BERTSO JARRIAK

Bertso berriak, belaunaldi haustura bati jarriak

Abadiñon jaio zen (Bizkaia) 1996an. Eskolarteko txapelketetan hasi zuen bidea bertsolaritzan, eta azkeneko urteetan behin baino gehiagotan parte hartu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketan: 2014an, 2016an eta 2018an. Azken bietan finalean sartu da.

Aitor Bizkarra.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun

1.

Bi mila eta hogeigarrena

zer urtea oroitzeko...

Estigma zaharrak atera dira

urrats berri bakoitzeko.

Asmorik ez dut piztu suari

egur gehiago gehitzeko,

baina, gertatzen ari denari

bere izenez deitzeko,

bertso berriak jartzera noa

gustu duenak leitzeko.

2.

Zilborkerien buruzbidea

gogoaren zilbor-heste:

jaiominez den kimuarentzat

ari dira zigor eske.

Ahalkegarrizko jarraikera honen

aje bat, besteak beste.

Euskal Herrian argudioak

iraintzen badu hainbeste,

berandu gabe irainak eurak

argudio bihur daitezke.

3.

Esan digute soilik garela

militante alegiaz,

esan digute gu ez garela

euskaltzaleak egiaz,

egotzi zaigu umekeria

betiko aitakeriaz,

Txiolandiak eragindako

oldarraldien kariaz...

Batzuk nahi gabe ariko dira,

beste batzuk berariaz.

4.

Ideal baten araztasuna,

materiaren tolestura,

ezkonezina zirudiena

praxiak lotu ez du ba!

Oi, belaunaldi, belaunikatu

nahi ez dutenen eskura...

Oi, belaunaldi, aldi berean

lokailu eta haustura:

harramazketan neur liteke

eragin duzun azkura.

5.

Bizi gaituen garai lanbrotsu

hau hain da makurra ezen,

halabeharrez jalgi ginela

ahal zenik eta artezen.

Hautu bat egin genuelako

sartu ginen GKS-n,

moderniaren zimendu zaharrak

dardarka hasi zitezen:

saiatu denak frogatuko du

posible izan ote zen.

6.

Borrokarako molde berrien

ta zaharren azterketa,

errazkeria erreformisten

behin betiko bazterketa.

Galbahe baten modukoa da

gizaldien lasterketa.

Aieru baten eroale, gu,

joan goaz zangarteka,

gaurko urratsek letorkeenaren

ernemina dakarte ta!

Doinua: Uztailaren hemeretzia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.