Besteren artean, Bertrand Tavernier, François Dupeyron eta Roger Michell zinemagileak Donostiako 61. Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Hurrenez hurren, Quai d'Orsay, Mon âme par toi guérie eta Le week-end filmak aurkeztuko dituzte. Sail Ofizialeko lehiaketan izango dira, era berean, Fernando Eimbckeren Club Sandwich, Mariana Rondonen Pelo malo eta Jonathan Teplitzkiren The Railway Man. Horiek guztiek aurrez jakinarazitako Manuel Martin Cuencaren Caníbal, Denis Villeneuven Enemy, Fernando Francoren La herida eta David Truebaren Vivir con los ojos cerrados izango dituzte lehian. Datozen asteetan aurkeztuko dituzte Sail Ofizialean lehiatuko diren gainerako filmak. Alex de la Iglesiaren Las brujas de Zugarramurdi filmak ez du parte hartuko lehiaketan.
'Club Sandwich' (Fernando Eimbcke, Mexiko)
Fernando Eimbcke zinemagile mexikarraren hirugarren filma da. 2008an Berlinalen Epaimahaiaren saria eta Fipresci saria jaso zituen Lake Tahoe filmarekin. Club Sandwich filmean, Palomaren eta haren hamabost urteko seme Hectorren arteko harreman estua ezbaian jarriko du azken horrek Jazmin nerabea ezagutzeak. Hector maitasunaren eta sexuaren kilikak hartuko du, eta Palomak semea hazten ari dela eta lagun mina izateari utziko diola onartu beharko du.
'Mon âme par toi guérie' (François Dupeyron, Frantzia)
François Dupeyron frantziarrak orain dela hamalau urte lortu zuen Urrezko Maskorra C'est quoi la vie? filmarekin, eta 2008an Cannesko jaialdian Frantzia Zinema Kultura saria eman zioten. Mon âme par toi guérie filmeko protagonista, Fredi, ama zenak sendatzeko boterea transmititu diola ohartuko da. Hasieran dohain hori aintzakotzat hartuko ez badu ere, istripu baten harira ezinbestean onartu beharko du bere eskuek sendatzeko gaitasuna dutela.
'Pelo malo' (Mariana Rondon, Venezuela)
Mariana Rondon zinemagile eta artista plastikoaren hirugarren filma da. 2007an, izaera autobiografikoa duen Postales de Leningrado filmak Besarkada saria jaso zuen Latinoamerikako Zinemaren Miarritzeko Jaialdian. Pelo malo-k Junior ile aldrebesa duen 9 urteko mutiko baten istorioa kontatzen du. Juniorrek, eskolako argazkia ateratzeko, ilea lisatu nahi du, baina amak, 30 urteko alargunak, ez dio utziko. Aitaren aldeko semearen amonak haurrarekin behin betiko gelditzea proposatuko dio. Amak, baina, ezezkoa emango dio, eta semea «berriro hezten» saiatuko da. Juniorrek amarekin bizi nahi du, eta maitatzen duela amesten du.
'Quai d'Orsay' (Bertrand Tavernier, Frantzia)
Bertrand Tavernier Frantziako zinema garaikideko maisu handienetako bat da. 1996an, Donostiako Zinemaldian, Fipresci saria jaso zuen Capitaine Conan filmarekin, La vie et rien d'autre pelikulak lau Cesar sari eskuratu zituen, eta 1995ean L'appat-ek Urrezko Hartza lortu zuen Berlialen. Film berria Lanzac & Blain komikigileen izen bereko obraren egokitzapena da. Frantziako Atzerri ministro Alexandre Taillard de Vorms protagonista duen satira politikoa da. Kargudun garrantzitsuekin tratuak egiteko, tiroak aise botatzen dituztenak lasaitzeko eta Bakearen Nobel sarirako hautagaitza indartzeko beti prest dago. Besteak beste, Thierry Lhermitte, Raphael Personnaz, Niels Arestrup, Anais Demoustier, Julie Gayet, Josephine de La Baume eta Jane Birkin aktoreek parte hartu dute filmean.
'The Railway Man' (Jonathan Teplitzki, Erresuma Batua-Australia)
Colin Firth, Nicole Kidman, Jeremy Irvine eta Stellan Skarsgard aktoreak bildu dituen film hau egiazko istorio batean oinarrituta dago, txiki-txikitatik trenekin liluratuta zegoen Eric Lomax ofizial britainiarraren bizitzan. II. Mundu Gerran, japoniarrek harrapatu eta, Myanmar eta Thailandia arteko trenbidean lan egitera behartu zuten. Han, berak eta beraren kideek oso baldintza gogorretan bizi eta atzemaileen torturak jasan behar izan zituzten. Hamarkada batzuk geroago, haren emazte Patriziarekin Ingalaterrako iparraldera erretiratu eta trenekiko pasioan murgilduta dagoela, bere sufrimenduaren errudun izandako soldadu japoniarra oraindik bizirik dagoela jakingo du.
'Le week-end' (Roger Michell, Erresuma Batua)
Roger Michell zinemagileak Notting Hill eta Endure Love filmak zuzendu ditu, besteren artean. Le week-end pelikulak Nick eta Meg ditu protagonista, Britainia Handiko bi irakasle. Bikotea, eztei bidaia egin eta urte askora, Parisera bueltatuko da beren arteko harremana biziberritzeko. Jim Broadbent, Lindsay Duncan eta Jeff Goldblum aktoreek hartu dute parte, besteak beste.
Bertrand Tavernier, François Dupeyron eta Roger Michell, maskorrerako lehian
Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira Fernando Eimbcke, Mariana Rondon eta Jonathan Teplitzki ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu