Literatura

Bertol Arrietak ‘Diesel’ ipuin liburua plazaratu du

Elkarren antzik ez duten arren lotuta dauden zazpi narrazio bildu ditu idazleak hirugarren narrazio bilduman. Bizitzari eszeptiko begiratzen dioten pertsonaia batzuk jarri ditu kontakizunetan protagonista.

Bertol Arrieta idazlea, ipuin liburu berria eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Bertol Arrieta idazlea, ipuin liburu berria eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko apirilaren 28a
18:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Astelehen batez aurkeztu du Bertol Arrietak bere ipuin liburu berria. Eta ongi pentsatuz gero, ezin egun egokiagorik aukeratu, egilearen beraren hitzetan: «Izan ere, pertsonaia guztiak dira diesel samarrak; egunero astelehena balitz bezala begiratzen diete munduari eta bizitzari». Diesel izenburupean, elkarren antzik ez duten baina loturak dituzten zazpi narrazio bildu ditu idazleak, eta bizitzari eszeptiko begiratzen dion jende «arrunta» jarri du guztietan protagonista. Alberdaniarekin plazaratu du liburua.

Idazlea, gidoigilea eta zinemagilea da Arrieta, eta, beste literatur genero batzuetan ere aritu izan den arren —Gezurra berdaderoa nobela eman zuen 2021ean; Hodeien gaineko aldean albuma 2022an, Sandra Garaioarekin batera ondua; eta haur eta gazte literaturako hainbat lan ere publikatu ditu—, ipuin idazlea da batez ere, Aritz Galarraga editorearen esanetan: «Ez diot inori etiketa zurrunik ezarri nahi, baina iruditzen zait oso ondo moldatzen zaizkiola narrazio laburrak bai bere idazkerari, bai bere kontamoldeari, eta baita bere munduaren ikuskerari ere». Hirugarren ipuin liburua du Diesel.

Liburuak «aski ezberdinak» diren zazpi kontakizun biltzen baditu ere, guztiak zeharkatzen dituzten zenbait hari aurki daitezkeela uste du editoreak. Pertsonaietan antzeman du lehena eta argiena: «Ipuin guztietakoa jende arrunta da, aspirazio handirik gabea, nahiz eta gero gehienek jarraitzen dioten zerbaiti, helbururen bati, edo kezkatzen dituen gauzaren baten atzetik ari diren. Heroikeriarik gabeko pertsonak dira, egunerokoarekin borrokatzen direnak, beren ezinekin, beren buruekin, eguneroko su txikiekin». Horregatik, interesgarria iruditu zaio liburuari izenburua ematen dion diesel jendea-ren kontzeptua: «Nolabait, reprise handirik gabeko jendea da, baina behin martxa hartuta, ekin eta ekin, aurrera egiten duena».

Liburuaren aurkezpena prestatzeak ipuinei buruz gogoeta egitera behartu du idazlea, eta aitortu du hori ez duela ariketa gustukoena. «Intuizioari jarraika idatzi ditut ipuin hauek, teorizatu gabe edo neure buruari helburu bat jarri gabe». Edonola ere, gogoetak «hari batzuk» ikusarazi dizkio berari ere, eta pertsonaiak aipatu ditu lehenik, guztiak «diesel samarrak» direla berresteko. «Nik uste dut pertsonaia hauek bizitzera ohitu egin direla ezinbestean». 40-50 urte artean dituzte —«bizitzaren erdira iritsi dira, eta kontziente dira biniloaren B aldea entzuten ari direla»—, eta haien arteko harremanek «iragan handi bat» dute, baita arrakala ugari ere. «Dekadentziaren nolabaiteko erretratu bat egin nahi izan dut, non sexu harremanak ere inperfektuak diren, non heriotza ere oso presente dagoen, nahiz eta batzuetan begi ertzetik begiratzen dioten».

«Ipuinotan ez dago azelerazio handirik, ez tragedia handirik, ez txilin buelta handirik, ez bukaera borobil handirik, eta, noski, ez dago mezu moralizanterik»BERTOL ARRIETAIdazlea

Epaitu gabe agertu ditu guztiak; bizitzaren absurdoaren erdian, inperfektu. «Ipuinotan giza arimaz gutxien gustatzen zaizkigun gauzak agertzen dira: inbidia, jeloskortasuna, mendeku nahia, bizi ezina, erruduntasun sentipena... Baina, era berean, pertsonaia horiek beren inperfekzio horiekin maitatzeko modukoak izan daitezkeela erakutsi nahi da; inperfekzioaren edertasuna erakusten saiatu naiz. Eta horrekin batera, bizitzaren kaosa, ziurgabetasuna, absurdoa erakutsi nahi izan dut, bizitza zentzugabe eta irrazionala agerian jarri nahi izan dut».

Eta pertsonaiak bezala, ipuinak ere «diesel samarrak» direla iritzi dio egileak. «Ez dago azelerazio handirik, ez dago tragedia handirik, ez txilin buelta handirik, ez bukaera borobil handirik, eta, noski, ez dago mezu moralizanterik». Horregatik, irudi geometriko bat ez baizik «ertzez betetako hodei bat» bezala irudikatzen ditu.

Kontatzeko moduan ere bada konexiorik, zeina, Galarragaren iritzian, «su artifizial handirik gabea» den, eta «bare, lasai» egiten duen aurrera. «Prosa leun bat da, ustez laua, baina txinpartaz betea, hau da, azalean gauza askorik pasatzen ez dela dirudien arren, azpi-korronte indartsuek zeharkatzen dituzte ipuinok».

Eta halere, «bitalistak»

Gaiek ere lotzen dituzte ipuin guztiak, bai egilearen eta bai editorearen hitzetan. Galarraga: «Gaitzat bizitza bera daukate ipuinek, eta bizitzeko ezintasuna, edo heriotza, eta heriotzaren absurdoa; eta gai horietaz hitz egiteko haur baten urtebetetze festa bat erabili dezake autoreak, edo gaixorik dagoen lagun batekin izandako enkontru bat, edo eskola garaiko harreman gatazkatsu bat...». Kulpa, heriotza, adiskidetasuna, nostalgia, harremanak, mina, bakardadea eta beste aipatu ditu Arrietak, eta pozik hartu du halere editoreak ipuinetan «nolabaiteko kutsu bitalista bat» sumatu izana.

Bi arrazoi egon litezke horretarako. Batetik, egileak umorea erabili izana —«batzuetan umore ironikoa, besteetan sarkastikoa, eta dezentetan umore surrealista samarra»—. Eta, bestetik, «artea oso presente» egotea. Ugariak dira zinemaren munduko erreferentziak, kasurako; Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarraren omenez idatzi du ipuinetako bat, eta 2022an hil zen Iñigo Salaberria bideo artista eta lagunari eskaini dio beste bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.