Bertsogintza fikziotik

Bertsolaritzari buruz gaur egun idatzitako hamar ipuin eta poema narratibo bat bildu ditu 'Bertsolari' aldizkariak bere 128. zenbakian. XIX. eta XX. mendeetako piezak ere jaso ditu agerkariak

5. Oihana Arana. IÑIGO URIZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bertsolaritzaren gaineko testu ugari aurki daitezke nonahi; prentsan zein liburuetan. Kontatu izan da, gainera, bertsolaritza fikziotik —Joan Antonio Mogelen Peru Abarka (1880, Beti-bat); Alfonso Maria Zabalaren Gabon gau bat Euskal-Erriko baserri batean (1889, Euskal-Erria); Txomin Agirreren Iru Erezi (1898, Euskalzale) eta Garoa (1907, RIEV); Pedro Mari Otañoren Auntza larrera (1903, La Baskonia)...—. Bistan da, ordea, XIX. mendera edo XX. mende hasierara zuzendu beharko litzatekeela soa horrelakorik aurkitu nahi izanez gero; harrez geroztik ezer gutxi idatzi baita bertsolaritzaz fikziotik.

«Urteak dira bertsolaritza eta bertsolariaren figura ipuinetatik, eleberrietatik edota poemetatik desagertu zela». Hala dio Bertsolari aldizkariko zuzendari Antxoka Agirrek. Bada, horien «itzulera moduko bat» osatu dute aldizkariaren 128. zenbakirako. Hala izendatu dute: Bertsolaritzaz fikzionatzen.

Lehengokoak eta gaurkoak

Bi ataletan banatu dute aldizkaria. Batetik, XIX. eta XX. mendeetako hamazazpi pieza labur erreskatatu dituzte. «Guztiak ere horitu samarrak», zehaztu du Agirrek. «Horrekin erakutsi nahi genuen izan dela bertsolaritzari buruz fikzioa egin duen idazlerik». Orduko argazkiak ere jarri dituzte horien ondoan; testuen osagarri gisara. 1973ko testu bat da bildu dutenetan berriena; Bernardo Atxagaren Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak.

Bigarren atalean, berriz, aldizkariak berak gaur egungo idazleei okasiorako propio eskatutako testuak bildu dituzte, Paula Heras ilustratzailearen marrazkiez lagunduta. Egile hauenak dira testuok: Joxean Agirre, Oihana Arana, Bertol Arrieta, Itxaro Borda, Unai Elorriaga, Martin eta Xabier Etxeberria, Julen Gabiria, Miren Gorrotxategi, Miren Agur Meabe, Juan Luis Zabala eta Iban Zaldua.

Egile horien hamar ipuin eta poema narratibo bat —Miren Agur Meaberena— jaso dituzte, denera, aldizkarian. Denak dira enkarguz eskatuak, Zabalarena salbu. Agirre: «Berak jada idatzia zuen bertsolaritza eta zientzia fikzioa uztartzen dituen pieza luzea, eta ez zitzaigun zentzuzkoa iruditu testu berri bat eginaraztea. Horregatik du bereak nabarmen orrialde gehiago, gainerakoei eskatu geniena ipuin labur bana izan baitzen».

Agirrek kontatu du «erraza» izan zela egileekin egindako elkarlan hori aurrera eramatea. «Proposamena egin genienean, askok esan zigun arrazoi genuela; alegia, gaur egun apenas zegoela bertsolaritzari buruzko fikziozko testurik». Hortaz, pozarren heldu zioten Bertsolari aldizkariak egindako proposamenari: «Luzaroan esan izan da euskal idazle askok ez ziola sinpatia handirik bertsolaritzari. Guk ez dugu horren arrastorik topatu, abegikor erantzun diote idazle guztiek gure deiari, eta hamaikako dotorea osatu dugulakoan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.