BERTSOLARITZA. Bosgarren urtez, Bertsolamintza jardunaldiak antolatu ditu Mintzola Ahozko Lantegiak, bertsogintzari hainbat ertzetatik begiratu eta horien inguruan gogoeta egiteko. Gaur izango da lehen saioa, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Sustrai Colina eta Amaia Agirre ariko dira solasean. Politikoki zuzena denaren eta transgresioaren arteko talka izango du hizpide Colinak, eta saio-formatuen inertziak, berriz, Agirrek.
Ekainaren 1era bitarte, beste lau saio egingo dituzte. Hala, hilaren 16an, Senpereko (Lapurdi) Larraldea etxean, Amets Arzallusek Zeri kantatzen diogu eta zeri kantatu nahiko genioke? Zein da gaur egungo errealitatea? mintzaldia egingo du; eta Miren Artetxek, berriz, hizkuntza ideologiak bertsolaritzan izango ditu hizpide. Hilaren 22an, Bilboko Bira kultur gunean, Bertsolari gazteek zer berri gaiaren inguruan hitz egingo dute Joanes Illarregik, Jokin Bergarak eta Maider Arregik. 23an, Maite Berriozabal eta Xabier Aierdik hitzaldi bana emango dute Gasteizko Amaia zentroan. Feminismoa eta bertsogintza, gai-jartzailearen talaiatik izango du hizpide Berriozabalek, eta Nola sortzen da bertsogintzari buruzko iritzi publikoa? gaia izango du abiapuntu Aierdik. Azkenik, ekainaren 1ean, ondorioak ateratzeko saioa egingo dute goiz osoz Amasa-Villabonan
Saio guztiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa da aurretik izena ematea.
Bertsolamintza jardunaldiak gaur hasiko dira, Iruñean
Ekainaren 1era bitarte, Senperen, Bilbon, Gasteizen eta Villabona-Amasan saio bana egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu