ondare immaterial izendatua». Zehaztu du ez dela izan «besterik gabe etorritako zerbait», lan handia izan dela atzean, eta hemendik aurrerakoei erreparatu die, gainera. «Ondare immateriala bai, baina ez da mugiezina izango. Mugimendu oso bati egindako aitortza da, eta ondarea bera ere mugimenduan egongo da. Aurrera begira, espero dugu hartuko diren erabakiak kontsekuenteak izatea izendapen honekin».