«Kanturako ez zenean ere, lanerako izan zen». Aitor Sarasuak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1967) bertsolaritzari egin dion «izugarrizko ekarpena» erakusten dute Iñaki Muruaren hitz horiek. Aitor Sarasuak bizia eman baitzion bertsoari: kantuan, ahal izan zuen bitartean; isilpeko lanean, gaitzak plazarako aukerak murriztu zizkionean. Eritasun luze baten ondoren, atzo hil zen Sarasua, Itsasun (Lapurdi). Etxean egingo diote beila, eta etzi ehortziko dute, Itsasun, 11:00etan.
Sarasua anaien artean hirugarrena zen Aitor. 7 urte betetzerako hasi zen bertsotan. Jon Sarasua anaiarekin grabatua utzi zuen Fauna txiki bat bertso berritan diskoa, 1995ean. Hamarkada horren bukaeran utzi zion plazetan kantatzeari, baina bertsolaritzan eragiletza handitu zuen handik aurrera. Ipar Euskal Herrian arnasa berria eman zion bertsolaritzari, hezkuntzan eta elkartean eraginez. Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakari izandakoari berarekin lan estuan aritzea egokitu zitzaion. «Pertsona bizia, adar jolea, ironia bikainekoa, argia...»; hala gogoratu du Sarasua: «Asko eman diona bertsoari, nola Hegoaldean, hala Iparraldean». Senideei eta lagunei «bukaera kontzientea eta hunkigarria» emanda joan da.
HILBERRIA. Aitor Sarasua
Bertsoa bizi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu