Bertsolari Txapelketa Nagusia. Jexux Larrañaga. Bertsolari txapelketen inguruko tesiaren egilea

«Bertsolari txapelketa gizartearen ispilu bilakatu da»

Bertsolaria eta gizartea pentsamendu prozesuetan parean daudela dio Larrañagak bere tesian, garai bateko haustura gaindituta; puntu horretara, baina, iraganeko kontzientzia eta tradizioari esker ailegatu direla dio.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Bertsozale amorratu izaten hasi, eta aditu bihurtu. Duela lau urteko txapelketaz galdetuta, begiek dir-dir egiten diote, eta irribarrea marrazten zaio aurpegian Jexux Larrañagari. Izan ere, hura txapelketa antologiko bat izan zela dio, inoiz errepikatuko ez dena. Gertutik aztertu zuen lehia hura, Jolas sakona: txapelketaren prozesu errituala eta bertsolariaren arrazoi sortzailea XXI. mendeko agoran tesia egiteko abiapuntu izan baitzuen. Une honetan jokoan den Bertsolari Txapelketa Nagusiari ere kasu egiten dio, baina «gozatzeko bakarrik». Atzo, Mintzolak munduko kantu inprobisatuaren inguruan antolatutako jardunaldietan txapelketei buruzko hitzaldia eman zuen Larrañagak.

Azken urte hauetan bertsolaritza eta txapelketak errotik aldatu dira. Nola iritsi gara honaino?

Tradizioa eraberritzen bilakaera bat izan da, eta oso ondo asmatu dute tradizioa gaurko gizartean txertatzen. Txapelketari esker, bertsolariek eta gizarteak gogoeta prozesu bat egiten dute gizarte gaien inguruan, eta, gaur egun, pentsamendu prozesu horietan parean daude bertsolaria, entzulea eta gizartea.

Oso atzeratuta ere egon zen txapelketa, 60ko hamarkadan, esaterako. Bi mundu zeuden, eta gaur egun haustura hori gaindituta dago. Gaiak gizartearen ispilu dira, eta txapelketa bera ere gu guztion ispilu bilakatu da. Hori, baina, katearen maila bat baizik ez da. Ez da gertakari bakan bat, aurretik izandako beste katebegien, aurreko kontzientzia eta tradizioaren balioen gainean eraikia dago. Txapelketa berri bakoitzak ezagutza hori biltzen du, eta berria eransten dio. Maialen Lujanbiok esan bezala, matrioxkaren egitura dauka txapelketak, geroz eta oparoagoa dena, geruza mailak irabaziz doana.

Bertsolariaren figura ere sakon ikertu duzu. Nor da gaurko bertsolaria?

Nik esango nuke bertsolaria herritik sortzen dela, eta herriak egituratzen duela. Ez da figura estetiko soila, tradizio baten barruan dago. Bertsolariak herria sentitu egiten du, eta herri horretatik elikatzen du bere gogoa.

Generoari erreparatuz gero ere, figura maskulinoa izan da duela gutxira arte bertsolaria, eta aldaketa iritsi da, emakumeak igo baitira oholtzara. Lujanbio dugu aldaketa horren ordezkari, batik bat, 2009an txapela jantzi zuenetik. Baina ordezkaritza hori ez du betetzen emakumezkoa delako, gu guztion ordezkaria ere bada-eta, eta, nolabait, Lujanbiorekin identifikatzen gara, neska nahiz mutila izan, generoaren gainetik.

Txapelketa jolas paradoxikoa dela diozu. Zertan datza paradoxa hori?

1985ean Joseba Zulaikak Bertsolarien jokoa eta jolasa idatzi zuen, eta hitz egin zuen paradoxa hartaz. Txapelketa jokoa izanda, bestea gainditzeak eta irabazteak behar luke izan garrantzitsuena, baina ez da. Horrek erakusten digu txapelketa jokotik haratago dagoela, testuinguru zabalago batean koka litekeela, kulturaren esparru zabalago batean. Txapelketa helburu kulturalen barruan kokatzeko esparru bat ematen du jolasak, hain zuzen ere.

Andoni Egañak 2009ko txapelketan, hain justu, txapela oholtzan lehiatuko zuela esan zuen, baina nahiago zuela berriz ez jantzi. Bere buruaren gainetik balio kolektibo bat lehenetsi zuen, txapelaren eta txapelketaren balio hori funtzio kulturalaren barruan jarriz. Jokoa eta jolasa aldi berean gertatzen diren bi errealitate dira, elkarren osagarri direnak, paradoxikoki. Jolasak zabaldu eta aberastu egiten du jokoaren esparru hori, eta ahalbidetzen du lehia funtzio kulturalaren barruan kokatu ahal izatea eta helburu zabalago batzuei begira jartzea: euskalgintza, herri izaera....

Txapelketak, hain justu, identitatea eraikitzen duela idatzi duzu tesian.

Hala da, identitate ekoizpena presente dago txapelketetan, izan ere, euskal kultura eta izaera kulturala enbortzeko ekintza performatibo ahaltsua da, identitate bat sortzeko testuinguru ezin aproposagoa. Hor badago baita ere transmisio bat, aurretik bildutako balio kultural bat. Belaunaldiz belaunaldi transferituz doan zerbait da.

Horrexegatik hitz egiten dut nik komunitateaz, eta ez entzuleriaz. Entzulea baino zerbait gehiago dago, komunitate emozional bat da. Txapelketak sentimendu komunitario bat, eta kontzientzia bat sortzen du.

Komunitatea, ordea, geroz eta askotarikoa izanda, ez ote da arriskuan jartzen txapelketaren identitatea eraikitzeko funtzio hori?

Nik esango nuke aniztasunak, oraingoz behintzat, aberastasuna ekarri duela. Azken urteetako ezaugarrietako bat, hain zuzen ere, adin, profil, eta ideologia askotako jendea biltzeko gaitasuna izan da. Horretarako, beharrezkoa da parte hartze prozesuetan irekitasun bat egotea. Hori hala izan ez balitz, tradizioak jota hilda egongo litzateke bertsolaritza.

Orain jokoan den txapelketari kasu egiten ari al zara?

Bai, baina plazeragatik bakarrik. Aurrekoak tesia egiteko norabidea eman zidan, eta uste dut zorte handia izan nuela, 2009koa txapelketa antologikoa izan baitzen. Uste dut halakorik ez dela inoiz errepikatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.