Bertsolaria, «sortzaile eta produktu»

Txapelketen sistemak bertsokerak «ezabatzen» eta ereduak «homogeneizatzen» dituztela esan dute Ion Ansa eta Fredi Paia bertsolariek eta Oier Araolaza dantzariak, Bertsolamintza jardunaldien azken egunean egindako hitzaldietan.

gorka erostarbe leunda
Villabona
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ez da berria txapelketen inguruko kezka eta eztabaida bertsolaritzaren munduan. Aldian-aldian azaleratzen edo indarberritzen den kezka da, gehienetan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren ingurumarietan hartzen du oihartzunik handiena. Oraingoan ez da gertuko txapelketa baten beharrik izan eztabaida abiatzeko. Argia aldizkariko Larrun gehigarriak bertso txapelketari kritika egiten dioten hiru solaskide batu ditu zenbaki berrian: Ion Ansa eta Fredi Paia bertsolariak eta Oier Araolaza dantzaria aritu dira txapelketak auzitan jartzen. Nork beretik txapelketen aurkako pentsamendua garatu dutelako eta hirurek Bertsolamintza jardunaldietan xehatu dutelako euren jarrera batu zituen Larrun-ek. Hirurak mintzatu ziren atzo Villabonan (Gipuzkoa) Bertsolamintza jardunaldien azken egunean.

Ion Ansaren (Oiartzun, Gipuzkoa, 1977) ustetan, bertsokerak egiten du bertsolaria. Bertsolaria bertsolari bada, bere bertsokerarengatik da. Bertsokerak egiten du desberdin bertsolari bat bestearengandik. Ordea, «bertsolaritza egun antolatzen duen sistemak» bertsolari on eta txarren arteko bereizketa egiten du. «Iritsi gara elite eta ez elitearen arteko banaketa insano batera. Ikuspegi artistiko batetik inongo zentzurik ez duena». On eta txarraren arteko bereizketak bertsokerak eta autoretzak «ezabatu» egiten ditu, Ansaren ustetan. Bertsolaritzaren sistema antolatuak txapelketak eta merkatua nabarmentzen ditu, Ansaren iritzian: «Txapelketetan sormen artistikoa baino gehiago beste faktore batzuk hartzen dira kontuan. Eta kirol lehiaketa batetik gertuago jartzen da bertsolaritza».

Merkatua txapelketarekin elkar eragin zuzena duen elementua da, Ansaren hitzetan: «Merkatuan saldu eta erosi egiten dira bertsolariak, eta sistema horren barruan kudeatzen den merkatu horrek mantentzen ditu bertsolari on eta txarren arteko bereizketak. Ondorioz, bertsolariak produktu bihurtzen gara. Produktu gisa izan dezakegun arrakastaren baloreak ez dira hainbeste sormenari eta bertsokerari lotuak. Horiek ere bai, baina horiez gain, txapelketaren emaitzak, gantxo komertziala eta beste faktore batzuk hartzen dira kontuan».

Zer da ondo?

Oier Araolazak (Elgoibar, 1972) dantzaren munduan bizi izandakotik egiten du txapelketaren kritika. Txapelketa bat antolatzen den unetik beretik «sistema bat onartzen da», Araolazaren aburuz: «Sistema horrek baldintzatuko du gure jarduera guztia. Sistema horrek mundua ikusteko modu ordinal bat dauka oinarrian. Hau da, errealitate artistiko eta kulturala hierarkikoki antolatu daiteke. Badago gauzak ondoen egiteko modu bat eta badago ez hain ondo eta oker egiteko modu bat ere». Txapelketaren ebaluazioa egiterakoan galdera bat egiten du Araolazak. Ba al dago ondo absoluturik? «Beste arte adierazpide batzutan erabat gauza absurdua irudituko litzaigukeena onartu egiten dugu. Alegia, ez dugu egiten margolarien txapelketa bat. Ez ditugu Da Vinciren, Michelangeloren edota Velazquezen obrak puntuatzen». Araolazaren hitzetan, «ondo hori eredu bihurtzen du txapelketak». «Txapelketak ereduak ezartzen ditu eta gure errealitate osora barreiatzen dira. Izugarrizko erraztasuna dauka ereduak homogeneizatzeko».

Fredi Paia (Algorta, Bizkaia, 1981) bertsolariaren hitzetan, txapelketak helburu «propagandistiko jakin batekin» sortu ziren aurreko mendeko 30eko hamarkadan. Orduz geroztik «inertziak» bultzatuta sortu izan dira txapelketak, eta unean-unean «zer beharko litzatekeen gogoeta egin eta erabaki» beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.