Finalaren «gozotik eta gazitik» edaten ari da Julio Soto (Gorriti, Nafarroa, 1987), Nafarroako txapela laugarrenez jantzi berritan. Bere burua «indartsu» sumatu zuen larunbateko saioaren lehen erdian, eta «lotuago» bigarren zatian. Finaleko saioko tentsioak eta biharamuneko nekeak «askatzen» ari da.
Nola sumatu zenuen zeure burua finaleko saioan?
Bi fase sentitu nituen barruan. Esango nuke erdira arte gustura aritu nintzela, eta erditik aurrera, batez ere azken herenean, nekatuta nengoela. Lehenengo bakarkakora arte, ongi aritu nintzen; nahiko argi eta nahiko indartsu nenbilela sentitu nuen lehen hiru ofizioetan eta puntu erantzunetan. Gero, lehenengo bakarkakoan ez nuen gozatu, lehen bertsoan batez ere; ez nuen gozatu, eta ez nuen ona kantatu. Buruz burukoan nekatuago sumatzen nuen neure burua, eta dezente indar txikiagoarekin. Horrek eraman ninduen aldrebeskeria batzuk egitera, edo behintzat bertsoak osatzeko eta betetzeko unean narratsago aritzera. Baina lehenengo bertsoak eta azkenak berdin balio dute.
Zer sentsazio gorde duzu saiotik?
Buruz burukoko kartzelako gaiari erantzuteko hartu nuen bideak ez dit sentsazio oso gozoa utzi. Azken gaia zen gainera, eta, askotan, egin duzun azkeneko hori geratzen zaizu buruan. Ari naiz ni ere ariketa egin nahian neure buruarekin, dena ez zela hori izan. Bakarkako horretan, neure buruarekin ez nintzen batere konforme gelditu, eta hartutako bidearekin ere ez, baina beste gauza batzuekin bai. Orain, gazitik eta gozotik edaten ari naiz. Finalarekin ez naiz beteta gelditu, gozotik eta gazitik izan duelako egin nuenak. Hori da nik sentitzen dudana; kanpotik ez dakit zer ikusiko zen... Baina zer ikasi dezente atera dut larunbatekoarekin. Ea praktikan jartzen dudan ikasteko atera dudan hori.
Laugarren aldiz jantzi duzu Nafarroako txapela. Aurrekoekin alderatuta, nola jaso duzu azken hau?
Txapel bat beti da garai berri batean lortutako zerbait; ez dituzu egun berean lortzen lau txapel. Txapela bera ez dut ezberdin jaso, txapelketa izan da ezberdina. Orain bi urtekoa oso berezia izan zen, eta aurtengoa zen orain bi urteko txapelketa berezi haren ondorengo txapelketa. Ikusten nuen txapelketa hau izango zela aurrekoaren eta hurrengoaren arteko lokarri bat. Ez zait txapelketa batere erraza egin, eta ez diot finalagatik; finaleko saioa izan da beharbada bertsotan gehien gozatu dudana, batez ere lehen erdira arte. Oro har, txapelketa eta aurreko hilabeteak ez zaizkit oso errazak egin, nentorren tokitik nentorrelako, eta aurreko txapelketa oso berezia izan zelako. Banekien txapelketa hau pasatu beharreko harri bat zela, pasatu beharreko proba bat zela. Gauza batzuetan, pozik geratu naiz harria pasatzeko moduarekin, eta, beste batzuetan, estropezu egin dut. Aurreko txapelketa eta hurrengoa lotuko dituen lokarri bat izan da niretzat; pertsonalki pasatu beharreko proba moduko bat. Txapeletik baino gehiago, txapelketatik jaso dudan sentsazio bat da hori.
Zure izena esan zuteneko unea nola oroitzen duzu?
Ez neukan garbi zeinen izena esango zuten, Enekorena [Lazkoz] edo nirea. Belarriak prest neuzkan Julio entzuteko edo Eneko entzuteko. Enekoren izena esan izan balute ere poz izugarria hartuko nukeen, lagun oso ona eta oso berezia delako. Gauza asko konpartitu ditugu, baita azken urteetan ere. Asko hitz egin dugu, eta gauza askori buruz. Ez bertso eskolan bakarrik; otordu askoren bueltan elkartu gara. Horregatik izan zen buruz buruko berezia laguntasunari dagokionez, duela bi urtekoa berezia izan zen moduan.
Norbere izena esaten dutenean, poza sentitzen duzu, baina ez txapelagatik. Une horretan, agian txapelak emango dizu poza, baina niri orain arte poz handiagoa eman dit txapela lortzeko moduak. Orain bi urte, poza horrek eman zidan, txapelera iristeko moduak. Aurten agian ez, batez ere bukaerako arantzatxo hori geratu zaidalako. Baina zure izena esaten dutenean emozio asko sortzen zaizkizu barruan, emozio berriak sortzen zaizkizu beti; eta horrekin pozik nago.
Zortzikote moduan, nola moldatu zineten?
Asmatu genuen taldea sortzen. Oholtzara igo aurretik hitz egin genuen, eta baita aurreko asteleheneko prentsaurrekoan eta bazkarian ere. Denok esaten genuen txapelketa ez zela nahi genuen bezain argia izaten ari, eta finala ona izan zedin taldea sortu behar genuela. Zortzion artean talde giroa sortu behar genuela, eta elkarri lagundu, eta uste dut asmatu genuela horretan. Hasi aurretik kartzelan geundenean, gero eta taldeago ginela sentitzen genuen. Uste dut pozik egoteko moduan gaudela, humanoki asmatu genuelako pixka bat elkarri laguntzen eta elkar josten.
Nola ikusten zen oholtzatik Anaitasunako giroa?
Oso polita zegoen prestatuta; oso bildua zen, jendea oso hurbil geneukan. Gainera, arratsaldea aurrera joan ahala jendea gero eta beroago zegoen, gero eta txalo gehiago jotzen. Bertsotan egiteko plaza ederra zen, eta ez zegoen aitzakiarik bertsotan ongi egiteko. Zerbaitetan asmatu ez bagenuen gure gain hartzen dugu zama hori. Asteburua bera ere berezia zen: goizeko Baionako ekitaldia, igandeko Korrikako festa... Jendeari ere sumatzen zitzaion bazela zerbait berezia asteburu horretan. Jendea gogotsu zegoen, bertso gosez, eta gu ahalegindu ginen gose hori asetzen.
Luzia Goñi oholtzara igo eta txapela jantzi zuen unean lehertu zen giroa…
Poz handia eman zidan, bi gauzagatik. Batetik, Luzia Goñi oholtzara igotzen, bere adinarekin, eta nolako estutua eman zidan, eta nolako poza zeukan... Denoi eman zigun zer pentsatua adin horretako pertsona bat horrela ikusteak. Nire amonarekin gogoratu nintzen. Hura ere hamaika sufritutakoa izan zen, eta oso pertsona umoretsua zen, oso indartsua. Askotan jartzen dut arreta harengan. Luziak ere horixe transmititu zidan, eta poza sentitu nuen alde horretatik. Eta, bestetik, ordezkatzen edo irudikatzen zuen horregatik. Ez bakarrik isilarazitako bertsolari edo sortzaile emakumezkoen ahots hori entzunarazi zuelako, oro har gordean eta hankapean egon den emakumearen figura hori indartzen eta oholtzara igotzen zuelako. Gainera, finalean ez zen bertsolari emakumerik. Gauza asko ordezkatzen zituen irudi bat izan zen gai jartzailea [Alaitz Rekondo] emakumea izatea, eta txapela jartzen zuena emakumea izatea. Ez bakarrik emakumea zelako; adin horretako emakume sortzaile bat zelako, bere bertsoak plazaraatera ez zirena. Ordezkatzen zuen horren guztiaren irudi bat izanzen. Horregatik guztiarengatik izan zen niretzat halako poz handia.
Nola ospatu zenuen finala?
Afaria egiten dugu normalean bertsolari, bertsozale eta lagunen artean. Afaltzera ezin izan nintzen joan, baina afalostean agertu nintzen. Giro ederra zegoen, guztiak bildu ginen, eta elkarrekin ospatu genuen eguna.
Igandean, Korrikako amaierako ekitaldian kantatu zenuen…
Berezia izan zen ekitaldia. Bezperako emozio zaku hori gainean neukala joan nintzen. Sarasate pasealekuko oholtzara igo nintzen, eta horrenbeste jende ikusi nuen... Ez zen bukaera ikusten, eta bertso bat kantatu nuen, eta berriz ere emozioa. Txapelketa biharamun oso berezia izan da aurtengoa, eta oso emozionantea.
Laugarrenez jantzi duzu Nafarroako Txapela, eta beste behin kantatuko duzu Euskal Herriko Txapelketa Nagusian. Zer egin nahi zenuke hor?
Oraindik ez naiz Txapelketa Nagusiari begira jarri. Jarri beharko dut, baina larunbatekoarekin ari naiz oraindik. Nahiko karga dauka txapelketa batek; Nafarroako Txapelketa prestatzeak eta bertan kantatzeak nahiko karga dauka berez, eta nire indar guztia eta arreta guztia honetan jarrita neukan. Nafarroako Txapelketarako egindako lanak eta egindako bideak jakina balioko didala udazkenerako, baina oraindik ez naiz horri begira jarri. Ez dut espektatiba berezirik, eta ez dut zer egin nahi berezirik; bertsotan ongi egin nahi dut. Batez ere, egin nahi ditudan gauzak egitetik larunbatean baino gertuago egon nahi nuke. Bidean beste geldialdi bat izango da Txapelketa Nagusia. Ilusioz hartuko dut, eta ahalik eta goxoena prestatuko dut, eta ea behintzat nahi dudana egitetik gertuago nagoen. Ahalik eta kontzienteena kantatu nahi dut, eta egin nahi dudanetik ahalik eta hurbilena egon. Jakinda egun bakarra izateak bere arriskua duela, eta zaila izaten dela aurrera egitea. Txapelketa beti da zaila, eta ez dakizu sekula nola erantzungo duzun.
Egin nahi duzunetik ahalik eta hurbilena egon nahi duzula esan duzu. Zer da Julio Sotok bertsotan egin nahi duen hori?
Ez daukat erantzun berezirik… Nahiko nuke bertsotan ongi egin. Gaiek ere baldintzatzen zaituzte dezente, baina bertsoak ahalik eta osoenak eta egiazkoenak izan daitezen nahi dut. Norberak ere ez du beti argi izaten zer den egin nahi duena. Nik behintzat argi dut zer ez dudan egin nahi. Larunbatean egin nahi ez nuen zerbait egin nuen bezala, hemendik aurrera ere jarraitu nahi dut bertsotan ongi egiten ahalegintzen. Sortzailea beti dago bere buruarekin borrokan, eta bat-batean ari zarenean estutasun horrek bide narratsago batera eramaten zaitu askotan, edo nahi ez zenukeen zerbait egitera eta nahi ez zenukeen zerbait esatera. Hori gertatzen da inprobisatzen ari zarelako, eta askotan mingaina burua baino azkarrago joaten delako. Hori da nahi ez nukeena behintzat Txapelketa Nagusian gertatzea. Zer egin nahi dudan? Nik ere ez dut argi.
Julio Soto. Nafarroako bertsolari txapelduna
«Bertsoak ahalik eta osoenak eta egiazkoenak izatea nahi dut»
Aurreko txapelketaren eta hurrengoaren arteko «lokarria» izan da Julio Sotorentzat aurtengoa. Finalean egindakotik «zer ikasia» jaso du Nafarroako txapeldunak, eta horri eutsi nahi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu