Kalean da azken hamarkadetan bertso eskolek izandako bilakaera eta eragina aztertzen dituen lan akademikoa: Bertso eskolak. Basque Improvisational Poetry Schools. Xabier Irujok, Larraitz Ariznabarretak eta Iñaki Arrietak koordinatuta, Renon (AEB) egoitza duen Nevadako Unibertsitateko Center For Basque Studiesek argitaratu du. Zenbait bertsolariren ekarpenen bidez aztertzen dute gaia: Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Jone Uria, Maialen Lujanbio eta Julio Sotorenak bildu dituzte. Ingelesez eman dute, eta beste ikerketa batzuetarako abiapuntu izatea nahi lukete.
Bertsolaritzari buruzko sail berri bat abiatzeko eta haren inguruan kongresu bat egiteko asmoz, 2018an Renoko Euskal Liburutegiko buru Iñaki Arrietarekin bildu zen Xabier Irujo, zentroko zuzendaria, berak azaldu duenez. Zehazki zer gai landu erabakitzeko, harremanetan jarri ziren Artetxe, Lujanbio, Iguaran eta Jone Miren Hernandezekin. «Eta guztion artean pentsatu genuen aztertzeko gai egokia izango zela Euskal Herrian emakumeen eskubideen aldeko borroka bertsolaritzan nola gauzatu den, nola sartu den emakumearen ahotsa bertsolaritzan».
Lehen kongresu hartan, 900 lagun bildu ziren bertsolariak entzutera. Argitalpen bat ere eman zuen bilkurak: Female Improvisational Poetry. Hala, segituan jarri ziren lanean bigarrena antolatzeko. «Pentsatu genuen bertso eskolak zirela, kongresu hartan askok aipatu zuten bezala, emakumeari ateak ireki zizkion instituzioa, eta horri buruz hitz egingo genuela». 2020ko apirilean ziren egitekoak, lehena bezala Nevadako Elko herrian, baina osasun krisiak eragotzi zien. Aurtengo apirilean egin zuten azkenean, Renon, eta han aurkeztu zuten liburua. Irujo: «Esango nuke aztertu ditugula bertso eskolak, ez bakarrik ikuspegi nazional batetik edo euskararen egoeraren ikuspegitik, baizik eta instituzio sozial baten ikuspegitik; hau da, bertso eskolek zer eman duten bertsolaritzan, baina baita sozialki ere zer esanahi duen —iaz Iruñean ikusi bezala— 15.000 pertsona biltzeak literatur lehiaketa batean».
Haragoko ekarpena
Pandemiak kongresua atzerarazi bazien ere, egileek abian zituzten lanak jorratzeko eta liburuan biltzeko aukera ere eman ziela azaldu du Arrietak. «Horrek tresna indartsu bat eman digu bai Euskal Herrian sintesi moduko bat izateko, eta baita ingelesez egiten den literatura akademikoari ekarpen bat egiteko ere. Ez bakarrik bertsolaritzari dagokionez beharbada, ekarpen interesgarria izan daiteke beste tradizio batzuentzat, bertsolaritzaren esperientzia oinarri hartuta horiek nola bultza daitezkeen ikusteko».
Hiru editoreen sarreraren ondotik, Iguaran, Uria, Artetxe, Soto eta Lujanbioren testuak dakartza liburuak. Beñat Krolem sortzaileak ere idatzi du berea, inprobisazioak artean duen lekuaz. Larraitz Ariznabarretak landutakoa dator jarraian, zeinak instituzionalizazioan jarri duen fokua: «Nire interesa egon da ikustean bertsogintzako instituzionalizazioa zertan eman den. Eta erakutsi nahi izan dut, batetik, bertso eskolek nola islatzen duten Euskal Herrian azken urteetan beste maila batzuetan gertatu den instituzionalizazio hori; eta bestetik, bertso eskolek zer eragin sakon eduki duten instituzionalizazio horretan». Amaitzeko, 2018an Artetxeri eta Lujanbiori egindako elkarrizketa bat ere jaso dute liburuan.
1970-1980ko urteetan sortu ziren bertso eskolak, euskal kulturaren eta euskararen biziberritze mugimendu zabalago baten baitan, Artetxek gogora ekarri duenez. «Bertso eskolek etengabe uztartzen dituzte esperimentazioa, sistematizazioa, horren gaineko hausnarketa eta dibulgazioa. Eta ikerketak ere badu hortik». Ikerketan, bertso jardunean zein bertsolaritzaren irakaskuntzan, aste barruko nahiz asteburuko «inertziek» eramateko arriskua izaten da, bertsolari eta ikertzailearen hitzetan. «Horrelako ekimen batek behartzen gaitu gelditu, hausnartu eta egiten ari garen horren gaineko begirada bat izatera». Alde horretatik, eskertu egin du begirada hori bertso eskolei eskaintzea. «Espero dut liburu hau ikerketa berrien abiapuntu izatea».
Liburua eskura dago Renoko ikergunearen webgunean.