BERTSOLARITZA. Bertsozaleek egutegian urtero gorriz markatu ohi duten data izaten da Bertso Egunekoa, eta iristear den urtekoa prestatzen dabil jada Bertsozale Elkartea. Azaroan iragarri zuen moduan, urtarrilaren 28an egingo dute, Azpeitian (Gipuzkoa). Atzo jarri zituzten salgai egun horretako ekitaldi guztietarako sarrerak.
Egun osoko plana antolatzen ari dira. 11:30ean elkartu, eta kalez kaleko poteoarekin eta libreko bertso saio irekiekin hasiko da eguna. 14:30ean, bertso bazkariak egingo dituzte Azpeitiko zenbait elkartetan —Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo—, eta, gustu guztiak ase nahian, mota desberdinetako saioak izango dira bakoitzean: librekoak, gaiekin osatutakoak eta musikatuak. Arratsaldean ere poteoa izango da, eta 21:00etan afaria, Elikagunean. Afalostean, bertso ekitaldia egingo dute leku berean.
Bertso bazkarietarako, afarirako eta gaueko saiorako sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.
Bertsolari ugari arituko dira kantuan egun horretan. Elkarteetako bertso bazkarietan, Jone Uria, Sustrai Colina, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo izango dira. Eta afalostean, berriz, Eñaut Martikorena, Maialen Lujanbio, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi, Sarai Robles, Aissa Intxausti, Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi ariko dira kantuan.
Bertso Egunerako sarrerak salgai daude dagoeneko
Urtarrilaren 28an, larunbatez, bertso bazkariak, afaria eta afalosteko bertso saioa egingo dituzte Azpeitian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu