Aspaldi ez dela, herrikide batekin egin zuen topo Gregorio Larrañaga Mañukorta-k (Markina-Xemein, Bizkaia, 1943), eta bertsolariak, umorez, esan zion Xabier Amuriza ari zela Mañukorta baserrian jaiotako bertsolariari buruzko liburu bat prestatzen. Harritu egin zen solaskidea albistea jakindakoan. Eta Mañukortak erantsi: «Horixe izango duk Amurizak orain arte egin duen libururik onena».
Xabier Amurizak (Etxano, Bizkaia, 1941) ez daki Mañukorta bertsonajea (Bizkaiko Bertsolari Elkartea) bere libururik onena ote den, baina ziur dago gehien irakurriko dena izango dela. Mañukorta bertsolaria baino gehiago delako: «Edozein lekutan, gehienek Mañukorta entzun dute, eta bertsolaritzaren zirkuituan, entzun baino gehiago: bertsolaritzak eman duen pertsonarik ezagunenetarikoa da». Eta, horrez gainera, gertaturiko edo asmaturiko pasadizo askoren protagonista, telebistan sarri agertutakoa eta atzean imitatzaile andana utzi duena. Euskal iruditerian leku bat lortu du Mañukortak. Bertsolaria da, eta pertsonaia. Edo bertsonajea, Amurizak dioen legez.
Ikuspegi horretatik, tradizio luzea duen baina egun hain ohikoa ez den bertsolari mota eta bertsogintza molde baten ordezkaritzat ere har daiteke Mañukorta: plazako bertsolaria, herrian sustraiturikoa, umoretsua, baserritarraren jakintzaz jantzia. Desberdintasunak desberdintasun, Txirrita eta Lazkao Txiki ere aipatu zituen Amurizak atzo liburuaren aurkezpenean. Baina argi utzi nahi izan du Mañukorta bakarra dagoela munduan: «Bere burua, pentsaera, arrazoitzeko modua bezalakorik ez da existitzen; bera baino ez dago». Esan duenez, elkarrizketak egin aurretik horretaz zuen «intuizioa» erabat gainditu du Mañukortaren etorriak.
Txinparta
Mañukortari egindako elkarrizketek osatzen dute liburuaren atal nagusia. «Luze» jardun du Amurizak harekin, haren bizitzaz, mundu ikuskeraz, bertsogintzaz, telebistaz, Euskal Herriaz eta beste hainbat kontuz. Den-denak, ateraldi jakingarriz ederto hornituak, Mañukortak ohi duen txinpartarekin atonduak.
Mañukortaren zuzeneko testigantzez gain, besterik ere agertzen da liburuan. Bertsolariaren ekarpena ere bildu nahi izan dute, eta, alde batetik, Mañukortak gogoan dituen hainbat bertso eta kopla jaso dituzte; bakar batzuk beste zenbait bertsolariri entzundakoak, baina gehien-gehienak Mañukortak berak paratutakoak; eta, beste aldetik, Xenpelar dokumentazio zentrotik zein beste hainbat iturritatik hartutako bertsoak ere ageri dira, Mañukortak txapelketa, saio, eta abarretan ondutakoak, haren bertso moldearen erakusgarri.
Liburuaren azken atalean bertsozaleen ikuspegia jaso dute. Mañukorta ondo baino hobeto ezagutzen duten herrikideek, eta Markinako Amallo eta Larruskain auzoetako bizilagunek euren testigantza eman dute; eta giro urbanoko bertsozaleen adierazgarri, Algortako bertso eskolaren inguruan ibilitako lagunen esanak ere agertzen dira.
«Amuriza handiak nire gauza txikiak ipini dizkit liburu batean», esan du Mañukortak, eta pozik agertu da hori dela-eta liburuaren aurkezpen ekitaldian. Bertsolaritzak poz handiak eman dizkio. «Jende artean bertsoak kantatu, txiste batzuk kontatu, umorea eta giro ona» gogokoizan ditu beti. Eta horretan jarraitzen du: «Batzuetan, autoan gustura joaten naiz bertsoak egiten, trankil-trankil, eta atzetik burrunba entzuten dut, ehun metroko auto ilara egin delako».
Bertsolaria eta pertsonaia, biak batera
'Mañukorta bertsonajea' liburua atondu du Xabier Amurizak.Mañukortari egindako elkarrizketa luzeek osatzen dute atal nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu