Bertsoen erritmoan dantzan

2012ko ikuskizuna oinarri hartuta, 'Errimak bi oinetan' estreinatuko du bihar Haatikek

Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan ikuskizunaren pasarte bat. BERRIA.
Miren Garate.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bertso saio batek publikoari eskaintzen diona sentiaraztea zuen helburu Errimak oinetan ikuskizunak, baina bertsolarien ordez dantzariak jarrita; alegia, bozgorailuetatik entzuten zituzten bertsoak dantzatuz entzuleengana iristeko erronka zuten dantzariek. Badira zazpi urte Haatikek ikuskizun hura estreinatu zuela. «Emanaldiak asko markatu gintuen», dio Aiert Beobidek, zuzendarietako batek (Unai Elizasu da bestea). Eta, «ziklo bat ixteko gogoak bultzatuta», bigarren emanaldia prestatu dute. Bihar estreinatuko dute Errimak bi oinetan, Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxean, 20:00etan.

Haatiken aurrenekoa izan zen dantza eta bertsoa uztartzen zituen lan hura, dantza konpainia artean sortu berria baitzen. «Berehala konturatu ginen asmatu genuela formatu sinple horrekin edo egiteko moduarekin. Kaleko arteak asko indartu dira, eta proposamen asko daude orain, baina orduan ez zeuden jai giroan edo formatu ezberdinetan egin zitezkeen hainbeste lan». Herriz herri asko ibili ziren lehen bi urteetan, eta gerora ere denbora askoan jarraitu zuten tantaka-tantaka eskaerak jasotzen. Ordea, konpainiak bere bideari jarraitu dio; adibidez, dantza garaikidera jo du, kanpoko koreografoekin lan egin du, eta kalean ere aritu da. «Bageneukan hasierara itzultzeko gogoa. Denbora generaman berriz egin behar genuela esaten eta esaten, eta, azkenean, momentua iritsi da».

Aurrekoaren formatu beradu, baina gai, bertso eta dantza berriek erabat ezberdin egiten dute Errimak bi oinetan. Ikusleak sentituko du bertso saio batera joan dela. «Aurrekoan zen gehiago bertso saio bat, festetako bertso saio bat edo antzeko formatu bat; oraingoan, berriz, bertso saioak egiteko dauden modu ezberdinetara ere joan gara, eta txapelketan gertatzen diren gauzak, bertso afari batean gertatzen direnak, koplak eta abar ere erakutsiko ditugu».

Gai jartzaileak izango duen rola da beste berrikuntzetako bat. Irudikatu egin zuten aurrekoan, off-eko ahots baten bidez. «Saroi Jauregik jarri zuen ahotsa, eta oso errealista geratu zen, jendeak berehala identifikatzen zuelako». Unai Elizasu ikuskizunaren zuzendaria eta gai jartzailea bera egongo da saio guztietan oraingoan. «Horrek bestelako freskura eta mugikortasuna emango dizkio emanaldiari». Beobideren esanetan, interesgarria da saioetan guztia itxita ez egotea, eta uste du gai jartzailea oholtzan egoteak jokoa emango duela, dantzariak pixka bat xaxatzeko joera ere izango duelako.

Emanaldirako propio prestatutakoak dira dantzariek dantzatu beharreko bertsoetako gehienak; beste batzuk, berriz, aurrez ere musikatuta zeuden. «Iruditzen zitzaigun bertso horiek berrerabiltzeko modu polita zela, eta guri ere dantzatzeko eta bidaia ezberdinak egiteko aukera ematen zigutela». Besteak beste, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Uxue Alberdi eta Odei Barrosoren bertsoak entzungo dira. «Koadernoan idatzita genuen beste gauzetako bat zen garai bateko bertsolarien bertso ezagun eta indartsu horiek ere ekarri behar genituela, eta gehitu ditugu emanaldira. Modu maitekorrean gerturatuko gara bertsolari historiko horiengana». Bixente Martinezek musikatu ditu bertsoak emanaldirako, eta Maddalen Arzallusek,Thierry Biscaryk eta Aitor Mendiluzek kantatu dituzte.

Bost dantzari egongo dira oholtzan emanaldi guztietan, eta elkarlanean ondu dute koreografia. «Talde osoa egon da inplikatuta; izan ere, garrantzitsua iruditzen zitzaigun sorkuntzarako gaitasun hori erakustea, bakoitzak gai bakoitza bakoitzaren estilora eramateko».

Tokira egokitzen den lana

Zuzendariak nabarmendu du Errimak bi oinetan erraz egokitzen dela edozein espaziora. Areto batean izango da estreinaldia, baina frontoi batean edo kaleko agertoki batean ere berdin-berdin egin daiteke. Ikusleak oholtza sinple bat ikusiko du: bost aulki, mahai bat —bertso afaria irudikatu behar denean—, mikrofono bat eta gauza askoz gehiagorik ez. «Horrek ez du esan nahi ez dagoela zainduta».

Sinpletasun horren bidez, bertso, doinu eta mugimendu bakoitzak protagonismo handiagoa hartzea nahi dute. Halaber, sinpletasun zaindu bat izango dute jantziek. «Bertsolari bakoitzak bere estilo dauka, eta gu ere gure estiloan joango gara, kaletar oinarria duen estilo batean. Gure taldearen izaera markatzen du estilo horrek. Gaur egun, garrantzitsua da irudia, eta osagai garrantzitsuenetako bat dira jantziak».

Lehenaren arrakastak bigarrenarena ere bermatzen ez duen arren, orduan baino lasaiago daude, Beobidek kontatu duenez. «Gure eskemetatik ateratzen ziren gauza asko egiten genituen, baina jendeak berehala ulertu zuen zer ari zen ikusten eta gertatzen, bertsozalea ez izanda ere, jendeak ezagutzen duelako bertso saioen formatua». Euskaraz ez zekien jendea ere izan dute emanaldietan. «Bertsoari beste lengoaia bat gehitzen zaio, gorputzaren lengoaia unibertsala, eta musikari, mugimenduari eta antzerkiari lotutako proposamena ere bada. Protagonistarekin enpatia izatea oso erraza da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.