Okasiua hara jendiak
nola gerta litekian
hobea degu gerratan baino
bizi umore onian.
Zenbait bezela ez naiz izaten
fondetan eta kafian
gerran gosiak baino nahigo det
nahikua janez pakian.
Xabier Amuriza
Arrazoi logikoa litzateke: Gerran nahikua janez baino nahigo det gosiak pakian. Ba, ez! Haren buru bitxiak okerrak alde batera eta onak bestera bildu ditu. Baliteke puntua beste erara ezin moldatuz jardun izana ere (proba ezazu zeuk). Eta begira nolako ebidentzia irten zaion!Nik andregai bat banuen eta
esan biar det zein ere
mantal txuriya jantzitzen zuen
ta ibiltzen zan dotore
amaika bider eskatu nion
etziran eman beñere
geroztik iru aur izan ditu
Parisen dabil iñure.
Juan Garzia
Bertso solteetatik, hauxe, irudimena orobat solte uzten duena: andregai irudizkoa «zein» izan zen esateko mehatxu-imintzioa; «mantal txuriya» jantzita, hemen, «dotore ibiltzen zan» > «inure dabil Parisen»; «hamaika bider eskatu» eta «beñere eman» gabeko hori zer ote zehazki: «mantal txuriya»?; eskatu gabe (besteri) emandako «iru aur» bat-batekoak («mantal txuriya» artean ere txuri?); kontuak kontu: 11tik 0 / «geroztik» 3 (+ inude gisa kontu egin beharreko haurren kopurua); jario naturala (eta errima-usadio jatorra, oraingo arbeltsolari askok pototzat leukakeen hori barne).Mutill zar eta neska zar asko
gelditu giñaden, baña
gure partiak eta geiago
badago zeñek egiña,
sortzen ditugun labore-puskak
aisa kastatzeko diña;
ogei pezeta anea artua,
lau duro t'erdi iriña,
berrogeitaño iritxiko zan
danak ezkondu bagiña.
Amets Arzallus
Polita da bertsoa, «mutilzaharraren bentajak» irribarre zorrotzez kontatzen ditu. «Semiak gerran ez hiltzearren mutilzahar gelditu nintzan» gogorarazten dit, baina logika ekonomikoan. Bertso eskolan zabaltzeko bezalaxe balio du ekonomia klase baterako, merkatuko prezioen gorabeherak esplikatzeko.Utzi dituzu leku zabalak
utzi dituzu mendiak
utzi dituzu Espainiako
anai ta lagun haundiak:
zuri begira tristetu zaizkit
alai neuzkien begiak.
Hoik nola diran bide luzean
korritzen duten zubiak
oraindik hanbat gerta liteke
juntatutzea gu biak.
Koldo Izagirre
1898, urtarrilak 26, Otañoren despedida Pasaiako kaian. Hasiera erretorikoak urregorria dakar ondotik: «bide luzean korritzen duten zubiak». Begiez ari ote da? Ez noski. Kai trasatlantikoan gaude, baforeetan ari dira sartzen joaileak... Ameriketaraino korritzen duten hoitan. Poeta naif baten tximistazoa.Edade ortan gona motxakin,
ori da orren modua;
zazpi errial kosta omen zaio
afaitatzia burua,
atze aldeko ille guziya
bizar-labanaz kendua,
orain bistara azaldu zaigu
len gordian egondua,
garai onian abiyatu da
engañatzera mundua!
Maialen Lujanbio
Bere garaiko herri-bizitzaren, mentalitatearen, harreman-moduen eta gizarte aldaketen berri ematen du Txirritak bere bertsoetan. Esateko modu berdingabe ederrekin eman ere. Neskazar gazte haren erantzuna ezagutu ezina, horixe pena…Aberats askok pagatzen zuen,
soldadu juan zenbait pobre,
legi ori jarri ez bazan ere
arlotiarentzat obe;
atzenerako estranjerua
egin zan islaren jabe,
len ere Kuba saldu ziteken
oinbeste gizon ill gabe.
Anjel Mari Peñagarikano
Bertso zoragarria da. Inoiz Espainiarena izan behar ez zuen lurralde bat defenditzen hil zirenak ekartzen ditu gogora. Gerraren erabateko absurdukeria laburbiltzen du. Aspaldiko bertsoa den arren, gaurko gerrei buruz ere berdin-berdin balio du.Gure munduko bizi-modua
guziyentzat da laburra,
griña gaiztuak tiratzen gaitu,
ortatik dator makurra;
leku askotan ikusi oi da
lapur guardiyan lapurra;
animaliya ere igual
katua eta zakurra:
berak asko nai t'ezin sufritu
bestek daraman apurra.